GAUR8

Zenbaki beste kointzidentzia

Pasang Temba eta Martin Zabaletari 2024an San Mamesen egindako omenaldia. (Jon URBE | FOKU)

Martxoak hamalau egun betetzen dituela eta, 3-14, badira ia lau hamarkada gaurko egunez Pi eguna ospatzen dela, eta, 2020tik, baita Matematikaren Nazioarteko Eguna ere, Unescok kointzidentzia baliatu zuenetik. Pi zenbakia, zirkulu baten zirkunferentziaren eta bere diametroaren arteko harremana adierazten duen zenbaki irrazionala da, π greziar letrarekin adierazten dena eta 3,14159 balioa duena, gutxi gorabehera. Zenbaki irrazionala izaki, ezin da zatiki gisa adierazi eta infinituak dira bere dezimalak. Antzinarotik dakigu ezin dela zirkuluaren koadratura ebatzi, eta askotariko saiakerak egin izan dira hain praktikoa den Pi harreman hori doitzeko. Egungo aplikazio zientifikoek ehun digituko gerturapenarekin nahikoa badute ere, informatika eta algoritmoen garapenak bilioika digitura zabaldu du Piren ezagutza, eta memorizatzeko errekorra 70.000 digitutan ezarria dago.

Geometria euklidearraren propietate den kointzidentzia hori, baina, ez da gaurko egunez ematen den bakarra. Efemeride biziki kuriosoa dugu gaurkoa. Urrutien joanda, teologia arrazionalizatzen aritutako Tomas Akinokoa gaurko egunez hil zen 1225ean, eta duela soilik sei urte, Stephen Hawking zientzialari emankorra. Zientzia ekonomiaren eremura eramanez kapitalaren funtzionamendua esplikatu zigun Karl Marx ere, 1883ko martxoaren 14an hil zitzaigun, Albert Einsteinek lau urte betetzen zituen egun berean. Zientzietatik haratago, gaur betetzen dira 46 urte Pasang Temba eta Martin Zabaletak nuklearren aurkako eta euskal nazio askapen borrokaren ikurrak munduko punturik altuenera eramana zituztela. Eta soilik sei urte geroago, Hego Euskal Herriak ezezko biribila eman zion espainiar Estatua NATOn mantentzeari, kanariar eta katalanekin batera. Estatu mailan justu xamar atera zen aurrera Aliantza Atlantikoaren aldeko jarrera, eta berrogei urte geroago, aktualitate beteko gaia dugu. Gaur bertan, NATOren aurkako nazio manifestaldia egingo da Iruñeko kaleetan; ez galdu aukera Aliantza Atlantiko anker honen aurrean Euskal Herria internazionalista eta antiinperialista aldarrikatzeko!

Matematikara itzuliz, eta gaurkoan ospatzea dagokigunez, jolas matematiko batzuk proposatzeko baliatu nahiko nuke txoko hau. Baga: «Beti egia esaten dutenen herriaren eta beti gezurra esaten dutenen herriaren arteko bidegurutzean, pertsona bat topatu duzu, eta ez dakizu zein herritakoa den. Bai edo ez erantzuteko moduko galdera bakarra eginez, asma ezazu zein bidek daraman batera edo bestera». Eta biga: «Artzainak herritik mendira eraman ditu ardiak egun batez, goizean irten eta arratsaldean iritsiz. Hurrengo egunean, atzera herrirako bidea egiten ari dela, zuhaitz baten itzalari erreparatzen dio eta ohartzen da, justu une berean pasatu zela leku beretik aurreko egunean. ‘Zelako kointzidentzia!’, pentsatzen du une batez, baina berehala ohartzen da, ezetz, halabeharrez gertatu behar zela leku jakin batetik une berean pasatzea. Zergatik?» •