GAUR8

Manuel de Ynchaustik 34 ume babesteko sortu zuen Lapurdiko koloniaren historia

1936ko Gerran, Lapurdin 34 haur babesteko sortu zuten Lurdes Euzko Aur-Etxearen historia berreskuratu du Jon Urutxurtuk bere azken liburuan. Gerrako haurren bizipenak eta Manuel de Ynchaustiren figura ezagutzera eman nahi ditu lanak, eta «harrera herrialde gisa dugun paperaz hausnartu»

This browser does not support the video element.


Gobernuak berak antolatuta, milaka euskal haur ebakuatu zituzten 1936ko Gerran. Agirreren Gobernuak egindako deiei erantzunez, hainbat herrialdek hartu zituzten Euskal Herritik ateratako ume haiek errefuxiatu gisa. Aski ezagunak dira “Habana” transatlantikoarenak bezalako irudi lazgarriak. Ezezagunagoak dira, ordea, Gobernuaren babespean haurrak babesteko bultzatu ziren beste egitasmo batzuk. Horien artean dago Jatsu herrian kokatuta egon zen Lurdes izeneko haurren koloniarena. Haren istorioa berreskuratu du Jon Urutxurtu Bengoetxeak, “Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea” liburuan. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu du Gogora Institutuaren, Gernika Gogoratuzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan duen lana.

Lapurdin bertan egokitu zuten proiektua, 30 haur babesteko «instalazio bikainetan». Guztira, 34 haur egongo ziren bertan. Liburuarekin historiaren pasarte horren transmisioa egin nahi izan du Urutxurtuk, kolonian egon zirenetako batzuk eskatutakoari erantzunez. Lanak, halere, beste helburu nagusi bi dituela azpimarratu du. Lehena, proiektuaren buruan izan zen Manuel de Ynchaustiren figura nabarmentzea da -eta, horrekin batera, etxe hartan egon ziren langileen aitortza egitea-. Bigarrena, ahanzturan geratu beharko ez litzakeen pasadizo bat gogora ekartzea da, gertatutakotik irakaspenak ateratzeko. «Harrera herrialde gisa dugun paperari buruz hausnartzen lagundu» nahi duela nabarmendu du Jon Urutxurtuk.

Durangoko Azokan egitekoa den aurkezpenaren atarian, Arratiako ikertzailearekin hitz egin du GAUR8k, Lapurdiko babeslekuaren xehetasunetara gerturatzeko, ez baitzen edonolako kolonia izan.

“Lurdes Euzko Aur-Etxea” -izen hori zuen koloniak garaiko grafian-, izaera autonomoko proiektua izan zen, Ynchaustik berak sortua, antolatua eta finantzatua. Bizkaiko eta Gipuzkoako 34 ume eraman zituzten bertara, 6 eta 13 urte bitartekoak. Bi urte egin zituzten bertan, 1937tik 1939ra. Proiektua abian jartzea Ynchaustiren ideia izan zen, «bere lan pertsonala»; ebakuatutako 30 haur babesteko eskaini zuen bere burua. Haurrek elkarren artean ahaidetasun harremana izatea planteatu zuen. Horregatik, kasu askotan neba-arrebak ziren elkarren artean babes-etxeko haurrak.

Durango eta Gernika helburu zituzten bonbardaketen ostean, «1937ko ekainaren 5ean, Euzko Alderdi Jeltzaleak ‘Euzkadi’ egunkarian 30 haurren familiei dei egin zien, Euzko Laguntza erakundearen bulegoetara azal zitezen», gogoratu du ikertzaileak. Haur horiek zelan hautatu zituzten galdetuta, aipatu du bere ustez alderdiaren inguruko jendearen seme-alabak zirela. Zehaztu du, halere, Manuel de Ynchausti ez zela inoiz EAJko militantea izan, harreman handia bazeukan ere Gobernuko kide batzuekin. Izan ere, Agirreren Gobernuan sailburu izan zen Ricardo Leizaola ezagutu zuen Zuzenbidea ikasten ari zela eta haren eskutik hurbildu zen euskal abertzaletasunera.

Jon Urutxurtu, «Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea» liburuaren egilea. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Esan bezala, Manuel de Ynchausti izan zen proiektuaren ongilea sorreratik bertatik. Ynchaustik jarri zuen martxan kolonia, Ynchaustik zehaztu zituen jarraitu beharreko hezkuntza-estandarrak eta arauak. Gobernuko garaiko txosten ofizialek azpimarratu zutenez, elikadura, osasuna, higienea edota hezkuntza arloek maila bikaina zuten kolonian.

Proiektu hura Uztaritzetik garatu zuen Ynchaustik, ordurako bertan bizi baitzen emaztearekin eta seme-alabekin. Kontua da Manuel de Ynchausti filipinarra zela eta Filipinak AEBn kolonia izan zirenez, estatubatuar herritartasuna ere bazeukala. 1936ko Gerra hasi zenean, Donostian bizi zen Ynchausti. Egoera ikusita AEBko enbaxadak herrialdetik irteteko eskatzean, Uztaritzera joan ziren Ynchausti-Larrauri familiako kideak. «Han zegoela, dagoeneko gerra hasita eta Agirreren Gobernua antolatzen ari zen ebakuazioa ikusita», Ynchaustik urrats bat aurrera egin eta 30 haurrei harrera egiteko proiektua jarri zuen abian.

Uztaritzetik hiru kilometro ingurura, “Denisenia” (Denis-Enea) izeneko chateau bat aurkitu zuen, Ynchaustik buruan zuen egitasmoarentzat baldintza ezin hobeak betetzen zituena. Azaldu zuenez, ukuilu bat zuen eta aletegi moduan erabiltzen zen eraikina; bertan egokitu zuen kolonia. Eraikina egokitzeko inbertsioaz arduratu zen, eta, halaber, bere gain hartu zituen hilero zeuzkan gastuak: 10.000 eta 15.000 libera artean.

Berez, era autonomoan kudeatutako kolonia zen, baina «Eusko Jaurlaritzaren menpeko haur kolonien kide zen», zehaztu du Urutxurtuk. Barnetegi baten antzera funtzionatzen zuen, eta «Ynchausti beraren esanetan, erakunde iraunkor baten antolaketa propioarekin» diseinatu zuen: «bertan umeei ostatu eman, eta elikadura, hezkuntza, erlijioa eta osasuna kontua hartzen zuen arreta ematen zitzaien». Koloniari buruzko hainbat informazio dagoela zehaztu du zeanuriztarrak, garaian egin ziren txostenez gain, hainbat gutun gordetzen baitira Artxibo Historikoan.

BARANDIARANEN BISITAK

Horrela ezagutu dira hainbat datu. Horien artean, euskara eta euskal kulturaren inguruan ardaztutako hezkuntza proiektua zela, geletan euskaraz aritzeko ia materialik ez zegoen garaian. Urutxurtuk oroitu du islatuta geratu dela, adibidez, laster gaindituko bazituzten ere, hasiera batean zailtasunak izan zituztela haurrek euskalki ezberdinetan hitz egiten zutelako. Euskal kultura, gainera, bereziki landu zuten beste arlo bat izan zen. Euskal dantzak eta kantak ikasten zituzten haurrek eta herririk herri joaten omen ziren abesten eta dantza erakustaldiak egiten.

Haurrak mahaiaren inguruan. (MIREN YNCHAUSTEGIREN ARTXIBOA)

Egitasmoak Lapurdi Erdialdeko eskualdean aurkitu zuen harreraren inguruan galdetuta, Urutxurtuk aipatu du herritarren harrera «mesfidatia» izan zela hasieran. Ideologikoki oso kontserbadorea zen eskualdea izanik, 1936ko Gerratik ihesi heldutakoan aurkako propaganda handia izan zen; errefuxiatuak «gorritzat» hartzen zituztela azaldu du ikertzaileak. Proiektuak zuen izaera erlijioso markatuak, baina, hasierako beldurrak ezabatu omen zituen, «adiskidetasuna eta begikortasuna nagusi» ziren egoera batera igaroz.

Beste hainbat arlotan, gainera, aitzindaria izan zen Ynchaustik garatutako proiektua. Kolonia hartan baratzea eta etxeko animaliak zituzten -han egon zirenek gogoan dute oraindik Tximista izeneko zaldia-, eta ikasleek eurek laguntzen zuten baserriko lanetan. Baratzea izan zen haurren elikaduraren zutabe nagusia.

Proiektuak zeukan izaera erlijiosora itzuliz, Ynchausti bera oso pertsona erlijiosoa zela azpimarratu du Urutxurtuk, eta erantsi du arau zorrotz batzuk ezarri zituela, mezetara joan beharraren inguruan, esaterako. Koloniaren egunerokoan, halaber, sexuaren arabera bereizita zeuden eskola orduak eta lanak. Ardura ezberdinak zituzten neskek eta mutilek, baita ordutegi eta prestakuntza ezberdinak ere. Gelasio Aranburu apaizaren zuzendaritzapean egon zen kolonia, eta hamabost pertsonak osatzen zuten langileen plantilla.

Haurrei eskainitako prestakuntza izan zen koloniak izan zuen beste ezaugarri deigarri bat. Lurdes Euzko Aur-Etxearen egunerokoan, eskola orduak eta irteerak uztartzen ziren. Geografia, kalkulua edota geometria bezalako diziplinen ondoan, euskarazko irakurketak egiten zituzten haurrek, baita musika tailerra, mekanografia edota tipografia tailerra ere. Aire zabaleko jarduerek pisu handia zuten, eta bazen handik igaro zen beste pertsonaia ezagun bat ere, Jose Miguel de Barandiaranen ondoan egin baitzituzten mendi irteera batzuk.

Haurrak Jatsuko koloniaren kanpoaldean, zaintzaile batekin. (EUSKAL KULTUR ELKARTEA)

Zinemazale amorratua ere bazen Manuel de Ynchausti. Zinemak irakasteko eta informatzeko zeukan gaitasunean sinesten zuen, eta zine proiektore bat eraman zuen koloniara. Garaiko beste teknologia batzuk ere txertatu zituen proiektuan, sakongrabatuko eta inprentako eskola izan baitzuten haurrek. Belgikan erosi zuen inprentarako beharrezko makineria. Koloniako haurrei eskolak emateaz gain kanporako lanak ere egin zituzten han, «diskrezio osoz».

«Helburua zen errefuxiatuei prestakuntza ematea, horretan lan egin dezaten, baina beldur ziren inork lehia desleialagatik salatu ote zitzakeen», gogoratu du Zeanuriko ikertzaileak. Handik atera ziren, besteak beste, seminarioko postalak eta Barandiaranek berak bertan inprimatutako testu batzuk.

«NEGARREZ ETA ZORABIATUTA»

Lehenengo 30 haurrak 1937ko ekainaren 6ko goizaldean abiatu ziren Santurtziko portutik. Haurrentzat eta haien senitartekoentzat izugarri gogorra izan zen une horretaz Karmele Lopategiren oroitzapena jaso du liburuak: «Hotz handia egiten zuen, zorabiatuta zihoazen beste batzuk...».

Familia atzean utzi duen ume baten begiekin ikusita, panorama ez zen askoz argiagoa izan Lapurdira heldutakoan: «Egunsentian iritsi ginen, ez zegoen argirik; ondo geunden, baina zer gertatuko ote zitzaigun generabilen buruan. Logelara eraman gintuzten, oheak prest baitzeuden ordurako, eta lotara!», oroitu zuen Urutxurtuk bildutako lekukotasun batek. Bestelakoa da hurrengo egunen inguruko oroitzapena: «Txertoak jarri zizkiguten, gero jatetxe batera eraman gintuzten, eta patea eman ziguten. Orduan dastatu nuen lehen aldiz patea. Bai ederra!».

Jatsuko etxera heldu zen lehen taldea 30 haurrek osatzen zuten. Geroago beste lau haur helduko ziren Lurdes Aur-Etxera: Zudupe ahizpak eta larriki zaurituta zegoen haur bat, Pedro Gallastegi.

Koloniako mutilak, lanean inprentako tailerrean. (MIREN YNCHAUSTIREN ARTXIBOA)

1937ko apirilaren 26an, Gernikarekin batera bonbardatutako Munitibar herrian zauritu zuten Pedro Gallastegi. «Hankak apurtuta neuzkan belaun parean eta haragia orkatila inguruan bildu zitzaidan galtzerdiak bezala», gogoratu du liburuan. Bertatik San Luis ospitalera eraman zuten, eta Lierganesera ondoren.

Kantabriako Lierganes herrian zela jaso zuen Peli Ugalderen bisita Pedro Gallastegik, «galdutako haurrak biltzeko agindua jaso baitzuen Ugaldek Eusko Jaurlaritzaren aldetik». Hain zuzen ere, Ugalde bera arduratu zen haurra Santanderretik Ipar Euskal Herrira eramateaz. Gallastegik gogoratu duenez, Bordeleko portura iritsi ziren eta bertan Ana Belen Larraurik hartu zituen. Trenez joan ziren Baionara, eta, bertan, ebakuntza bi egin zizkioten, infekzioa jaisteko lehenengo eta «hanka zati handi bat mozteko» ostean. Zauriek aurrerantzean makuluekin ibiltzera behartu zuten Gallastegi.

Esan bezala, hiru ahizpa ere heldu ziren Lurdes Aur-Etxera beste haurrak baino geroago. Luis Zudupe aitak Parisko Euskadiko Ordezkaritzan lan egiten zuen, «ospetsu egin den eta itzulia izan den jauregi hartan», oroitu du Urutxurtuk. Horrela luzatu zion erregua Ynchaustiri: «arren eta mesedez, nire bi neskato zaharrenak berorrek abiarazitako aterpe batean hartu ditzazun eskatu nahi nioke». Azkenean, hiru alabak eraman zituzten.

Aberriratzeekin bukatu zen Jatsuko koloniaren istorioa, baina orduan ere Manuel de Ynchaustiren eskuzabaltasuna erakusten duten zenbait testigantza aurkitu ditu Urutxurtuk. «Dirudienez, isilean diru bat eman zien haurrei etxean laguntzeko, kasu guztietan baieztatzerik izan ez badut ere», oroitu du.



Euskal kausaren mezenas eskuzabalaren aztarnak

Manuel de Ynchaustik erakutsi zituen eskuzabaltasuna eta apaltasuna -«ez zuen gustuko besteen aurrean nabarmentzea»- azpimarratu ditu Jon Urutxurtuk Jatsuko koloniaren ikerlanean. Filipinetara joandako euskal migratzaileen familia batean jaioa, Jatsuko koloniarena ez zen bere obra bakarra izan, gerrako haurrak babesteko sortutako beste kolonia batzuk ere diruz lagundu baitzituen Ynchaustik.

Manilan jaio zen 1900. urtean, familia dirudun batean. Filipinetara joandako gipuzkoar baten biloba zen, eta, euskaraz ez bazekien ere, euskaltzale amorratua zela dio zeanuriztarrak. «Badirudi txikitan, bere heziketan, kaputxino bat izan zuela, bere jatorri euskaldunez hitz egiten ziona», azaldu du. Madrilera joan zen Zuzenbidea ikastera 20 urterekin eta bertan Ricardo Leizaola ezagutu zuen, harreman estu bati hasiera emanez.

Manuel de Ynchausti eta Ana Belen Larrauri senar-emazteak. (MIREN YNCHAUSTEGIREN ARTXIBOA)

Gerra hasi zenean, Manuel de Ynchausti Donostian zegoen; hamar urte zeramatzan ezkonduta Ana Belen Larrauri donostiarrarekin, bere jardun politikoan lagun izan zuena. 1936ko uztailean AEBko Itsas Armadako itsasontzi batek Manuel de Ynchausti bera, haurdun zegoen emaztea eta bi seme-alaba txikiak atera zituen Donostiatik eta Donibane Lohizunera eraman. Aurrerantzean Uztaritzen finkatu zen familia osoa.

«Katoliko sutsua» eta «demokrata» gisa deskribatu du Arratiako ikertzaileak. Harreman estuak izan zituen hainbat erakunde katolikorekin, baina, zehaztu duenez, «harentzat, kristau karitatea justizia sozialaren parekoa zen». «Goiburu hau zuen: ‘Behar duenari emandako dirua da hobekien erabilitakoa’».

Oso pertsonaia ezaguna ez bada ere, azpimarratu du «funtsezko papera» jokatu zuela gerran zein gerra ondoren, Agirreren Gobernua erbestean zegoenean. Alde politiko horren inguruan, aipatu du harremanak zituela «EAJko jendearekin, eta nahiz eta alderdiko kidea ez izan eta politikoki oso definituta ez egon, eskuzabaltasunez jokatu» zuela beti.

«Manuel de Ynchaustirena da Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Liga sortzearen meritu guztia», aipatu du. Horrez gain, «gutunetan ikusten da jende askok jotzen zuela harengana laguntza eske, baina, oso gizon apala zenez, ez zuen horretaz propagandarik egiten», nabarmendu du. Hark egindako ekarpenak aztarna handia utzi duela dio, eta Jatsuko historiak belaunaldi berrientzat mezu bat duela ere azpimarratu du: «Llamazaresen liburuan esaten den bezala, komeni da nondik gatozen ez ahaztea, akatsak ez errepikatzeko eta leku berberera ez itzultzeko. Aurretik gertatutako gauza asko ikusten ari gara gaur egun ere, eta guk, euskaldunok, beste herrialde batzuetara joan behar izan genuen. Komeni da ez ahaztea».