FEB. 07 2026 - 00:00h «Maternidades interrumpidas» Erika Lagoma Bertsolaria Hilabete pare bat joan dira esku ezagun batzuengandik “Maternidades interrumpidas” (Clara Murguialday-Norma Vazquez, 2024) ikerketa jaso nuela. Goitik behera dago azpimarratuta. Honako hau da azpititulua: «Una historia de abuelas, madres, hijas y nietas durante la guerra civil salvadoreña y 30 años después». El Salvadorren, landa-gerrilletara batzeko haien alabak utzi zituzten emakumezko gerrillari ohiak ez ziren irabazlearen doinuekin itzuli, haien alabek ez zituzten garaile bueltatzen ikusi, baina aldarrikatzen dute garaituak ere ez zirela izan. Ahanztura kolektibotik erauzi nahi izan dituzte min ezkutuak eta isilune luzeak, intimoak eta politikoak diren etenak, ez beti berreraiki direnak. Testigantzak marko ideologiko batean kokatzen dira, eta erdigunean jartzen dituzte gerrak etendako ama-alaben harremanak, lotura berrien sortzeak eta gerraostean berreskuratutako (edo ez) loturak. Lau belaunaldi: 1) Gutxienez hiru urtez bilobak, edo odoleko senidetasunik ez zuten haurrak zaindu zituzten amatxiak. 2) Gerrillan sartu zirenean, gutxienez bi urte baino gutxiagoko alaba bat izan, edo 1979-1988 artean erditu ziren amak, zeinak gerraostean alabak bilatu eta aurkitu zituzten. 3) Amatxiek edo emakume ezezagunek zaindu zituzten alabak, gerora amarekin harremana, modu batera zein bestera, izan dutenak. 4) Bilobak; hirugarren belaunaldiko emakumeen alaba biologikoak. Amak hiru arrazoirengatik sartu ziren gerrillan: kontzientziagatik, bizirauteko, eta, maiz, kontzientziagatik eta bizirauteko. Propaganda iraultzaileak kontrakoa erraten bazien ere, fusila bizkarrean hartzeko alabak beste norbaiten kargu utzi zituzten amek, zaintzea eta armaz borrokatzea ezin direlako une berean egin, eta gutxiago denbora luzez. Emakume batek erditu zituen alabak. Ondoren, banantze bat bizi izan zuten, eta baliteke ez izatea kontzientziarik, baina bai hogeita hamar urte geroago oraindik mingarri zaien aztarna psikiko bat. Minak min, ama biologikoak ez hazi izanak ez zituen abandonatuta sentiarazi, guztiak familiaren, adiskideen edo hainbat erakunderen ardurapean geratu baitziren, eta gehienak zainduak, ondo zainduak izan ziren. Amak urruti izanda hazi izanaren minarekin bizitzen ikasi zuten, baina hutsune hori gorputzean eta memorian gorde dute. Gerraostean itzulitako elkarrizketatutako amen %58k alabekin bizitzera bueltatzea lortu zuten modu orekatu samar batean, nahiz eta harremana beti ona izan ez. Amen %15 apenas bizi izan ziren bi hilabetez alabarekin; amatxiekin bueltatzea erabaki zuten, edo haien kabuz bizitzea. Eta amen %27k ez zuten lortu sekula alabarekin berriro bizitzerik. Amatxiek biloben alde egin zuten nerabe horiek amatzat ez zituzten emakume horiekin bueltatu nahi izan ez zutenean; ez zituzten ezagutzen eta batzuek ez zituzten ezagutu nahi izan. Egon ziren gerran hil ziren amak, eta baita haien alabei haiengana bueltatzeko eskatu ez zietenak ere. June Fernandezen “Aingeruak eta neskameak” liburuan Jule Goikoetxeak aipatzen du ugalketa eredua eta gurasotasun-desioa errotik aldatu behar direla. «Beharrezkoa da ugalketa askatzea bikotearen zein familiaren egitura emozionaletatik». Egitura emozionalaz hitz egiten du, ez egituraz. Bikotearen eta familiaren egitura zalantzan jarri da beste hainbat diskurtsotan; usteltzen den guztiak familia bat sortzen du (Fabián Casas). “M ama* eme* ume*” liburuan, Aliciak dio haur adoptatuak esteka emozionalak kaltetuta iristen direla, atxikimendua bizi osorako inbertsioa dela, pertsonengan inbertitzea. Anek, patriarkatuak amari zoritxarrez eman dizkion funtzio ustez amatiar horiek erauztea litzatekeela amatasun feminista. Eva Milletek “Madres mamiferas”-en atxikimenduz haztea zer den jartzen du zalantzan… Gai zirraragarria da; eztabaidatu dezakegu zer den atxikimendua eta zer duen sortzen, baina erranen nuke denok dugula argi atxikimendu ezak zer dakarren. •