JAN. 26 2026 - 11:26h Merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaro bereziak egingo dituzte Donostian Hiriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro berezien edizio berri bat jarri du martxan Donostiako Udalak, sektorean euskararen presentzia indartzeko. Iaz, 128 merkatarik eta ostalarik hartu zuten parte. Izena emateko epea ostiralean itxiko da. Donostiako Alde Zaharreko kaleak, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro bereziak eskainiko ditu otsailetik ekainera bitarte. Izena emateko epea urtarrilaren 30ean itxiko dute. Ikastaroak 60 ordukoak izango dira eta ikasle bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu.Online eman ahal izango dute izena Euskara Zerbitzuaren web orrian edo aurrez aurre Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2). Ikastaroa hiriko euskaltegietan emango da: AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea. Udaletik jakinarazi dutenez, 2025ean 128 merkatarik eta ostalarik egin zuten ikastaroa. Horietatik 67 lagun aritu ziren otsaila-ekaina bitarteko ikastaroan, eta 61 lagun urritik abendura bitartekoan. 128 lagun horiekin 13 talde osatu ziren: zazpi otsailean eta sei urrian.Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin, San Sebastian Shops erakundearekin eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan antolatzen ditu Donostiako Udalak merkataritza eta ostalaritza sektoreetako profesionalei zuzendutako euskara ikastaroak.Ikastaroen azken helburua da jendaurreko zerbitzua euskaraz emateko ulermena nahiz gaitasuna lortzea eta, horrenbestez, bezero euskaldunei arreta hobea eskaintzea.Horretarako, alde batetik, hasiera mailako ikastaroak eskaintzen dira, zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio gaitasuna lantzeko, eta, bestetik, jarraipen mailako ikastaroak egiten dira, bezeroekiko harremanetan nahiz, oro har, laneko harremanetan euskara erabili ahal izateko.