GAUR8

Nire etxea


Nire agendako orrialdeak beren aukeren gainetik betetzen ari naiz azken asteotan. Horixe du urte amaierak: beti pilatzen, katramilatzen, gainjartzen dira konpromisoak, erruduntasunik gabe gorpuzten jarrai dezagun politikoki, linguistikoki eta kulturalki sortu dugun pertsonaia hau. Gure balkoia.

Nire burmuinak ahal duenaren gainetik aritu naiz azken asteotan, iritzi-testuak eta zutabeak idazten eta entregatzen. Ideien arrantzan, batzuetan, eta ideia horiek josteko hizkuntzaren zein bihurgune hartzea komeni ote zaidan erabakitzeko ezintasunean, beste zenbaitetan. Eskerrak tartean obulazio-aldia ere egokitu zaidan: umetokia ez ezik, ideiak ere ugalkorrago izan ohi ditugu hilekoa dugun pertsonok, ziklo menstrualaren egun horietan. Gure sukaldea.

Nire neuronek behar dutenaren azpitik lo egiten ari naiz azken asteotan, gure txikienak gauean titia uzteko saiakerak tarteko. Hasieran kontrakoa zirudien arren, ez dago konforme nire proposamenarekin, eta ametsetan ere etortzen zaizkio bere amatxoren esnea eta bularrak. Gure iturria.

Nire hunkiduraren mugen gainetik jartzen da beti literatura, neke kronikoa sentitzen dudan asteetan ere saiatzen bainaiz begiak eta bihotza goxatzen, eta irakurtzeko tarte bat hartzen; sendagai errezetagarria behar luke paper-sorta batek, sofa batean eta manta batek estalita. Gure leihoa.

Horrela leitu dut, aspaldi beste testuren batean ere jaso nuen zerbait, “Txillardegi hizkuntzalari” saiakeran: etxea hitzaren aldaera fonetikoa dudala izena, Itzea. Pentsatu dut iritsiko direla nire barruko gelak hobeto egurasteko egunak eta, bitartean, saiatuko naizela, nire balkoi, sukalde, iturri eta leiho, behar nautenen eta ditudanen etxe izaten. •