AUG. 29 2026 - 00:00h Bakarrik egoteko ate bat Itzea Urkizu Ezin dut opor sentsaziorik benetan bildu, irakurtzeko denbora-tarte luze samarrak hartzen ez baditut. Ni saiatzen naiz udari tokatzen zaizkion bestelako kontuei heltzen: korri egitera joan; bikinitan bizi; ileko plantxa kajoitik atera gabe eduki; eguzkiak marraztu dizkidan orinak maitatu; izozkiak, makarroiak, txokolatea erruduntasunik gabe jaten saiatu; uretan murgil egin eta likido horren parte sentitu; haurrekin ohean etzan eta oihuka kantatu, oinak airean astinduz; aurikularrak jantzi eta, gainontzekoak lo daudenean, telesail erromantiko hori ikusi enegarrenez. Baina, toallan, sofan, hamakan edo oinak uretan sartuta leitu ahal izatea, hori da benetako etenera, ihesbidera naraman errepidea. Horregatik sartu izan ditut, historikoki, badaezpadako liburu guztiak maletan, arroparen pare: aldarte, gogo, egoera ia guztiei erantzungo dietenak, oporraldian gertatzen dena gertatzen dela ere, eskura izan dezadan etxe bat letraz eraikia. Ipuin liburuak, eleberri laburrak, ehunka orrialdeko liburukoteak, ebooka ondo kargatuta. Buffet libre bat bakarrik egon ahal izateko. Hori baita benetako aitortza: irakurtzea bakarrik egoteko ate bat irekitzea da. Bakarrik eta ondo. Bakarrik baina beste norbaitzuen bideetan ibiltzen eta azaletan sartzen. Bakarrik baina inguruko bakardadeetara hobeto gerturatu ahal izateko moduak ulertzen. Bakardadeaz gozatzea norbere etxea atontzea baita; hankaz gora dagoena ordenatzen hasteko hautsak kentzea apalategi horri. Zutabegintza bezalaxe: trasteak txukuntzen saiatzea idaztean, ezabatzean, esaldiak lekuz aldatzean edo testu osoa kolpean idaztean, bakardade batetik beste batzuetara iristen saiatzeko. Plazera izan da nire etxearen zati bat letretan eraikitzeko ate bakarti honen maratila eskura izatea. •