OCT. 21 2026 - 15:42h «Lasaitasuna» ospatu, baina etxeratze agindua mantendu Frantziako Gobernuak, astelehenetik astearterako gauean izandako «lasaitasuna» ospatu bazuen ere, bigarren gauez jarraian etxeratze agindua mantendu da Paris, Marsella, Niza edota Bordeleko zenbait eremutan, besteak beste. This browser does not support the video element. GAUR8 Bizitzaren garestitzearen aurka eta kalitatezko gizarte zerbitzuen alde pasa den asteburuan deitutako mobilizazio jendetsuen ostean izandako istiluei dagokienez, giroa nabarmen apaldu dela baieztatu du Frantziako Gobernuak. Hala ere, etxeratze agindu partzialak mantendu dira bart herrialdeko hiri handienetan. Paris, Marsella, Niza edota Bordele bezalako hirietan etxeratze agindua luzatzea erabaki zen zenbait eremutan. Hala ere, Matignonek fokua datorren asteburuan du jarrita jada, ordurako manifestazio ugari baitaude deituta. Manifestarien zilegizko aldarrikapenei errespetua agertu dien arren, Sebastien Lecornu lehen ministroak berretsi du Asanblea Nazionalean istiluen atzean, «ultra ezkerreko eta ezker muturreko» talde antolatuak daudela. Harago joan da Lecornu, ziurtatuz, Frantziako hiri askotan ikusten ari dena «matxinada baterako eskema» planifikatua dela, LFIko diputatuen kexen artean. Justizia Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2.500 atxilotu baino gehiago izan dira azken egunetan, 149 atxilotu behin-behineko espetxealdian sartu dituzte. % 95a gizonak dira eta hamarretik zazpi, adinez nagusiak. Frantziako hedabideen arabera, atxilotutakoen artean euskal jatorridun gazte bat dago, Limogesko Udala suntsitu zuen sutearekin zerikusia duelakoan.