GAUR8

Ane Elordi, Korrika Atharratzetik abiatzeak duen balio sinbolikoaz

Aurreko ostiralean NAIZ Irratiko ‘Haria’ saioan izan zen Ane Elordi, datorren urtean ospatuko den Korrikaren xehetasunak aletzen. Egun bat lehenago jakin genuen Atharratzetik abiatuko dela ibilbidea, esanahi berezia duen aukeraketa.

This browser does not support the video element.


Datorren urtean ospatuko da Korrikaren 24. ekitaldia, eta antolakuntzako kideek aurreko astean jakinarazi zituzten lehen xehetasunak: ibilbidea, leloa eta bideoklipa aurkeztu zituzten, adibidez. Ibilbideari dagokionez, martxoaren 19an Atharratzen abiatu eta 29an Bilbon amaituko dela jakin genuen.

Aurkezpenaren biharamunean, NAIZ Irratiko estudioetan izan zen Ane Elordi Korrikako koordinatzailea, ‘Haria’ saioan xehetasun guztien berri ematen. 'Euskara gara' leloarekin zer aldarrikatu nahi duten, Errigora elkarteari egingo dioten omenaldia, euskararen ofizialtasunaren –eta oraindik ofiziala ez den eremuen– inguruko eztabaida mahaigaineratzeko beharra... hainbat gai izan zituen hizpide Elordik.

Adibidez, Atharratze Korrikaren abiapuntutzat aukeratzeak duen balio sinbolikoa nabarmendu zuen koordinatzaileak, horretarako datu argigarri batzuk aipatuz: «1985etik Atharratzek ez du Korrikarik ikusi. Hau da, laugarren Korrika bertatik abiatu zen eta, ordutik, ez bagara bertatik abiatzen ez gara igarotzen, Euskal Herriak dituen ezaugarri geografikoak tarteko».

Gainera, euskararen egoera bereziki zaila da Zuberoako ingurune horretan, eta horrek are garrantzitsuago egiten du Korrika bezalako ekitaldi bat bertatik abiatzea.

Elkarrizketa osorik ikusi hemen.