NOV. 07 2026 - 00:00h Aitona-amonen etxean Maddi Aiestaran Bertsolaria Aitona-amonen etxean gauza gutxi egoten ziren guretzat baliozkoak: arropa zaharrak, pala eta pilota zaharrak, patinak, askotariko erremintak, telak, kartak, paperak, margoak eta telebista; horixe, eta gutxi gehiago. Udako oporraldiaren parte handiena hantxe igarotzen genuen ahizpok garai batean. Eguraldi ona egiten bazuen, kalera ateratzen ginen, eta gutxirekin topatzen genuen dibertitzeko modua. Bazkaritarako eta afaritarako puntual bueltatzen ginen etxera, eta jan ondorengo tarteetan telebistari begira egoten ginen. Aitona eta amona lo gelditzen ziren sofaren ertz banatan, postura berean beti-beti. Guk nahi genuena egiten genuen orduan, nahi genuena, baina isilik, ahal zela. Hotsik atera gabe pasatutako denbora horretan, imajinazioaren garaia hasten zen. Askotan, etxean zehar topatutako paper zatietan marrazkiak egiten genituen. Paperean, 1 Formulako kotxeak, Realaren armarria eta edozein palotako erregeak, zaldunak, txotak. Behin eta berriz errepikatu genituen marrazkiok; eredu bat hartu, eta behin eta berriz kopiatzen genuen xehe-xehe detaile bakoitza. Kutxilloarekin ateratzen genien punta arkatz zaharrei. Eta kontzentratuta, mingain punta ateratzen genuen ezpainen arteko zirrikitu batetik nahi gabe. Horretantxe tematuta, aise uzten genion aspertuta egoteari. Pultserak egiten genituen beste batzuetan, ezkutalekuak sortzen genituen etxeko txoko diferentetan, gure ametsetako etxearen planoak marrazten genituen, ipuinak kontatzen genizkion elkarri… Imajinazioaren garaia zen; eta batzuetan bakarka eta batzuetan elkarrekin, urrutira eramaten genuen gogoa. Hazi egin gara orduz geroztik. Urrutira eraman gaitu bizitzak, eta ez dugu nahi bezainbeste denbora igarotzen aitona-amonenean. Orain, igande iluntzera burua lehertzear ailegatzen ari garen aldi honetan, faltan sumatzen ditut egun aspergarri bezain baliozko haiek denak. •