GAUR8

Gaur, poza


Badakit futbola aparteko aberri bat dela, hor agintzen duten arauak eurotan neurtzen direla eta emaitzetan bakarrik kabitu.

Badakit Benjamin Netanyahuri ez diotela azkurarik ere sortuko gaur Bilbon piztuko diren oihuek eta puztuko diren bihotzek.

Badakit mundua pattal dagoela eta lehenagotik ere askok bizitza eta beste askok bizitzaren parte handia galdu dutela hori hobetu nahian.

Badakit, partidak partida eta selekzioak selekzio, bihar mundua ez dela gaur baino bizigarriagoa izango.

Baina batzuetan beharrezkoa da inozoa izatea, herri txikien taupadarekin hunkitzea eta arratsalde batez sikiera, mundua hobea izan daitekeela sinistea. Biziraupen kontua da.

Palestina besarkatzeko eguna izango da gaur. Baina, bide batez, uste dut Euskal Herriak bere burua ere besarkatuko duela. Lo kuluxkan dagoen herri bat esnatuko dela sinistu nahi dut. Palestinaren zaurietan gureak ere begitandu daitezke. Bi herri txiki libre izateko amets eternoan. Zapalduak azkar identifikatzen ditu zapalduaren begiak eta hor sortzen den elkartasunak biei ematen die arnasa.

Poza ematen dit -agian ez dut asko behar- euskal selekzioaren kamisetak ugari saltzen ari direla jakiteak; inguruan adin guztietako euskal herritarrak partidarako plana egiten sumatzeak; su txiki bat piztu dela konturatzeak. Uste dut behar ditugula pozteko motiboak. Haserretzeko eta kezkatzeko motiboak berez pilatzen zaizkigu egunerokoan. Batzuk bizitzak sartzen dizkigu poltsikoetan; beste batzuk albistegietatik jaurtitzen dizkigute egunero.

Irudikatzen dut San Mames taupada bizian eta amesten dut hor badela lehengaia herri bat eraikitzeko. Gaur, poza. Ez zaigu gaizki etorriko biharko penak kudeatzen segitzeko.

Hortaz, utzi poz poxi eta inuzente bat sentitzen milaka herritar elkartuko direlako gaur oihu bakarraren bueltan. Desadostasunen herrian, ez da gutxi. •