FEB. 21 2026 - 00:00h Tokiko Artoaren Eguna ospatuko dute gaur Zubietan Artoa elementurik inportanteenetako bat izan da laborantzako eta sukaldaritzako kulturan Euskal Herriko isurialde atlantikoan. Hondarreko urteetan, ordea, azkarki apaldu da. Ikerketa bat egin dute Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan, eta gaur aurkeztuko dituzte emaitzak Zubietan. Marc Badal eta Edorta A. Murua ikerlariak, Lekarozeko arto zaindari batekin. (Maria AZKARATE) Maider Iantzi Desagertzen ari dira arto aldaerak, mendeotan bertakotzen joan direnak, ibarrez ibar eta herriz herri. Ikusirik gero eta jende gutiagok eusten dietela tokian tokiko aldaerei, prospekzio lan bat egin dute Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan, eta oraindik erabiltzen diren 26 arto barietate identifikatu dituzte. Lan hau finitu eta aurkezteko jardunaldi bat eginen dute gaur, Zubietan. Bertan, artoaren kulturaren inguruko ezagutzak trukatuko dituzte eta arto zaindariak omenduko dituzte. Elkarrekin gogoetatzeko balio izatea ere nahiko lukete, gaur egun artoak laborantzan eta sukaldaritzan ematen dituen aukeren gainean. Marc Badal ikerlariak zuzendu du proiektua. Abiatu, berriz, Edorta A. Murua Zubietako errotazainak eta Itsasne Mendiberri Cederna Garalurreko elikadura dinamizatzaileak abiatu zuten. Badalek arlo ekologikoan lan egiten du, lehen Katalunian eta orain hamabost urtetik Euskal Herrian. Luzaideko etxalde batean bizi da eta ia 30 urte daramatza tokiko haziak lantzen, baita hazi sareetan ere. “Haziera” proiektua koordinatzen du Donostiako Cristina Enea Fundazioan eta “Haziak” liburua idatzia du Miguel Arribas Kelo ekoizlearekin batera, “Argia”-ren eskutik. A. Murua, aldiz, Zubietako errotazaina da duela 23 urtetik. Inguruko ekoizleak etortzen dira hona soroetan dituzten artoekin irina egitera. Eta jendea zahartzen eta artoa galtzen doala ikusten du. Hortik sortu zen prospekzioaren ideia. Mendiberrik koordinatu du egitasmoa, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarraren dirulaguntza lortuta. ADINDUAK, ETA SEGIDARIK EZ Baserriz baserri galdezka ibili dira Badal eta A. Murua, eta herri gehienetan aurkitu dute ekoizle bat edo bi. Herri bakoitzak badu bere azken ekoizlea. A. Muruak adierazi duenez, argazki orokorra da artozainak hagitz adinduak direla eta ez dagoela jarraipenik. Gero eta soro txikiagoak ereiten dituzte, talo batzuk jateko justu. Horrek arazoak ere sortzen ditu, beleak eta basurdeak sartzen direlako. Hibridoa sartu zen bere garaian errendimendu altuagoa zuelako, eta horrek tokiko aldaera batzuk desplazatu ditu. Paradoxa bat gertatzen da: taloa hagitz estimatua da feria eta bestetan. Baina ez da jatorria baloratzen. Talo postuetan saltzen den irin gehiena industriala da eta kanpotik dator. Kontraesan bat dago hor eta bi puntu horiek elkartu nahiko lituzkete: taloaren kontsumoa eta bertako artoa. ERROTAREN PAPERA «Prospekzio lanarekin ondare biokultural hau identifikatu eta haziak eta horien jakintza bildu ditugu. Bestetik, jende dezente dago taloa kontsumitzeko prest, baina ekoizpena falta da. Proiektua saiakera bat da kolektiboki ikusteko ea artoak aukera bat ekarriko lukeen tokiko ekoizle txiki horientzat beren jarduera bideragarri egiteko. Agian, baratzezainek arto-landa txiki batekin osa dezakete beren jarduera», azaldu du Badalek. Mendiberri bat dator: «Berreskurapen eta aitortza lan bat izan da orain arte lan hori egin izan dutenentzat, baina ez hainbertze nostalgiatik, baizik eta benetan balio duela aldarrikatzeko. Nola erabiltzen ahal dugu artoa elikaduran?». Baserritar bakoitzari eskatu diote artoa lagin bezala emateko, ikerketa laneko argazkiak egiteko. Beraiek segituan dakite zein den politena. (Maria AZKARATE) Xede hori betetzeko funtsezkoa da Zubietako errota. «Museo bat da, baina errota bezala funtzionatzen du. Hidraulikoa da, harrizkoa, eta duela 200 urteko mekanismo berbera du». Zinez, mirari bat da Badalen irudiko. Herriarena da, irekia. Edozein joaten ahal da jotzera edo irina egitera. Euskal Herrian ez dago bertze errotarik ezaugarri hori duenik. Hemengo artoarekin egindako irinak zapore hobea du eta taloa egiteko egokiagoa da [geu horren testigu, bertako irinera zaletu baikara erreportajeen harira]. Hala esplikatu du errotazainak: «Zapore gehiago du, usaina ere diferentea. Jendeak bere ongarriarekin erein du, naturalago, ez da prozesu industrial hori. Beste mundu bat da. Orokorrean, jende gehienak berarentzat egiten du irina. Bizilagunari oparitzen dio kilo pare bat eta besterik ez. Errota honetan ohitura zahar bat dago: jendeak diruarekin beharrean artoaren zati batekin ordaintzen ahal du. Gero, parte hori saldu egiten dugu». 26 ARTO ALDAERA Guztira 26 arto barietate aurkitu dituzte 35 bat etxetan. Etxe bakoitzak badu bere barietatea eta arto bakoitzak badu bere historia. Arbasoek ereiten zuten eta, agian, arto batek ehun urte darama etxe batean. «Gutxiago espero genituen, baina biziki gutxi dira 35 etxe. Orain paisaia berde ikusten dugu, baina lehen dena artoa eta garia zen. Hemendik bost edo hamar urtera 35 etxe horietatik gutxi geldituko dira», baloratu du Badalek. «Arto barietateak egoera larrian daude. Gainera, artoa aunitz polinizatzen da. Babarrunekin edo tomateekin erraza izanen litzateke herriko landa txiki batean barietate batzuk bata bertzearen ondoan mantentzea; artoarekin, ordea, ezin da, nahasi egiten direlako. Beren artean ez nahasteko distantzia handia utzi behar da», azaldu du. Bada kontsumitzaile ekologiko aunitz, badira ekoizle ekologiko batzuk, baina tokiko haziekin dabiltzanak «lau katu» dira. «Beste kide batzuk bezala, mugimendu sozialetatik heldu ginen gu hazietara, aktibismo politikotik. Pribatizazioari, monopolioari eta mendekotasunari aurre egiteko, eta onak direlako, etxekoak. Elkarrizketetan ohartu garen bezala, atxikimendu emozionala ere badago. ‘Nire amak egiten zuen eta nola galduko dut nik...’. Halakoak aditzen dituzunean, zerbait mugitzen zaizu, jakina». ZIRKULUA ITXI NAHIAN Kontaktuan egon dira bailarako ekoizle gazteekin. «Barietate batzuk eman dizkiegu eta erein dituzte. Ez dakigu jarraipenik izango duen, baina pauso bat izan da probatzeko», kontatu digu A. Muruak. Gauza bitxi bat gertatzen da altuerarekin. Erraten da zenbat eta altuago, haziak hobeak direla. Bazen baserri bat Zubietan hagitz altua. Familia bat bizi zen eta denak hil ziren. Errotazainak artaburu batzuk salbatu ditu, baratzezain bati eman dizkio eta biderkatu egin ditu. «Helburuetako bat oraindik ereiten duten ekoizleak animatzea da. Errotak ere hartuko luke arto hori irina egiteko. Hor badago bidexka bat irekitzen ahal dena. Bada errota bat, irina egiten ahal da. Baloratu eta ordaintzen bada, zirkulua ixtea litzateke». Hain zuzen, ekoizleak, errota eta kontsumitzaileak gurpil bat izatea da Tokiko Artoaren Egunaren asmoa. «Honen zentzua ikustea. Bestela, kuriositate bat izango da. Dagoena dokumentatu dugu, liburuxka bat atera dugu, eta kito». Edorta A. Murua eta Marc Badal, Iruritako arto zaindari batekin elkarrizketan. (Maria AZKARATE) Edorta A. Muruak adierazi duenez, artoa mantentzen duen jendea hagitz xumea da, inolako protagonismorik gabekoa. Gehienek 70 urtetik gora dituzte. Zaharrenak, 97. Batzuk duela urtebete hil dira. Gazteagoak ere badira, 60 urtekoak eta 45 urtekoren bat. Elkarrizketa bakoitza diferentea izan da. Batzuetan zutik, etxeko atarian, eta gehienetan sukalde barrenean, kafe eta galletekin. Landara ere joan dira artoa bertatik bertara ikustera. «Normalean leku isolatuetan bizi dira. Batzuk animaliak dituzte, besteek baratzea. Kuriosoa izan da bakoitzaren mundua ikustea, nola kudeatzen dituzten txori, basurde eta azkonarren erasoak. Artoan ere zer zaintzen duten. Batentzat lerroak zuzenak izatea inportantea den bezala, besteak ez dio kasurik egiten. Bakoitzak bere irizpideak ditu». Ganbara dena artoz betea zuen ekoizle batek, eta hiru edo lau aukeratu behar zituzten ikerlariek erakusketarako. Emakumeak erraten zien: «Hartu, hartu». Begiratu zuten, «hau polita da». Eta zaindariak: «Baina hori? Hori itsusia da, ez du balio!». «Konstante bat izan da hori. Ez dugu ezer ikasi!», aitortu du A. Muruak umorez. Etxe bakoitzean erabilpena ezberdina da. Batzuek irina egiten dute eta bertzeek aziendarentzat dute. Edo ohituragatik mantentzen dute sinpleki, hazia ez galtzeko. Batzuek familia guztiari banatzen diote irina eta harrotasun hori dute; «gure irina da». Baina umilak dira, lotsatiak ere bai. «Hogei urtean jende ugarik errotari etortzeari utzi dio eta arto hori galdu egin da. Gure esku dagoena egin behar dugu hori gelditzeko. Agian ezin dira aldaera guztiak salbatu, baina ikusten badugu badaudela bospasei polit, bai eta gazte batzuk mantentzeko asmoarekin ere, zerbait lor dezakegu». Hor dute esperantza. 155 sarrerako hiztegi batean jaso dituzte herriz herri aldatzen diren hitzak eta beren historiak Tokiko artoari buruzko ikerketa honetan elkarrizketa pila bat egin dituzte Marc Badalek eta Edorta A. Muruak. Horietan, ahalik eta informaziorik zaharrena biltzen saiatu dira. Errate baterako, Lekarozen, 97 urteko gizon batek gauza hagitz politak kontatu zizkien. Erran zien artoa biltzeko landareak ireki behar direla eta horri “arto-bidea” deitzen zaiola. Arantzan, bertzalde, aipatu zieten aspaldian, artoa biltzen zenean, punta edo “galdurrua” kentzen ziotela, behiak bazkatzeko. Arto aunitz bazen, jaso eta etxera eraman beharrean pila batzuk egin eta lehortzen uzten zituzten, landare guztiak makila baten inguruan sokarekin lotuta. Mozorroak deitzen zieten. Bitxia da: A. Muruak Zubietako mozorro baten argazkia erakutsi digu, lotutako arto-landare horiek dira justu, baina Zubietako zaharrenek ere ez dute ezagutzen ohitura hori. Arantzan, bai. Izenak hagitz ezberdinak dira. Ez dago hiztegi bat Malerrekan, bertzea Bortzirietan eta bertzea Baztanen. Etxalartik Arantzara jada aldatzen da. Adibidez, artoa bereiztea edo aletzea hamaika modutan erraten da. Etxalarren “mihaurtu” erraten dute. Berezia, zinez. Galdeka aritu dira ea nola egiten duten aletzeko. Batzuek eskuz, baina gehienek burdinen bat dute etxean horretarako. Burdin hori etxe bakoitzean diferentea da. Batzuetan talo burdina da eta bertzeetan sua mugitzeko erabiltzen zena. (Maria AZKARATE) 155 sarrerako hiztegi batean jaso dituzte hitz eta historia hauek guztiak. Prozesu honetan, Marc Badal eta Edorta A. Muruarekin batera, lan handia egin du Markel Lizasoainek. Hona hemen adibide ttiki bat: «Burtzin (Saldias), bortzin (Labaien, Urroz), bertzin (Saldias) burdinazko pala ttikia, lurreko suko hautsak biltzeko ibiltzen dena. Malerrekako eta Basaburu Ttikiko etxe batzuetan, pikorra bereizteko ere ibiltzen zen tenazekin batera. Hosto, hostatxiki (Saldias), hosto (Donamaria), hostoberatx (Gartzain, Irurita, Lekaroz), hosto luma (Oiz), hosto motx (Etxalar) landarearen behealdeko orriak bazkatako ibiltzen ziren. Irailaren hasieran, galdurruak moztu ondoan, landarearen azpialdeko hosto guziak kentzen dira. Hostoekin eskutadak egiten dira, orriekin berekin lotzen direnak, eta idortzen uzten dira alorrean bertan landareetatik zintzilik (galdurruak bezala). Aste batzuen buruan, zama batekin biltzen dira. Donamariako Mingotx baserrian, ‘txikitan, biltzen zen eta hola behia, ezongi sumatzen zelikan, pixkat toma hori, dieta bazala, ta hura eman, ta hola’. Xurikin (Donamaria, Lesaka, Urdazubi, Zubieta), xurukin (Orabidea), zurikin (Zubieta) arto burua biltzen duten hostoak. Behiei eman izan zaie jateko. Gaur egun, etxe gehienetan burua ‘garbi’ jasotzen dute, xurikina landarean bertan utzita. Lastairak egiteko ere ibili izan da xurikina, Orabideko Zaldizuriko bordan erran diguten bezala: ‘Leheno xurukina egiten zen goatzeko. Goatzian. Koltxonain partez, guk badugu hor baserrian ta hala dago orainik. Eta gero goatzerakoan pixkat harrotu-edo eta bota. Xurukina paratzen zen zaku baten barnean eta gero harrotzen zinuen pixko bat. Izaten zitun ziloak hura harrotzen zinuen. Gero paratzen zen mandiria gainean eta normal’».