JAN. 17 2026 - 00:00h Gonzalo Azumendik lortu du 2025eko Argazki Liburu Onenaren Espainiako saria Munduari argazkiak ateratzen lau hamarkada baino gehiago eman ostean, «Universo Azumendi» argazki-liburua oparitu dio publikoari Gonzalo Azumendi getxoztarrak. 2025eko Argazki Liburu Onenaren Espainiako Saria jaso duten orrialdeak zabaldu dizkio GAUR8ri. Gonzalo Azumendi argazkilaria, bere estudioan, Algortan, «Universo Azumendi» liburu sarituarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Nerea Goti Lau hamarkada baino gehiago eman dizkio argazkilaritzari munduan zehar bidaiatu duen bitartean, amestutako bizimodua egiteko parada bilakatutako ofizio «zoragarrian» murgildurik. Gonzalo Martinez Azumendik (Getxo, 1960) gaztetan dastatu zuen kameraren «pozoia», eta paraje liluragarriak ezagutzeko pribilegiotik askoz harago doan abentura handi bilakatutako karrera profesionala osatu du. Bidaia-aldizkari ugaritan argitaratu ditu lanak Gonzalo Azumendik, tartean “National Geographic” ospetsuan eta etxe honetako ZAZPI HAIZETARA eta BIDAIARIn. Hori bai, ez du aldizkarientzat soilik lan egin, Unescoren eskutik ere aritu baita lanean urte askoan. Oraintsu, aldizkarien arlotik apur bat aldenduz, “Universo Azumendi” liburuan jaso du bere ibilbide profesionalaren lagin esanguratsu bat. 2025eko Argazki Liburu Onenaren Espainiako Saria jaso du lanak. Argazki-liburuak biltzen dituen orrialde osoko 150 irudietako bat. Aitortza handia den sariak Azumendiren ibilbide profesionalean zehar bidaiatzeko aukera eman dio GAUR8ri. Hasteko, erronka handia izan da, 40 urte baino gehiagoko lana kondentsatu behar izan baitu autoeditatutako orrialde horietan, ez balantze pertsonal gisa, baizik eta sentsazioz beteriko liburua sortzeko. Saria «bultzada hunkigarria» izan dela dio, eta, liburua egitea, «iraultza» eta «errehabilitazio» moduko bat neurri batean, beste ikuspegi batean kokatzeko aukera eman baitio argazkilari getxoztarrari. Beharrezko ekinaldia izan da «nire argazkiekin lan egiteko, baina ez aldizkari baten zerbitzura». «Nire bizitza argazkiak egitea izan da: aldizkarientzat, argitalpenentzat, erakundeentzat... Oso zoriontsua izan naiz, horrek beti amestu dudan bizitza egiteko parada eman baitit, bidaiatzeko eta kultura ezberdinak ezagutzearekin gozatzeko. Jakina, une zailak ere izan ditut, bidaia-argazkilari baten karrera horrelakoa baita. Are zailagoa da gainera egun, krisi oso handia izan baita argitalpenen munduan, lehen milaka aldizkari baitzeuden eta asko desagertu baitira», azaldu dio GAUR8ri. «Argitalpenen eremutik pixka bat aldentzeko nahiari erantzuten» dion proiektua da, beraz, saritutako argazki-liburua. Erakutsi duen atmosferaren gidari lanak eginez, kontatu du «argazki brutalak» biltzen dituela «dastatu ahal den bi kiloko paper liluragarrian». Oharrik ez du lanak; «argazki-oinik gabeko liburua egin dut, irudia kokatzeko mezu txiki bat soilik dute orrialde osoko irudiek, adibidez, ‘Angkorko tenplua, Kanbodia’. Ibilbidea erabat bisuala izan dadin egin dut horrela, ohiko argitalpen kontzeptutik urruntzeko». Planetan zeharreko bidaia gisa aurkeztuko luke liburua, «gidoirik gabeko bidaia bat, mugarik ez duena, emozioak transmititzen dituen jendea deskubritzeko aukera ematen duena. Lan hurbila da, oso tonu positiboan egindakoa, inor epaitzen ez duten irudiak biltzen dituena. Finean, gozatzeko liburu bat da». «Universo Azumendi» liburuan jasotako argazki bat. JARRAITZEKO DESIOA Autoedizioak askatasuna eman dio sor zitezkeen balizko kanpoko mugak ezabatzeko. «Liburu oso garrantzitsua zen niretzat, eta ez nuen nahi inork kanpotik esatea paperak nolakoa izan behar zuen, testuak jarri behar nituela... Ulergarria da, e!, baina nik lan propio bat egin nahi nuen hasieratik bukaeraraino». Bidaia izan den lanbidean, «aurrera jarraitzeko desioa» duela azpimarratu du Gonzalo Azumendik: «Obsesiorik gabe, hemen nagoenean pozik izaten naizelako, baina alpinista batek mendira joaten jarraitzeko daukan pozoi bera dut nik ere. Leku pila batera joan nahiko nuke oraindik, benetan gustuko dudalako; nire pasioa da». Sentsazioak nabarmentzen ditu argazkilariak, «oihanek pizten dituztenak, ibaiek... Bat-batean oihaneko ibai ikusgarri batean izatea, Ekuadorren, Napo ibaian... Duela oso gutxi egon nintzen Manu ibaian ere, Madre de Diosen, Perun, eta ibaiko ura ikustea, sentitzea, sentsazio horiek jasotzea, usaintzea, oihan hostotsua azalean sentitzea, bizitza-haziak jasotzearen parekoa da. Etxean edo bulegoan mapa bat ikustean, usaina dauka niretzat». Bidaia-argazkilaritza izan du ardatz ibilbide osoan zehar Azumendik, baina beste tonu bat izan zuen, adibidez, Unescorentzat egin zuen lanak. Berlingo Harresia erori zenean Ekialdeko Alemanian lan egin zuen, Errumanian...«Aurretik oso bisitari gutxi jasotako herrialde pilo batean egon nintzen. Flipatuta joaten nintzen. Tristezia giro orokor bat zen nagusi. Jauregi zoragarrietan egona naiz, gizateriaren ondare diren liburutegietan... Suitzako bat dut gogoan, izugarria! Txekiar Errepublikara egindako bidaia ere gogoan dut... Leku horietan sartu ahal izatea pribilegio handia da, baina argazkilaritza mota hori aspergarriagoa da, oso akademikoa baita, teknikoa, estatikoa...». Hala ere, «leku debekatu horietan egoteko aukera izatea zirraragarria da, eta, gainera, Unescoren zigiluarekin joanda, gustura egon zaitezen ahalegin handia egitea dute...». Lanbidearen «beste aurpegi bat» dela dio, bidaiatzeko beste modu bat da. Horren harira, anekdota bat ekarri du gogora. Suediako parke nazionalen irudiak hartzeko enkargua jaso zuen, eta helikoptero bat eskaini zioten joan-etorriak errazteko, dietak eman... Bistakoa denez, lanbideak dituen itzulinguruek oso agertoki ezberdinetan jartzen dute argazkilaria. Denboran atzerago eginda, Azumendik argazkilaritzan egindako lehen urratsak mendiarekin lotzen ditu. «Urduria izan naiz betidanik, eta mendiak, eskalatzeak, liluratu egiten ninduen. 13 urterekin Atxartera joaten hasi nintzen, eskalada eskolara», kontatu du. Alpinismoaren inguruko proiekzio batek piztu zion irudiak hartzeko gogoa, eta, lehen kamera erosita, argazkiak egiteari ekin zion, zuri-beltzeko diapositibak. «Erabat liluratu ninduen aurkitu nuenak: mendian argazkiak egitea, etxera bueltatzean egindakoa ikustea... Gero eta argazki gehiago egiten hasi nintzen, eta, azkenerako, argazkilaritzarekiko grinak dena suntsitu zuen: jada ez zegoen kamerarik gabeko mendirik!» gogoratu du irribarretsu. «Universo Azumendi» liburuan jasotako argazki bat. Azumendik dioenez, «beste argazkilaritza bat» da mendikoa, «erromantikoa, ibiltaria, paisaian oinarritua...». Garai hartan ez zegoen formatzeko gaur beste aukera, baina «izugarri hazten ari zen aldizkarien merkatua, bertara joaten baitzen publizitate guztia. Orain asko jaitsi da hori, eta aldizkari asko desagertu dira». Mendia izan zen Azumendiren lehen lanen protagonista, baina baita kontzertuak ere. «Garai hartan frontoiak kantautorez betetzen ziren!», gogoratu du. Kulturarekin lotutako ekitaldi ugaritan egin zituen argazkiak, eta lehen urratsa horiek «argazkilari gisa finkatzeko» eta «oihartzuna lortzeko» balio izan zioten. Silvio Rodriguezen “Causas y Azares” diskoan, adibidez, abeslari kubatarrak Azumendiren irudiak sartu zituen. Askotariko gaiak jorratzeko garaiak ziren Azumendirentzat, Cannon kamera hartuta helmuga exotikoetara bidaiatzeko aukera izan aurreko garaiak. Hastapen horiek gogoan, Euskal Herriko ihauterien inguruan egindako lana nabarmendu du, argitalpenei saldutako lehen gai haiek, lanbidearen sekretuak ikasteko baliagarriak. «Gaueko lehen trenean joaten nintzen Madrilera, eta goizean erredakzioetatik pasatzen nintzen. Jendea ezagutzen joan nintzen eta apurka-apurka entrenatzen. Orain oso modu ezberdinean jokatuko nuke, jakina, baina orduan kontaktua oso garrantzitsua zen», azaldu du. Enkargu ugari egin ditu Azumendik bere ibilbide luzean eta berak proposatutako proiektuak lantzeko aukera ere izan du. «Bietatik egon da, hasieran freelance erabatekoa nintzen: zerbait egin eta ondoren eskaini egiten nuen. Horrela izaten zen, batez ere Madril eta Bartzelonatik kanpoko argazkilarien kasuan», kontatu du. Gauzak izugarri aldatu diren mundu batean murgiltzera kondenatuta egon da Azumendi. Bidaia-aldizkarien booma ezagutu zuen, baita ondorengo gainbehera ere; «egokitzea izan da gakoa, eta horretan ere entrenatu behar izan dut!». Presa ez da argazkilariaren lagun Azumendiren ustez, «lekuen eta jendearen esentzia bilatzeak» denbora eskatzen baitu. Argazkilari on batek izan beharko lituzkeen ezaugarrien artean, berriz, «jakin-mina, ausardia eta sinpatia» nabarmentzen ditu; «hesiak apurtzeko oso garrantzitsua da izotzaldia urtzeko dohaina izatea. Ausarta izatea ere beharrezkoa da irudiaren atzetik joateko, inork gonbidatu ez zaituen egoeratan sartzeko eta ondoren irribarre batekin aurrera egiteko ezer gertatuko ez balitz bezala».