GAUR8

Adituen garaia amaitzear


Kargua hartu zuenetik, Donald Trumpek Jerome Powell AEBko Erreserba Federaleko presidentea izan du jomugan. Trumpek interes-tasak azkarrago jaistea nahi du; Powellek, ordea, pausoz pauso joan nahi du. Presio joko horretan, orain Justizia Departamentua Powellek Kongresuan egindako adierazpen batzuk ikertzen ari da, Erreserba Federalaren egoitzaren berrikuntza garestiaren ingurukoak hain justu. Gertatzen ari denak erakusten du banku zentralen independentzia asko azpimarratzen den arren, berez, baldintzatutako independentzia dela eta instituzio horiek presioen eraginpean jarraitzen dutela; formalki independenteak dira, baina, praktikan, menpekoak. Kasu gehienetan, presio horiek oharkabean pasatzen dira iritzi publikoarentzat, baina hor daude; are, seguru asko presioa egiten dutenek sarritan lortzen dituzte euren helburuak.

Banku zentralak independenteak diren ideia nahiko modernoa da. Lehen, moneta politika ere politika ekonomikoaren zati bat zela uste zen, aurrekontu edo zerga politika bezala, batez ere, aberastasunaren banaketan eragin garrantzitsuak dituelako. Baina 1970eko eta 1980ko hamarkadetako inflazio krisiak bazterrak aztoratu zituen eta baldintzak sortu prezioen egonkortasuna funtsezkoa den ideia ezartzeko. Gainera, hori lortzeko beharrezkoa zen moneta politika hauteskunde zikloetatik kanpo egotea. Eta bi oinarri horien gainean jarri ziren martxan banku zentralak independenteak izateko mekanismoak.

Globalizazioak politika ekonomikoaren instantzia guztietara eraman zuen gobernu independentearen ideia. Orain, adibidez, aurrekontu-erantzukizuneko bulegoak daude herrialde guztietan (Erresuma Batukoa OBR da, eta, Espainiakoa, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea). Nazioarteko esparruan ere, arbitraje auzitegiak eratu ziren. Merkataritza libreko itun gehienek jasotzen dituzte merkataritza eta inbertsio gatazkak ebazteko sistema judizialetatik kanpo eratutako sasi tribunal horiek.

Politika ekonomikoaren despolitizazioaren garaia izan zen, eta, ondorioz, adituen garaia ere bilakatu zen. Ekonomialariek zuzentzen zuten ustez teknikoa den politika ekonomikoa. Aldaketa sakon horrekin eztabaida politikoa edukiz hustu zuten, demokrazia ahulduz.

Orain Trump adostasun hori kolpeka hausten ari da. Baina ez da norabide horretan jotzen duen indar bakarra. Txinak lortu duen arrakastaren ondorioz, gero eta ikerlari gehiago aztertzen ari dira haren sistema. Eta batzuk konturatu dira, adibidez, Txinako Herri Bankua (PBOC) dela politika berdea praktikan jartzen ari den banku zentral bakarra (bonu berdeak, interes-tasa espezifikoak). Txinako Herri Bankuak politika berdea bultzatzeko Gobernuaren agindua jaso zuen -alde horretatik ez da independentea-, baina agindu hori betearazteko independentzia operatiboa du. Gainerako banku zentralek, formalki independenteak izanik, ez dute ezer egiten: euren zeregin bakarra prezioen egonkortasuna da. Banku zentralen kasuan, independentziak kontuak eman beharrik ez izateko balio izan du.

Horrez gain, ziurgabetasunez betetako mundu batean nabigatu ahal izateko, gobernuek tresna guztiak eskuratu beharko dituzte. Lehenago edo geroago adituek zuzendutako mundua amaitu egingo da. Baliteke aldaketa horrek beldurra ematea, manipulatzea errazagoa izan daitekeelako, baina demokratikoagoa ere izango da. Demokrazia iritzia ematea baino, politika ekonomikoei buruz eztabaidatu ahal izatea eta arauak aldatu ahal izatea da. •