DEC. 06 2025 - 00:00h Interview BEÑAT ETA UNAI GAZTELUMENDI ARANDIA «Nahiz eta deserosoa izan, bake pixka bat ematen du azkura eragiten duten gaiei buruz aritzeak» Komikiaren betaurrekoetatik begiratu diete inguruko errealitateei eta errelatoei. «Azken afaria» da gaztelumenditarrek elkarrekin egin duten bigarren komikia. (Andoni CANELLADA | FOKU) Amagoia Mujika Duela lau urte aurkeztu ziguten Martin Artola “Bidea da borroka” komikian, arrakastaren aparretan zebilen bertsolaria. Artolaren bizitzaren beste parte bat kontatzen du bigarrenak, “Azken afaria” izenekoak. Krisian dago pertsonaia nagusia eta bere krisietan jasotzen dira gaztelumenditarren kezkak, eguneroko solasaldietan aipatzen dituzten gaiak. Punta zorrotzeko gaiak dira batzuk, baina añorgarrek mahai gainean jartzeko beharra sentitu dute. Ez erantzunak emateko, galderak zirikatzeko baizik. Bakoitzak ondoen maneiatzen duen hizkuntzan; hitzetan Beñatek, marrazkitan Unaik. «Azken afaria». Martin Artolaren bizitzako beste fase bat, bere krisien ingurukoa. Zuen krisiak ere badira, ezta? [Unai] Nik uste dut Martin gu baino pare bat urte atzerago doala. Aurreko komikian ere guk bizi genuen garai bati hitz egin genion eta, lau urte pasata, guri eta gure belaunaldiari dagozkigun gauza batzuei buruz hitz egiten dugu, behin distantzia bat hartu eta gero. [Beñat] Azkenean pertsonaia bat da eta beti dago jolasa, zenbateraino diren pertsonaiarenak eta zenbateraino diren gure krisiak. Baina, aldi berean, berak beste era batera ebazten ditu. Jolas hori beti dago. Horregatik kosta zait gehiago idaztea, nahiko gertuko gaiak direlako. Ez nuen uste hainbeste kostako zitzaidanik, baina une batzuetan blokeatu ere egin naiz. Bigarren komikia da, nahiz eta lehenengotik aparte ere ederki ulertu daitekeen. Nolakoa izan da zuentzat bigarren hau egitea? [Unai] Lau edo bost urte pasatu dira lehena egin genuenetik. Guk sortzaile bezala garapen bat eduki dugu eta egin dugun lanean hori ikusten da. Nire kasuan behintzat, orain biak ikusita, askoz gusturago nago bigarren honekin. Iruditzen zait pauso bat aurrera ematea lortu dudala eta nortasun gehiagoko zerbait egin ote dugun sentsazioa daukat. [Beñat] Lehenbizikoa enkargu batetik sortu zen. Ordura arte, nik komikiak apenas irakurtzen nituen. Unaik komiki batzuk bidali zizkidan erreferentzia modura. Gidoia idatzi nuen eta, komikia argitaratzeaz gain, gero aurkezpen batzuk ere egin genituen. Aspaldi elkarrekin asko kantatu gabeak ginen eta aprobetxatu genuen saiotxo batzuk egiteko. Prozesu guztia oso polita izan zen lehenengoan. Bigarren honetan hortik abiatzen ginen eta nik uste dut biok ere gehixeago eskatu diogula gure buruari. Bigarrenean kontziente zara zein zaila den argitaletxe batek aukera ematea komiki bat ateratzeko eta zure buruari pixka bat gehiago eskatzen diozu. Horrek ere blokeatu nau. Zenbat blokeo, Beñat! Sortzen ari zarenean etengabe blokeatzen eta desblokeatzen zara. Blokeoa gauza oso negatibo bezala hartzen da baina tarteka blokeatzeak niri laguntzen dit beste leku batzuetara iristen. Aspaldi ikusi gabeko lagunen arteko afaria dago oinarrian. Laguntasunak pisu desberdina hartzen du bizitzaren fasearen arabera. [Beñat] Hortik sortzen da. Azkenean Martinek erabaki batzuk hartu ditu. Justu apustua izan da ez erakustea esplizituki komikian bere bikote harremana eta horren haustura, baina hor dago eta gauza guztiei eragiten die. Komikian zentralitatea laguntasun harremanek hartzen dute. Lagunak dira Martin hortik ateratzen dutenak eta laguntzen diotenak eta momentu batean esaten diotenak “lehen ere hemen geunden eta ez zinen konturatzen”. Aldarri hori nahiko garbi zegoen hasi aurretik eta nik ere garbi nuen hortik eraiki behar genuela. [Unai] Azkenean, gaur egun ezagutuko balira elkarren artean batere harremanik izango ez lukeen pertsona multzo bat da. Baina iraganeko harreman horrek ematen duena baino lotura estuagoa egiten du. Nahiz eta pertsona oso desberdinak diren eta urteak joan diren, denek ondo dakite bakoitza nolakoa den eta Martinek bere bizitza berriz eraikitzeko behar dituen klabeak oso ondo ezagutzen dituzte. [Beñat] Eskola garaian, zure lagunak zure klasekideak dira, derrigor hor tokatu zaizkizunak. Eta gero, momentu batetik aurrera, lagunak aukeratzen zu hasten zara eta dauzkazun lagun horiek munduko pertsona perfektuenak direla iruditzen zaizu, ez daukatela inongo itzalik. Eta, gainera, itzalak agertzen hasten diren momentuan urrundu egiten zara. Bizitzan erabakiak hartzen zoazen neurrian, erabaki horiek urrundu egiten zaituzte lagunengandik, zure erabakien erruz itzal horiek gero eta gehiago ikusten dituzu, laguntasuna askoz konplexuagoa da gauza batzuk barkatu behar dituzulako... Laguntasuna bai aldatzen da bizitzako momentu bakoitzean eta justu Martinen adinean eta gu gauden adinean, lagunekin daukagun harremana ere ez da 18 urterekin geneukan harreman bera. Gauza asko pasatzen ditugu elkarrekin eta gauza horiek badaukate beren karga. «Azken afaria» komikiko irudia. Komikia artistaren erorketarekin hasten da, gailurretik desamodioaren zulora. Lerro artean irakur daiteke nola bikote-sistema horretan maiz lagunak Whatsapp zerrendan hondo-hondoan uzten diren. [Beñat] Berez, bikote ohia ez agertzearen erabakian, helburua zen desamodio hori ez lotzea pertsona zehatz batekin eta ez izatea pertsona hori zentroa, baizik eta bikotea bera proiektu bezala eta eraikuntza bezala. Eta horregatik dago pixka bat atzean eta bigarren plano batean. Batez ere horri buruzkoa da komikia. Eta gero bikoteari lotuta, azkenean gurasotasuna dago, militantzia dago, laguntasun harremanak, etxebizitza... Gauza pila bat dago atzean. Nik oso garbi neukan hortik abiatu nahi nuela, nahiz eta gero ez nekien nora iritsiko ote nintzen. [Unai] Komikian oso ondo laburbiltzen du etorriko dena, adierazi nahi duguna, lehenbiziko bi-hiru orrietan gertatzen denak. Komikia hasten da gure adin inguruko bertsolari baten arrakasta maila altuenetik, txaloa besterik entzuten ez duenetik. Eta bat-batean ezer gaizki joan zitekeela uste ez zuenean, hondoraino erortzen da eta berriz hasi behar du altxatzen beste kode batzuekin, agian barrura begirakoak eta ez kanpoko txaloak. Oso barrura begirakoa da bigarren lan hau. [Unai] Bertsolari aldizkariarekin egin dugunez, baldintzetako bat zen bertsolaritzarekin lotutako zerbait egitea. Aurreko komikian BECeko finalera eramaten zuen bide bat kontatu genuen. Aurreko komikian, pertsonaia eraikitze hutsarekin, dagoeneko egin genuen bertsolaritzarekin lotura. Bigarren honetan askatasuna eduki dugu. Bertsolari bat da protagonista, baina bertsoak ez du zentralitate handia hartzen komikian. Gehiago hitz egiten dugu gaur egungo belaunaldiei buruz, sentimenduak, kezkak... Askatasun gehiago izan dugu eta uste dut Beñatek asmatu duela horretan. [Beñat] Lehenbiziko komikian presio hori bagenuen, bertsolaritzari zentralitatea eman nahi genion eta uste dut pixka bat mugatu genuela geure burua. Eta bigarren honetan esango nuke bertsogintzak sorkuntza bezala askoz presentzia handiagoa daukala, nik uste dut nabaritzen dela bertsolari batek egindako gidoia dela. Baina bertsolaritza bera sistema bezala askoz gutxiago agertzen da. Alde horretatik gusturago gelditu naiz. Azkenean bertsolaritzan ibiltzen gara, baina bertsolaritzatik harago, mundua ere hortik irakurtzen dugu eta bertsolaritzak balio digu pentsamendua egituratzeko. Komikian hori hobeto islatzen da. Komikia irakurtzean, bertsolariaren buruan etengabe pasatzen dena begitantzen da. Munduan kokatzeko eta inporta zaizkion gaiei kantatzeko ariketa etengabe bat. [Beñat] Horixe da denbora guztian. [Unai] Askotan oholtzan egote hutsagatik eta zure ahotsa entzuna izateagatik sasi-arrakasta bat sentitu daiteke. Komiki honetan, Martin etengabe ari da konturatzen mila gauza garrantzitsuagoak daudela bizitzan, txaloak baino gehiago eragiten dutela beste hainbat gauzak eta bere lagunen bizitzak ikusteak horretan laguntzen dio, bai kokatzen eta baita garrantzia kentzen bere egoari. Lagun bakoitzak bere zaintzeko modua dauka. [Beñat] Bai, saiatu naiz pertsona bakoitza nolakoa izango litzatekeen imajinatzen. Martinengana gerturatzeko bakoitzaren modua oso diferentea da eta horrek ez du esan nahi batek hobeto edo okerrago zaintzen duenik. Baina desberdintasunak daude; batzuek errazago egiten dute, beste batzuek ezintasun batzuk dituzte, beste batzuek zaintzen ari direla eman gabe zaintzen dute... Orokorrean esango nuke denek eusten diotela Martini. Hori da gaia: bakoitzak bere inkoherentziekin eta berezitasunekin, ahal duen bezala eusten diola sareari. Zuena itxoiten ari den belaunaldia omen, erdi klasekoa zentzu guztietan. [Unai] Aurreko komikian asko hitz egin genuen horri buruz. Gure belaunaldiagatik esan izan da “zeozer egingo dute hauek” eta aurreko belaunaldia gainditzera inoiz iritsiko ez den belaunaldia bezala ikusten gara. Jarritako espektatibetara iritsiko ez den belaunaldia bezala ikusten gara eta Martinek hori oso presente dauka. Askotariko gaiak astintzen dituzue. Adibidez, Chema, Martinen bizilaguna. Zenbat mundu kabitzen diren atari berean. [Beñat] Oso garbi geneukan euskal kulturatik kanpo zegoen pertsonaia bat ere egon behar zela tartean. Lehen komikian ematen zuen mundu osoa zela bertso mundua eta denak hor bizi ginela. Baina hor dago Chema, euskaraz ez dakiena, ez duena euskal kulturaren mundua ulertzen eta arroztasun horretan eroso dagoena. Aldi berean, mundua aldatu nahi badugu Txemaren mundua ere aldatu beharko dugu. (Andoni CANELLADA / FOKU) Batzuetan beharrezkoa ere bada burbuilatik ateratzea. [Unai] Askotan txapelketa garaiak eta harrapatzen zaituenean, ez duzu ezer ikusten bertso mundutik kanpora. Adibidez, txapelketatik kanpo geratu nintzenean, bertso mundutik kanpokoei ez nekien transmititzen zer-nolako pena neukan. “Lasai motel, etorriko dituk berriak”, esaten zidaten. Chema kasu honetan gure bizilaguna da; balio eta identitate asko ez ditugu konpartitzen, baina ondoan daukagu eta elkarren ondoan bizi behar dugu. Gainera, komikian harroen nagoen gauzetako bat pertsonaia horren diseinua da. Segituan ikusi nuen nola izan behar zuen. [Beñat] Nik kezka neukan, ez nuelako nahi izatea erabat pertsona gorrotagarria. Finean, mundu bat ere partekatzen da Chemarekin eta komikiaren barruan badago hori. Etengabe langile klaseaz eta gure inguruko komunitateaz hitz egiten ari gara, kasu batzuetan bagara komunitate horretako parte eta beste batzuetan ez. Euskal kulturan asko aipatzen da sustapena eta sedukzioa. Horien bidez iritsi behar genuenengana iritsi gara. Orain beste zerbait beharko da. Beste zerbait hori zer den ez dakigu, eta Chema da justu beste zerbait hori. Kuadrilla askotan gertatzen diren egoerak jasotzen ditu komikiak. [Beñat] Bai. Adibidez irakasle funtzionario sartu direnak, aitatasunaz hitz egiten dutenak, militantziaz... Ibili zara militantzia eredu batean, eta gero momentu batean erabakitzen duzu justu militantzia eredu horren kontra kokatzea. Eta hori da gure belaunaldian asko gertatzen dena. Nik uste dut badagoela kokatu ezin bat orokorra dena. Ez dut uste gertuko inor haserretuko zaigunik, baina seinale ona litzateke baten bat deseroso sentitzea, deserotasun batetik idatzia dagoelako. Ni ere ez nago eroso gure burua islatzeko dugun moduan, baina uste dut osasuntsua dela deserosotasun hori. Tira, baina erronka bada zer pentsa ematea. [Beñat] Lehendabiziko komikian kezka neukan, gustura gelditu nintzen gidoiarekin eta komiki bezala erraz irakurtzen zen eta polita zen. Baina niri ez zidan sortzen deserosotasunik. Bigarrena idazten duzunean zuri balioko dizun zerbait idatzi nahi duzu eta, ez bazaitu zu deseroso sentiarazten edo ez bazaitu eramaten muturretara, zertarako balio du egiten ari zarenak? Oraingoan bai izan dut sentsazioa nire mugetara iristen ari nintzela eta horrek azkura pixka bat sortu dezakeela, baina horrela izan behar duela iruditzen zait. Gutar izateaz edo ez izateaz ere hitz egiten da. Urko militantearen buruhausteak islatzen dira. [Unai] Gure belaunaldiak -eta aurrekoak ere- posizio ideologiko bat hartzean, militatzea aukera “bakarra” bezala ikusten zen, askok ez genuen planteatu ere egiten beste aukerarik. Askotan joaten ginen protesta edo ekitaldietara asko pentsatu gabe, “gureak dira eta aurrera”. Urko hor hezi da eta orain bat-batean aukeratu beharra egokitzen zaio, nahiz eta batzuetan bera bi tokietan eroso sentituko litzatekeen. Gure inguruan eta gaztexeagoen inguruan ikusten dut nik hori badagoela. [Beñat] Asko hitz egin da diskurtso mailan eta eztabaida teoriko maila zein diren borroka zentralak, zein eztabaidak. Baina Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren plano bakarra ez da diskurtsiboa eta ez da teorikoa; hor badago gutasun bat, kokatu ezin bat... Gure belaunaldiari gertatu zaiona da eztabaida horiek ez direla hainbeste gure belaunaldian ematen ari, bigarren maila batetik begira gaudela, zuzenean parte hartu gabe. Badago horrelako deserosotasun moduko bat. Aldi berean, patrimonio bezala hartzen duzu borroka bat eta esaten duzu “zer ari zarete egiten gure borrokarekin?”, kontziente izanda dagoeneko ez dela zure borroka, beste batzuek direla protagonista eta distantzia bat utzi behar zaiela. Hori ere ez dut eroso bizi eta erakutsi nahi nuen. Gero kontua nahiko azaletik dago erakutsia, sentsazio hori azaltzen da, baina hortik aurrera ez dugu gehiago sakontzen. Martinek une batean esaten du denok daukagula barruan polizia txiki bat. Aginteari buruzko hausnarketa ere badago. Geure buruari begira dago idatzia, gure mugimenduetan autoritatea eta boterea nola banatzen dugun erakustea da asmoa. Probokazioa ere badago; ez ote dagoen boterea banatzeko modu bera ustez etsaitzat dauzkazun egitura horietan ere. Kezka batetik dago idatzia. Askotan kritikak beti kanpora begira egiten dira, baina gure egituretan zeintzuk gurtu ditugun eta zeintzuk diren zentralak hausnartu beharra daukagu. [Unai] Garai batean botere konkretu bat zeukan jende bat miretsi izan dugu eta pixka bat horri buruz hitz egin nahi genuen. Ez da gai erraza, baina nik bai sentitzen nuen nire inguruan oso azaletik hitz egiten den gai bat dela eta ez dela erraza hor sartzea. Baina marrazkiak ematen duen distantzia horretatik gaian sartu nahi izan dugu eta niri bake pixka bat ematen dit, nahiz eta deserosoa izan, horri buruz ere hitz egin nahi genuelako. «Azken afaria» komikiko beste irudi sorta bat. Maskulinitatea. Lagunarteko bizkarreko zartada batekin, pertsonaia osoa iradokitzen da. [Beñat] Intentzioa bazen pertsonaia maskulino indartsuak egotea. Lehenbiziko komikian ez zegoen eta horren falta sumatzen nuen. Izan ere Martinentzat ere izan da erreferentzia bat gazteagotan eta berak ere nahi izan du hori izan. Gero kontua da indar fisikoa denok ez dugula berdina izaten eta horrek ere kokatzen zaitu beste leku batzuetan. Ferminen pertsonaia deseraikitzeko saiakera bat ere badago, nondik datorren erakusten saiatzeko. [Unai] Saiatu gara, agian beste pertsonaiekin egin ez dugun bezala, atzera joan eta bere izaera hori, bere maskulinitatea, nola eraiki den kontatzen. Hau ez da hutsetik sortu den zerbait. Feminismoa. Martin Artolak feminista izan nahi du, liburutegira joaten da eta gaiari buruzko liburu guztiak irakurtzen ditu. Eta magia, ezta? [Unai] Hori islatu nahi genuen, batzuek hori uste dute, egun batetik bestera feminista bihur zaitezkeela eta kito. [Beñat] Feminismoa ariketa teoriko bezala oso erosoa izan daiteke. Gero, bizitzan zertan eragiten dizun, gizon bezala bertigo handia ematen duen zerbait da. Martin krisi batean dago, blokeo batean eta erresistentzian, ez du etxetik atera nahi. Daukan horri eutsi nahi dio, baina lagunek esaten diote hori gainditzeko deseraiki egin behar duela. Feminismoarena hortik doa. Komunitatea. Zer da? Zein? [Beñat] Honetan ere blokeatu nintzen. Ikusten nuen alde batetik komunitatea oso gauza sortzailea izan daitekeela; komunitatean bizitzera joango gara, elkarrekin bizitzera... Hori dena oso ederra da, baina noren artean egingo dugu komunitate hori eta nolakoa izango da? Justu aurreko udazkenean Donostian gertatu zen kaleko afari solidarioen kontrako erasoa. Hori guztia komunitatearen gaineko diskurtso batean zegoen oinarrituta: afarien kontra egiten zutenek erasotua sentitu zen komunitate bat aldarrikatzen zuten. Beti dago komunitate bat, “gu” bat kanpoko norbaitek erasotzen duena. Komunitatea bi gauza da aldi berean, gauza sortzaile bat eta ghetto erresistente gotortu bat. Martini Jakoba Errekondo agertzen zaio amesgaizto batean. Zein da mezua? [Unai] Ni orain baserri inguru batean bizi naiz eta analfabeto amorratua sentitzen naiz. Beñat ere baratzearekin hasi da eta nire antzeko sentsazioa daukala esango nuke. Lurrarekin eta oinarrizko gauzekin hasten garenean, konturatzen gara benetako gauza garrantzitsuen inguruan ez dakigula ezer eta hori irudikatzen du Jakobaren mamua agertzeak, Jakobak asko irudikatzen duelako euskal baratzearen figura. Hauxe omen da zuen garaiari buruz esateko daukazuena. [Unai] Bai, hor dauden gaiak landuta, bakea sentitu dut, deskantsua hartu dut. Hau da guk gure inguruari esateko daukaguna. Ez dituzue erantzunak jarri mahai gainean, galderak pausatu dituzue. [Beñat] Tranpa egin dugu. Nik uste dut ez dagoela erantzunik, bakoitzak bilatzen duela gutxi gorabehera bere idealekin eta koherente samar bizitzeko modua, baina koherentzia erabatekorik ez dagoela. Mundua aldatzen ari da eta etengabe moldatu behar duzu aldatzen ari den horren gainean. Daukazun helduleku bakarra zure ideologia, zure pentsamendua eta inguruan daukazun jendea da. Bukatzeko, bitxikeria bat, edo agian ez. Martin Artola bertsolariaren txakurra, Poto. [Unai] “Poto” izenak sinbolizatzen du bertsolari baten beldurrik handiena, poto egitea. Aurreko Gipuzkoako Txapelketan Errenterian saioa neukan, final laurdena, eta goizean mendira joan nintzen bueltaxka bat ematera. Adarratik Mulisko gainera joan nintzen, arbasoekin konektatzeko toki eder bat. Arratsaldeko agurra pentsatzen ari nintzela, han aditzen dut “Poto, Poto, toz, toz”. Eta Poto izeneko txakur hark jaitsi ninduen nire pentsamenduetatik lurrera bat-batean. Ez nuen potorik egin, baina saioa gaizki joan zen. Baina txakurraren izena hor geratu zitzaidan eta komikian erabili dugu. Txakurrak sinbolizatzen du Martinen zaintzeko ezintasuna eta jakintza falta. Buruko min dezente eman dizkit txakurra marrazteak gainera. Konturatu naiz animaliak oso gutxitan marraztu ditudala eta gerra dezente eman dit.