NOV. 22 2025 - 00:00h Hostoak kaleetan Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Azaroan udazkena iritsi da, kasik bat-batean. Zuhaitzen hostoek iragarri dute, gure buruetako ileen erorketarekin batera. Milioika hosto egunero gure kaleen gainetik dantzan eta bulebarren izkina desberdinetan pausatuz behin dantzaldia bukatutakoan. Ederra da ikuspegia hostoek berdeguneetan egiten dutenean lurreratzea, orban horixka eta gorrixkako alfonbrak zabalduz. Kaleen irudi betikotuan eragiten dute, aldi baterako berritasun elementua eskainiz. Urtaroen aldaketa igartzea oso garrantzitsua omen da gure gorputzentzat, eta hostoen erorketek momentuari irudi eta estetika ematen diete. Hostoak baino lehen, fruituak ere izan dira lurrean jasotzeko. Oparotasun une bat gure aurrean, hainbat fruitu hiritarren elikadura balioaz jabetuko bagina. Azaroko astelehen bat, goiz partean, bezerorik gabeko tabernaren kanpoaldean, tabernariak eskuko xurgatzailea du eskuetan. Etengailuan on jarri eta modu zaratatsuan hasi da tabernako ateen eta mahaien inguruan pilatu diren hostoak xurgatzen. Xurgatzaileari pistolaren antza hartzen zaio, molestatzen duena begi bistatik desagerrarazteko boterea ematen dio eskuari eta gizonari, kentzeko ekintzan plazera aurkitzen duena. Kaleetako hostoak, animaliak, pertsonak kanporatzeko ohitura hori. Astelehen goiz bat igarotzeko modua tabernariarentzat. Argitaratuko balira udazkeneko egunetan lorezaintzako langileek kaleetako hostoen garbiketan xahutzen duten denbora eta hostoen garbiketara bideratzen den dirua! Kaleak garbitzeko mandatua dute lorezainek. Udazkeneko irudi bat baino gehiago dira hostoak kaleetan. Hostoen pilaketa udazkena goxo igarotzeko hiriko animalia eta intsektu askoren bizilekua da. Hostoen pilaketek perfume natural berezia eskaintzen dute. Hostoak lurraren gainean erortzean ongarritze naturalaren prozesua egiten dute, berriztatze zikloaren onura guztiak aprobetxatuz. Balio handiko humusa baliabide naturala da, hirietako lurra ongarritzeko inbestitzen den diru eta denbora ordezkatzeko propio. Artisautza naturalak hostoak erabiltzen ditu ekoprinting, tindu edo eskulanetarako baliabide gisa. Utz diezaiogun zuhaitzen hostoei hondakin natural deitzeari, arren. Etorkizuneko agendetan zuhaitz kopurutan zehazten dute egin beharreko aldaketa. Zuhaitz landaketaren mandatua daukagu, oraindik zuhaitzekin egin beharreko bizikidetza ondo lortu gabe. Hosto bustien irristatzeko beldurrak alde batetik eta kaleetako garbizaletasun estetika-kirurgikoak bestetik ez dute laguntzen. Adostasun maila altua baldin badugu landaredia gehiago kaleetan izateak gizakion bizi kalitatean duen eragin positiboan, landarediarekiko eta animalia-erreinuarekiko bizikidetzan lan egin beharko dugu politikatik, hezkuntzatik, kulturatik. Hiririk aurreratuenetan hostoak kaleetan pausatzen dira udazkenean, ez dira erretiratuko arriskurik sortzen ez den lekuetan. Keinu adierazgarritzat jo daiteke bizikidetzaren, biodibertsitatearen eta ekologiaren izenean. •