JAN. 17 2026 - 00:00h Errotazioa Asier Aiestaran Kazetaria Boleibola kirol kuriosoa iruditu izan zait beti. Sei jokalariz osatuta egoten dira taldeak eta araudiaren ezaugarri nagusietako bat errotazioa da: sakea berreskuratzen den bakoitzean jokalariek postuz aldatu behar dute, erloju orratzen norabidean. Hau da, jokalari guztiek egon behar dute prest postu guztietan jokatzeko. Pentsa zer saltsa sortuko lukeen arau horrek gertukoagoak egiten zaizkigun beste zenbait kiroletan: futbolean txandaka-txandaka aurrelariak atezain eta atezainak erdilari jarrita, adibidez, edota arraunean patroiak ontzi erdian tiraka eta arraunlariak bata bestearen atzetik arraun luzea hartuta, ea nork zuzenago eraman txalupa. Zabaldu liteke apur bat jolasa. Gaur egun ez dakit nola egiten den, baina gure garaian hondartzako futbolean parte hartzen zuen talde bakoitzak beste zelai batera epaile bat bidaltzeko ardura izaten zuen. Epailerik aurkitu ezean, eta isunik jaso nahi ez bazen, taldekide batek joan behar izaten zuen epaile lanak egitera, normalean gogo txarrez. Ez al litzateke errotazio interesgarria hori ere? Irudikatzen goi mailako zenbait jokalari, entrenatzaile eta agintari beste zelaietan epaile lanetan? Fokua kiroletik kanpora zabalduz, aspalditxoan asko nekatzen nau etengabe bestea kritikatzeko joerak: gurasoak irakaslea, arlo pribatuko langileak arlo publikokoa, auto gidariak kamioilaria... Gehitu hor nahi duzun adibidea. Eta askotan pentsatu izan dut ez ote litzatekeen osasungarria gizarte mailako errotazio arau bat, non bizpahiru urtez behin postu txandakatze orokor bat egingo litzatekeen besteen errealitateak ezagutzeko: gurasoak irakasle lanetan, irakasleak tabernari, bulego-ordutegia duten langileak hiru lanalditan erreleboka, enpresetako arduradunak kargurik gabe utzi eta kargurik gabeko horiek arduradun jarri, arlo publikokoak pribatura pasa eta alderantziz... Agian elkarri gaizki-esaka jarraituko genuke, baina gutxienez argudiaketarako oinarri gehiagorekin. •