DEC. 01 2025 - 05:00h Duela 55 urte ETAk Eugen Beihl Alemaniako kontsula bahitu zuen Gaur 55 bete dira 1970eko abenduaren 1ean ETA V-eko talde batek Eugene Beihl, Alemania Federalaren ohorezko kontsula, bahitu zuenetik. Burgosko epaiketa hasi baino bi egun lehenago. 23 egunetako gatibu-aldiaren ostean Wiesbaden herrian askatu zuten. Beihl ETAk bahitu zuen lehen pertsona izan zen. Eugene Beihl kontsula, ETAk askatu ondoren. (NAIZ) GAUR8 Alemania Federalaren ohorezko kontsula eta Penintsulako iparraldean Alemaniako hainbat enpresa ordezkatzen zituen negozio-gizona zen Bugen Beihl Shaeffer (1911). 59 urte zituen eta Donostian bizi zen. Bere patua Burgosko auzipetuei lotuta egon zen, Ibai Hazparrenek gogora ekarri zuen legez, 1970eko abenduaren 3an hasiko zen epaikaren aurkako mobilizazioak eta presio diplomatikoa funtsezkoak izan zirelako Francok Burgosko Auziko auzipetuei heriotza-zigorra kommutatzeko, baina gertaera horren atzean beste ekintza bat zegoen, ez hain aipatua, baina garrantzi handikoa: Eugene Beihl Alemaniako Errepublika Federaleko kontsularen bahiketa. 1970eko abenduaren 1eko gauean, Burgosko epaiketa hasi baino bi egun lehenago, ETA erakundeko Juan Jose Etxabek gidatutako komando batek bahitu zuen kontsula. Beihl Donostiako Mirakontxa pasealekuan bizi zen eta Alde Zaharreko San Juan kalean egiten zuen lan. Etxetik lanera eta lanetik etxera autoz joaten zen beti. Komandoko bi kide etxebizitzako garajean itxaron zioten, beste batzuek guardia egiten zuten bitartean. Kontsula narkotizatu eta Bidasoaren ertzetara eraman zuten. Lotuta zuten txalupa askatu egin zen, eta Iñaki Egañak ‘El Proceso de Burgos. 50 años después’ liburuan azaltzen duen legez, inprobisatu egin behar izan zuten. Txalupa ez zen izan gainditu zuten eragozpen bakarra: Egañak berak dio Donibane Lohizuneko Jendarmeriaren kontrol bat ere libratu zutela eta, azkenean, kontsula Zuberoako Montori herrira eraman eta beste komando baten esku utzi zuten. 23 eguneko gabitu-aldiaren ostean, Beihl Alemaniako Wiesbaden herrian askatu zuten Eguberri egunean, baina ez ihes egiten saiatu gabe. Komandoko kideak afaltzen ari ziren bitartean, kontsulak pijaman ihes egitea lortu zuen eta etxe aurreko tabernarantz abiatu zen. Bezeroak jakinaren gainean jarri zituen, baina ez zuen espero zuen laguntza jaso, horiek bahitzaileei itzuli zietelako. Bahiketak iraun zuen bitartean, ETAk Anai Artea elkartea bozgorailu gisa erabili zuen. Elkarte horretan zeuden Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon. Antza denez, negoziazioak Donibane Lohizunen egin ziren. Hala ere, benetako negoziazioa Federiko Krutwigek eraman zuen Erroman, Willy Brandten Gobernuko ordezkariekin.