GAUR8

Robert Laxalt, AEBko diasporaren idazlea

Robert Laxalt gaur bezalako egun batean hil zen duela 25 urte, 2001eko martxoaren 23an zehazki. AEBko diasporaren idazlea, euskal-amerikar nobelaren aitzindaria, euskal jatorriko estatubatuar idazle honek University of Nevada Press sortu zuen Renoko Unibertsitatean.

Robert Laxalt, lanean. (Reno Gazette Journal)

Robert Laxalt (Alturas, Kalifornia, AEB, 1923ko irailaren 25a - Reno, Nevada, AEB, 2001eko martxoaren 23a) euskal emigrazioaren ohiko adibidea izan zen neurri batean: Ameriketan bertan elkar ezagutu eta ezkondu ziren gurasoak. Bata baxenabartarra zen eta bestea, zuberotarra. 

Bigarren belaunaldiko seme zen Laxalt, beraz, umetan euskaraz egin arren etxean gero erabat ingelesez hazia. ‘Sweet Promised Land’ (1957), bere lehendabiziko liburua (eta ezagunena), bere aita Dominiqueren historian oinarritzen da. Dominique-ek Nevadara emigratu zuen gaztetan. Han 47 urtez artzain aritu zen, eta ondoren bere sorterrira itzuli zen. Liburuak oso harrera ona izan zuen Nevadan eta inguruko estatuetan, eta euskal jai asko sortzea ekarri zuen.

Nobela 1988an argitaratu zen euskaraz, ‘Dominique: artzain xiberutar bat Nevadan’ izenburupean, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulita. Aurretik, Pulitzer sarirako hautagai izan zen Laxalt ‘Kafea hartzea Iruñean’ (‘A Cup of Tea in Pamplona’) itzuli zuen ere Mendigurenek.

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegiaren aholkulari izan zen euskal kulturaren alorrean Robert Laxalt. Eusko Ikaskuntzaren programa bultzatu zuen Nevada Renoko Unibertsitatean. University of Nevada Press sortu zuen, eta 1964tik aurrera idatzi zituen liburuetatik gehienak bertan argitaratu zituen.

Bere anaia, Paul Laxalt, politikaria zen, 1967 eta 1971 artean Nevadako gobernatzaile eta 1974tik 1987ra Estatu Batuetako senatari izandakoa. Monique alaba idazlea da, eta 1993an ‘The Deep Blue Memory’ liburua, Estatu Batuetako euskal herritar artzainen giroan oinarritua, argitaratu zuen.