APR. 18 2026 - 00:00h Atentzioa emateko eta ez emateko oharrak Xabier Izaga Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea Ahaztuta samar geratu da Aste Santua, baina ez Giorgia Meloniren haserrea. Polizia israeldarrak Jerusalemgo patriarka latino eta kardinalari galarazi zion Hilobi Santuaren elizan Erramu Igandeko meza ematea eta Italiako lehen ministroa konturatu zen Benjamin Netanyahu ez dela parte onekoa. Aste honetan, berriz, zer diren gauzak, “jesukristo laranjak” kargu hartu dio berari, Meloniri alegia, ez duelako berrituko Italiak Israelekin duen Defentsa Akordioa (gaizki hartu zuen Israelgo Armadak joan den astean Libanon Nazio Batuen agindupean dauden Italiako bake tropak tirokatu izana), eta, gainera, ez diolako graziarik egin Etxe Zuriko erregeak Leon XIV.a aita santuaren gainean egindako oharpen lañoak. Donald Trumpek egunero eskaintzen du gutxienez pare bat lerroburu unean uneko gatazkaz. Bere burua nabarmentzea gustuko duela dirudi, are gehiago denen arreta erakartzeko ahalmena izanik; hala ere, batzuetan atsegin iturri ez ezik, beharra ere badu, unean uneko gatazka oharkabeago pasarazte aldera, hanka sartze txikiek hanka sartze handiak ezabaraziko balizkiote bezala. Izan ere, atentzioa ematea da megalomanoaren ezaugarrietako bat; edo, Bizkaiko Aldundiaren kanpaina baten arabera, “oharra ematea”. Ez dezala inork suma, arren, inoren lepotik barre egiteko asmorik. Izatekotan, funtzionatzeko modu baten kritika da. “No des la nota. Baja el volumen”, zioen kontzientziazio kanpaina horretarako erabilitako kartelak, eta euskaraz: “Ez eman oharra. Jaitsi bolumena”. Gaztelaniazko bertsioa burutsua da, zalantzarik ez. ‘No des la nota’ lokuzioko izenak esanahi bikoitza du, lokuzioari zentzua ematen baitio eta, aldi berean, bigarren esaldiarekin lotzen baitu. Euskarazkoa, berriz, horren itzulpena da, baina hori ez da okerrena, izan baitzitekeen itzulpen era berean burutsua; besterik gabe, ez du adierazi nahi lukeena adierazten, eta ez du bigarren esaldiarekin zerikusirik. “Ez notarik eman” jarri izan balute, lotura izango luke, behinik behin, bigarren esaldiko melodiarekin; hori bai, guztiz desafinatua, beste tonu batean. Atentzioa emateko, hain zuzen ere, ohar faltsu asko zabaltzen ditu arrazakeriak, gezurra eta desinformazioa baititu argudioaren ordezko nagusi. Arrazakeria, gainera, zuria, hipokrita da. Arrazistek diote ez dutela ezer immigrazioaren aurka... «legez kanpokoa» izan ezean. Hala ere, ez dute immigranteen egoera erregularizatzerik nahi. Diotenez, ez dute lanik egiten, baina datu ofizialek -eta arrazisten adineko senideek- besterik diote. Lana kentzen digutela esango dute orduan: beste inork egin nahi ez duen lana. Gobernu espainolak aste honetan onartu du milioi erdi migratzaileren egoera administratiboa erregularizatzeko aukera emango duen dekretua. Ez da albiste txarra, legedia arrazista nagusi den testuinguru batean. Enpresaburuen elkarteek migranteen erregularizazio hori positiboa dela diote, «eskulanaren beharra dagoelako». Hara migranteen eskubideen aldarrikapen bitxi eta ondo arrazoitua. “Oharra eman” arren atentziorik eman nahi ez duen arrazakeria hori ez nuke arrazakeriaren kontrako argudio gisa erabiliko. •