NOV. 15 2025 - 00:00h Mende erdi Ia egunero ikusten zaitut zure harrizko tronutik. (Andoni CANELLADA | FOKU) Beñat Gaztelumendi Bertsolaria Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina ia egunero ikusten zaitut zu, zure harrizko tronutik Donostiari begira, putreek nekatutako aziendari nola, beti goitik, beti harrizko, atezuan beti, Urgull gainetik. Betiko egina zara, baina olatuak gose dira zure azpian, Pasealeku Berrira egiten dute jauzi marea bizitan, harria jan eta jan ari dira, oinpean daukazun lurra irentsi nahiko balute bezala. Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina diktadura bat bai, nire zokorik baitakoenetan. Errepidean amari berdezko gizonek altoa ematen ziotenean negar egiteko eskatzen zigun, egiteko garrasi, hasteko antsika, haien tinpanoak lehertzeko bezain ahots zorrotzez egiteko oihu. Eta orain kontrolen bat parean sumatu orduko garrasi haiek eztarria eta erraiak urratzen dizkidate. Orduko ikarak estutzen dizkit hesteak. Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina ikara bat jaso nuen herentzian. Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina amonak postu bat zeukan San Martingo merkatuan. Eta haur elebakarra zela hizkuntza erantzi behar izan zuen babarrunek beren soinekoa nola. Aleka aleka erantzi zituen hitzak, eta aleka aleka ikasi zituen “queguapaestas”-ak eta “quetal”-ak. Bere hizkuntzak ez zuela zerrientzako janari-hondakinek baino gehiago balio ikasi zuen amonak belaunburuak urratzen zituen garaietan; ondo zegoela animalia eta landareekin aritzeko, baina gauza inportanteak, hil ala biziko kontuak, gazteleraz esan behar direla. Eta konplexu hura azaltzen zait bizkarrezurrean, “noteentiendo” entzun eta burua makurtuta hizkuntza mudatzen dudan aldiro. Lagunei eta nire buruari euskaraz, baina Gizarte Segurantzari eta poliziari gazteleraz egiten zaio hemen. Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina hizkuntza anputatu bat daukat mihi-puntan. Nik ez nuen diktadorerik ezagutu, baina hortxe zaude, zelatari, bele beltzak kableetan egoten diren bezala. Hizki larrizko historia bat irakatsi ziguten eskolan, baina ez ziguten sabela estutzen diguten korapiloez hitzik egin. Behin batean diktadore bat izan zela, besterik ez; ohean hil zela, geroztik mundua bestelakoa balitz bezala. Gauari egunak darraion naturaltasunez igaro ginela diktaduratik demokraziara. Mende erdi, erdi mende eta erdi libre. Azokan amonak mostradore-azpian edukitzen ninduen udako oporretan, kutxetan eserita, inork ez ikusteko moduan. Bezeroren bat iritsitakoan isilik egoteko eskatzen zigun, “jende dotorea” zetorrela, “jende handia”. Gu ez bezalakoak, alegia. Eta hizkuntzaz aldatzen zuenean ahotsa ere mudatu egiten zitzaiola iruditzen zitzaidan niri, sabeletik beharrean eztarritik hitz egingo balu bezala. Eta sabeletik eztarrirako zentimetro horiek dira zure harrizko irribarrea betikotzen dutenak. •