NOV. 17 2025 - 00:00h Martin Scorsesek 83 urte bete ditu gaur eta ez du erretiroa hartzeko asmorik 83 urte bete ditu gaur Martin Scorsesek eta New Yorkeko Little Italy-n zinemarekin maitemindu zen haur asmatiko haren pasioa bizirik mantentzen du. 2026an filme berri bat grabatzeari ekingo dion bitartean –orain gutxi iragarri du–, sare sozialetan ezusteko izarra bihurtu da, alaba Francescari esker. 2023ko Montclair zinema jaialdian. (Neil Grabowsky | WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Zuzendari, gidoilari, aktorea eta ekoizlea izan da 50 urtetan Martin Scorsese, agian egun bizirik dauden zinemagileen artean handienetarikoa. New Yorken jaio zen 1942ko azaroaren 17an; beraz, gaur 83 urte bete ditu. Baina ez du erretiroa hartu, sormenaren susperraldi garai batean murgilduta baitago. Hemen adibide batzuk: Iragarri berri dutenez, eskuetan izan dituen hiru proiektuetatik azkenean bat aukeratu du: Peter Cameronen ‘What Happens at Night’ eleberrian oinarritutako filmea grabatzen hasiko baita 2026an. Fantasmen historia bat omen da eta Scorseseren eta Leonardo DiCaprioren arteko zazpigarren lankidetza izango da. Jennifer Lawrencek ametsa beteko du azkenean, Scorsese handiarekin lehen aldiz grabatuko duelako. Bien bitartean, sare sozialetako izar bihurtu da Scorsese, Francesca alabarekin batera Tik Token igotzen dituen bideo dibertigarriei esker. Bosgarren emaztearekin izan zuen alaba da Francesca Scorsese (24 urte) eta zinemari buruz mintzatzen da aitarekin sareetan, aitaren urratsak jarraitzen ari delako. Bera ere zuzendaria da. Eta Scorseseren filme ikonikoei eta bizitzari buruz gehiago jakin dezagun Apple TVn dago ikusgai ere Rebeca Millerrek egin dion telesail dokumentala. ‘The Departed’, ‘Taxi Driver’, ‘Goodfellas’ edo ‘Gangs of New York’ filme ikonikoen egilearen lagunak, lankideak, senitartekoak... merezi duen telesaila da, kritika ezin hobeak jaso ditu.