FEB. 28 2026 - 00:00h Sasi-marxisten noraez liberala Mijo Lizarzaburu EHUko ikerlaria eta militante transfeminista Anna Freudek (1936) proiekzioaren mekanismo psikologikoa honela deskribatu zuen: pertsona batek bere pentsamendu, emozio edo ezaugarri propioak beste bati egoztea, bereak direla onartzea zaila zaionean. Otsailaren 19an Itaiako kideek “Berria”-n egindako elkarrizketa batean «planteamendu transfeminista batzuen noraeza» adierazi zuten, ez zait otutzen proiekzio mekanismoaren adibide hoberik. Itaiako kideentzat gure noraezaren arrazoiak hurrengoak dira: Mugimendu Sozialista erreakzio antifeminista gisa ikusten dugula, indarkeria matxistarekin bukatzeko gizon eta emakume klaseak desagerraraztea bezalako nabarmenkeriak proposatzen ditugula (TERFak zuekin ados) eta zapalkuntzekin amaitzeko ikuspegi iraultzailea alboratu dugula. Hurrengo lerroetan azalduko dut zein oker dauden Itaiako kideak eta nola desitxuratzen duten transfeminismo iraultzailearen edukia. Erreakzionario antifeministak zaretela diogu mugimendu feministarekin aliatu beharrean kontramanifestazioak antolatzen dituzuelako; mugimendu transfeministari zuen kontrolpeko gaztetxeen erabilera ukatu diozuelako; militante transfeministak kanporatu dituzuelako gaztetxeetatik, unibertsitateko ikasle espazioetatik eta auzo okupatuetatik (polizia agertzean koldartuta ihes egiten ez duzuenean, hori ere gertatu da eta). “Patriarkatu” eta “transfeminismo” hitzei betoa jartzen diezuelako beste eragileekin egiten dituzuen komunikatuetan. Zer gertatu zen Leioan? “Irakasle transfobo” terminoaren aurka beharrean, zuek “irakasle erreakzionario” terminoaren alde borrokatu zenuten erasoaren jatorria desitxuratuz; zorionez, Mugimendu Sozialistatik kanpo antolatzen den ikasle mugimenduak lortu zuen transfobokeria hori aldaraztea. Zuen militante matxitoei onartzen diezuelako sare sozialetatik identitate ez bitarrei barre egitea eta ondoren militanteak mehatxatzea. Protokolo feministei betoa jartzen diezuelako gero homofobia salaketak heltzean ez kontabilizatzeko… Eta hori ez da guztia; tarterik ez dudalako azaldu gabe geratzen diren beste asko ere badaude. Ekintza horiek non, nork eta nola gauzatu ziren dakigu (argazki eta guzti!), baina zuek “Berria”-n izan zenutena baino elegantzia politiko gehiago dugu, eta ez ditut izenak hemen publikatuko. Dena den, hartu hau aholku gisa: utzi guri buruzko gezurrak esateari, eta guk ez ditugu zuetaz dakizkigun egiak argitaratuko. Hau azalduta, gizon eta emakumeak desagerraraztearen nabarmenkeria eta ikuspegi iraultzailea alboratu izanaren akusazioa jorratuko dut. Aitortu behar dut existitzen dela noraezean dagoen mugimendu LGTBIAQ+-aren sektore bat, sektore liberala. Horiek proposatzen dutena da sistema heterosexuala erreformatzea. Horien helburua da LGTBIAQ+ fobia eta gure kolektiboarekiko biolentzia eta diskriminazioa bukatzea errora joan gabe, gizon eta emakume klaseekin bukatu gabe. LGTBIAQ+-en eskubideez hitz egiten dute, errespetuaz eta sexu orientazioak modu askean garatzeaz. Baina hemen dator parte barregarria: ezetz asmatu nork erreproduzitzen duen diskurtso liberal hori urtero ekainaren 28an? Itaia antolakunde sasi-marxistak! Patriarkatuaren irakurketa materialistarik egiteko gaitasunik ez duenak. LGTBIAQ+ mugimendu liberalaren beste aldean gaude gu, gure proposamena ez da heteropatriarkatuaren eta hark sortutako gizon eta emakume klaseen erreforma, baizik eta abolizioa, eta hori ez da nabarmenkeria, benetako proposamen iraultzaile bat planteatzea baizik. Zuek ulertzeko, helburua ez da sistema transfeministaren barruan bakoitzak askatasunez aukeratzea ea langile edo burges izan nahi duen, baizik eta bi klaseen abolizioa eta beste mundu antolaketa bat. Guk ez dugulako gure identitate indibiduala askatasunez aukeratu nahi sistema sozialista baten barruan gizon eta emakumeekin batera. Guk gizon eta emakume gabeko sistema transfeminista, dekolonial, antiespezista eta sozialista nahi dugu. Marxismoa eta transfeminismoa ez direlako antagonikoak, antifeminismoa eta “emakume langileen” benetako askapena ordea bai. Utzi zuen noraez liberala albo batera eta batu transfeminismo materialista iraultzailera! •