NOV. 08 2025 - 00:00h Orduaren ordez, begirada aldatu Stefano Maggiolo matematikari italiarraren mapa. (WIKIMEDIA) Gorka Zozaia Kimikaria Gorputza oraindik ere ordutegi berrira egokitu gabe, arratsak ilundu zaizkigu eta neguko zikloari ongi etorria egin berri diogu, gau beltzean. Oraingoan, eztabaidaren erdian heldu da ordutegi aldaketa, lantzean behin bisitatzen gaituzten kometak bezala, hausnarketa errekurrentea baita. Lau urtean behin berrikusten den zuzentarauak ezartzen ditu orduak Europan, eta gutxi gorabehera, kadentzia horrekin ekarri dut gaia lerrootara. Lehenik, 2014an, “Hogeita hiru orduko egunak” artikuluan. Orduan, irudira ekarri dudan mapa izan nuen mintzagai, non Stefano Maggiolo matematikari italiarrak europarren zati handi batekook pairatzen dugun “jet lag soziala” irudikatzen duen. Alegia, Europan, eta munduan oro har, eguzkiarekiko “atzeratuta” bizi gara herritar andana, mapan kolore gorriz (edo gris ilunez) irudikatzen dena. Bost urte geroago, Covid-19 sortu baina lehentxeago, bazirudien azken ordu aldaketa izango zela 2019ko martxokoa, baina 2021era atzeratu zen azkenean erabakia, neguko ala udako ordutegiarekin, zeinekin gelditu eztabaidagai. “Eguzkia nahi dut iratzargailu” izenburupean, hirugarren bidea proposatu nuen orduan; neguan argi ordu gutxiago bada, lan egin dezagun gutxiago! Jakin badakigu pandemiak kontu horiek guztiak atzeratu zituela, eta berriz ere sortu da eztabaida orain, parametro antzekoetan: adituek neguko ordutegia jotzen dute egokien, baina herritarrek udako ordutegia nahiago dute, aisia argitan luzatzeko. Ikusteke dago noiz eta nola ebatziko den kontua, eta bide batez, zein joera politikori erantzungo zaion. 1942. urtean, Alemania naziarekin lerrokatzea bilatu zuen Francok. Bere heriotzatik mende erdira, naziak gure trenak erosi edo gure sateliteak aireratzen dituztenak direnean, norekin lerrokatu nahi dugu? Momentuz, eta defektuz, AEBetan dugu jarria begirada. New Yorken esperantza piztu arren, lantzean behin Teslaren bat sutan ikusi arren, egia Donostiako auzo batera erreduzitu duen aroa indarrez nagusitzen ari da. Egunotan 3I/Atlas izarrarteko kometarekin gertatu dena zinez ilustragarria da. Gero eta begi gehiago eta hobeak ditugu espaziora begira eta, hala, 2017an aurkitu zen lehen aldiz Eguzki Sistematik kanpo sorturiko kometa bat, 1I/Oumuamua, eta 2019an bigarrena, 2I/Borisov delakoa. Lehen hartan, Harvardeko zientzialari (?) galdu batek espazio-ontzi alienigena bat izan zitekeela iradoki zuen, eta barregarria zen, baina orain, hedabide askok olatua egiten diote eta beldurra zabaltzen aritu dira, auto elektrikoak egiten dituen eta taxia eskatzen duen enpresari ezaguna bera barne! Tamalgarria da sareetan ikusten dena. Stephen Hawking aipatzen dute, honako hau esan zuelako: «Zibilizazio alienigena batek topatzen bagaitu, Colonek Amerika topatu zuenekoaren moduko egoera izango da, bertakoentzat oso ondo joan ez zena». Paradoxikoa da, soka horretakoak oso Colon-zaleak baitira, ezta? Txantxa dirudi, baina begirada aldatzen ez badugu, ordua atzeratu ordez, mende oso bat egingo dugu atzera... Winter is coming! •