NOV. 26 2025 - 14:16h Arnasetik bideo lehiaketak 205 lan jaso ditu, arnasgune diren udalerritako gazteek eginak Gazteek sortutako 205 lan jaso ditu Arnasetik bideo lehiaketaren azken edizioak. ‘Arnasa Gara’ proiektuaren barruan dago lehiaketa, euskararentzat arnasgune diren herriek duten garrantzia nabarmentzeko eta euskara biziberritzeko. Arnasetik lehiaketaren azken edizioa, irudian (IREKIA) GAUR8 ‘Arnasa Gara’ ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du aurten euskararen arnasgune diren zenbait udalerritako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Guztira, 205 lan jaso dira. UEMAk eta Lakuako eta Nafarroako Ekekutiboek sustatzen dute egitasmoa. Euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko, gogorarazi dute. Lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei eta arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago. Haien egitekoa izan da, bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, euskarari lotutako istorioak kontatzea, eskatutako erronkari erantzunez. Arnasetik adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da, eta kategoria bakoitzean, erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu dituzte gazteek. Horrela, LH 5 eta 6ko ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu dituzte. DBH 1 eta 2ko ikasleak arnasgune batean sartzeko ‘casting’ batera aurkeztu eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu dituzte, eta DBH 3 eta 4ko ikasleek, azkenik, haien herria uztekotan faltan zer botako luketen pentsatu behar zuten. 35 udalerri egon dira ordezkatuta aurtengo edizioan. Sari banaketa ostegunean izango da, azaroaren 27an, Leitzako Herri Aretoan, Maria Blancok eta Malen Altunak aurkeztuta, 18.00etan hasita. Amaieran luntxa eskainiko da. Bost sari Orotara, bost sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria izango du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua. Besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko ‘Goazen!’ eta ‘Irabazi Arte!’ telesailen produktuetan edo ikas-bidaian gastatzeko bonuak izango dira sariak. Gainera, Leitzako Udalak herriko lan bat saritu nahi izan du bosgarren sari bat eskainiz. Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Bada, Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta aitorpena adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.