AUG. 29 2026 - 00:00h Bluetooth enpatikoa; bibra txarrak, ongarri Collage: Dantzarinea. SENSATHLON® 2026 Nerea Sancho Esnaola Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta Aste honetan bulegotik atera, Donostiako erdiguneko espaloian oina jarri eta, munduko edozein hiriburutan dabilen turista arrunt bat bezala, poltsoa fuerte besarkatu dut. Lapurtuko didaten beldur. Jendetzagatik. Ez zait gustatzen nire hiriak gorputzean hori sentiaraztea. Gorputzak badaki noiz dagoen seguru eta noiz ez. Pertsona bati presa sartzea edo beldurra sortzea, ez dira tratu onak. Aldiz, peluxeek hiru funtzio bikain betetzen dituzte. Peluxeen funtzioak tratu onekoak dira. Alde batetik, zentzumenak lasaitzen dituzte ukimenaren bitartez. Bestetik, besarkatzean, propiozepzioaren berri ematen digute, hau da, gure gorputza non bukatzen den esaten digute eta segurtasuna eman. Eta, azkenik, funtzio erlazional eta emozional bat betetzen dute. Sortzen ditugun harremanak sinbolizatzen dituzte. Segurtasuna ez dute peluxeek bakarrik ematen. Aurreikus daitekeenak ere lasaitzen gaitu. Opor estandarrak ere, beti ongi ateratzen diren horiek, tratu onekoak dira. Estres gutxi sortzen dute eta erraz aurreikus daiteke zer gertatuko den, eta atseden ematen digute. Askoz hobea da leku xumeago batera joan, baina bertan nahi adina aldiz helatuak hartzeko norbere buruari baimena ematea, eta ez espektatiba handiko oporrak ipini eta, behin han egonda, helatu berean dirua gastatzeko barne borrokan aritzea. Esparrua ondo definituta dagoenean, asko disfrutatu dezakegu opor horietaz. (Hau jada ikertua dago!) Eta behin markoa jarrita, espektatibak akabatu, eta datorrenarekin gozatu. Sexu harremanetan, berdin!!! Oso harro nago nirekin dagoen bikote gazte batek egin dituen aurrerakuntza propioez. Horra haien ondorioen mokadutxo txiki bat: • Beraien hitzetan, kontua ez da zortea dutela hain harreman ona edukitzeagatik, baizik eta gai izan direla konbertsazio OSO deserosoak planteatzeko elkarri. • Ez da eztabaidatzen besteari min egiteko (eta gainetik geratzeko), elkar ulertzeko baizik. • Zerbaitek mindu gaituenean, besteari jakinaraztea eta aurrean dagoena entzuteko prest agertzea da gakoa. Kristalezko bola ateratzeko zain geratu gabe. • Eta badakite beraien harremana aldatzen joango dela eta inoiz ez direla izango hasieran elkar ezagutu zuten bi pertsona haiek berak. Harrotasun terapeutikoa ;-) Adimen emozionala. Adimen sexuala. Bluetooth enpatikoa. Deserosoa den guztia ez baita zaborra. Bibra txarrak ere ondo sailkatu behar dira. Batzuk errefusa hutsa dira, eta beste batzuk ongarri. Esango nuke kultura gastronomiko guztietan badagoela errezeta tipiko bat, sobera dauden osagaiak aprobetxatuz sekulako emaitza goxoa duena. Ikusi, adibidez, pizza edo espainiar ropa vieja, edo takoak: barruan denetarik doa! Kontua, askotan, ez da daukaguna aldatzea, daukagun horrekin zer egin dezakegun jakitea baizik. Bikote harremanean jakin-minez jarraitzea bide ona izan daiteke. Nolakoa da? Zer behar du? Zer egin dezakegu elkarrekin? Noraino hel gaitezke egoera deserosoak gaindituz gero? Nire familian jakin-min handia daukagunez, beti motibatuta mantentzen gara. Motibazio intrintsekoa, hau da, hutsa, autentikoa. Beste ezer lortzeko helbururik ez duena. «Zer da bagurrina?». «Ba al dago txoriren bat, bere espeziea kantaria izanik, bera mutua dena?». Baina galdera guztiak ez dira hain inuzenteak. «Nola sentitzen da homo sapiens bat baztertua sentitzen denean?». «Eta zure bikoteak zure ezintasun bat onartzen ez duenean?». Bluetooth-a piztu, ENTZUN zer dioen, ez saiatu bikotea aldatzen, eta kudeatu elkarrekin gainditu beharreko mugak. Ez jarraitu borrokatzen ezintasun horren kontra. Muga hori onartzea da abiapuntua. Benetako erabaki onak muga hori onartzen denean hartzen dira, eta orduan HAZI egiten gara. Zailtasuna baino handiagoak egiten gara. Markoaren burujabetza. Muga horiek zein kondiziotan biziko ditugun erabaki dezakegu. Sortuko diren aukera berrien artean aukeratu. Zailtasunetik haztea. Marko gainean dantzatzeko prest? • *Bagurrina: pagoaren usainak dakarren haize freskoa. *Badira mutuak diren txoriak, nahiz eta bere espeziea kantaria izan, lesioengatik, gaixotasunagatik edo entzumena galdu dutelako, besteak beste.