JAN. 19 2026 - 11:42h Euskal Herriko mendi-multzoen izenak arautu ditu Euskaltzaindiak Euskal Herriko 103 mendi-multzoren izendegia osatu du, izendapen arautua, izenen ezaugarri nagusiak eta izendapen arautuaren atzean dauden irizpideak zehaztuz. Ïzenen tradizioa jaso dute, baita izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak ere. Mendi-multzoen izenak arautu ditu Euskaltzaindiak. (EUSKALTZAINDIA) GAUR8 Euskaltzaindiak Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso ditu ‘Euskal Herriko mendi-multzoen izenak’ 201. arauan. Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira, hain zuzen ere.Akademiatik jakinarazi dutenez, arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Zehazki, euskal mendi-multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Eskaintzen duen informazioan, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak ere aipatzen dira.Izenak taula batean zerrendaturik ageri dira. Lehen zutabean, mendi-multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak daude. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira.Bigarren zutabean, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera. Hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea.Zerrendaz gainera, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.