GAUR8

Ethel Frances Butwell Bellamy astronomia-informatikaria eta sismologoa duela 65 urte hil zen

Gaurko egunez hil zen Ethel Frances Butwell Bellamy astronomia-informatikari eta sismologo britainiarra, Oxfordeko Unibertsitateko Radcliffe Behatokiko laguntzaile gisa milioi bat izar baino gehiagoren kokapena katalogatzen lagundu zuena.

Ethel Bellamy. (University of Oxford Mathematical Institute)

Bere merituak gorabehera, Ethel Bellamy ez da oso ezaguna, eta horren kausak ez du azalpen handirik behar. 1881eko azaroaren 17an Oxforden jaioa, gazterik hasi zen lanean, 17 urte zituela, bere osabarentzat, Frank Arthur Bellamy Oxfordeko Unibertsitateko Radcliffe Behatokiko laguntzailearentzat. Oxfordek Carte du Ciel-en eta Katalogo Astrografikoaren proiektuei egindako ekarpenen kalkuluak egiten zituen Bellamyk, Herbert Hall Turner astronomiako irakasle Saviliarraren zuzendaritzapean. 1912an, Turnerrek behatokiko bigarren laguntzaile izendatu zuen eta horrekin batera lanaldi osoko lanpostu bat eman zion.

Garai hartan, Vatikanoko Behatokiak bere kalkuluetan zailtasunak zituela-eta, Turnerrek hari laguntzea erabaki zuen eta Vatikanoko eremuaren azterketa Bellamyren ardurapean jarri zuen 1911tik 1928ra. Egin zuen lan handia eskertzeko, Vatikanoak zilarrezko domina eman zion, baina ez zion ordaindu bere lanagatik. Ordurako, Ethel Bellamyk eta bere osabak milioi bat izar baino gehiagoren kokapena katalogatu zuten.

1918an behatokiko sismologia laguntzaile gisa lan egiten zuen Bellamyk. Sismografoak erabiltzen zituen datuak bildu eta aztertzeko. Turnerrek –eta 1923tik laguntzaile berri batek ere– lurrikaren epizentroak kalkulatu ondoren, emaitzak International 'Seismological Summary'-n (ISS) argitaratzeko prestatu zituen.

Ethel Bellamyren osasuna ez zen oso ona, eta 1927ra arte etxola batean berogailurik gabe lan egiteak ondoeza eragin zion. 1930ean ISSren editore lanean hasi zen. 1913 eta 1939 artean bederatzi artikulu argitaratu zituen, horietako bi osabarekin. 1939an, Britainiar Elkarteko Sismologia Batzordeak 1913tik 1932ra erregistratutako lurrikaren epizentroen banaketa geografikoaren inguruko artikulu bat argitaratu zuen 'Nature' aldizkari zientifikoan.

1947ko uztailean erretiroa hartu eta Ingalaterrako hegoaldeko herri batera joan zen bizitzera, Upweira. Inguru hartan hil zen 1960ko abenduaren 7an, Weymouthen, hain zuzen.

Bellamy British Astronomical Association-eko kidea zen eta 1926an Royal Astronomical Society-ko kide izendatu zuten, eta Oxfordek Ohorezko Arte Maisutza titulua eman zion.