NOV. 28 2026 - 00:00h «Jensen» operazioa Isidro Esnaola Ekonomia politikoko ikerlaria / Investigador de economía política Hilabete honetako kulebroiak Jensen Huang Nvidia-ko CEOa izan du protagonista. Agintaldi erdiko hauteskundeen ostean, ustezko espioi txinatar batekin harremana izan zuela zabaldu zen. Berehala piztu zen “The New York Times”-ek zuzendutako kanpaina mediatiko handi bat, azaroaren 12an dimititzera eraman zuena. Hamar egun geroago, astelehenean, Nvidiak bere kargu guztiak itzuliko zizkiola iragarri zuen. Sortzailearen itzulerari esker, Nvidiak galdutako balioaren zati handi bat berreskuratu zuen. Istorio horren atzean, botere borroka bat agertzen da; eta krimen nobela onetan bezala, asko daude inplikatuta. Nvidiak adimen artifizialerako txip onenak egiten ditu. Kuasimonopolio horrek sekulako merkatu boterea ematen dio. Botere hori ez da txip horien kontsumitzaileen gustukoa, batez ere OpenAI eta Anthropic konpainientzat, datu zentroetan diru kopuru handiak gastatzen ari baitira. Bi enpresa horiei eta atzean daudenei (Microsoft, Google, Amazon…) primeran zetorkien Nvidia ahulago bat, prezioak behera bultzatzeko. Eta horretarako ez dago sortzailea erditik kentzea bezalakorik. Ez dugu ahaztu behar, Jensen Huang kanpoan egon den lapsus horretan, Anthropic burtsara atera dela. Negozio itzela egin du, eta Elon Musken SpaceX gainditu du, inoizko burtsaratzerik handiena lortuta. Zalantzarik gabe, Jensenen irteerak eta Nvidiaren ahuleziak lagundu dio Anthropici prezio bikain hori lortzen. Lehia horrek beste alderdi bat ere badu: adimen artifizialaren eredua. OpenAI eta Anthropic enpresek eredu itxi baten alde egin dute, bi enpresa horiei eta haien datu zentroei adimen artifizialaren monopolioa emango liekeena. Jensenek, ordea, mundu guztiak programa bat deskargatzeko eta erabiltzeko moduko eredu ireki baten alde egiten du. Eredu horrek mesede egiten dio Nvidiari, merkatu askoz zabalagoa eta dibertsifikatuagoa izango bailuke txipak saltzeko. Lehenengoek Txinako eredu irekiak debekatzearen alde egin dute, segurtasun nazionalerako mehatxu bat direla argudiatuz, baina Jensenek kontrakoa egiteko presioa egin du. Hemen berriro errudun berberak ageri dira. Baina esparru horretan gauzak nahiko nahasiak daude. Nvidia txip asko saltzen ari da Anthropici eta OpenAIri. Gainera, Nvidiak datu zentroak finantzatzen ditu, txipak eros diezazkioten. Modu horretan, Nvidiak etorkizuneko diru sarrerak ziurtatzen ditu, baina, aldi berean, dependentzia zirkularrak sortzen ditu. Irabazi handiko negozioa da, baina oso arriskutsua ere bai mendekotasunengatik. Gainera, zuzeneko finantzaketa hori ez zaie batere gustatzen Wall Streeteko belatzei, Nvidia bere finantza negozioan sartzen ari delako. Horrela, Nvidia eta Jensen ahultzeko interesa duen beste kolektibo bat ageri da. Datu zentroetako inbertsioak izugarriak dira, eta Anthropic eta OpenAI ezin dira diru sarrera handiez harro egon, Txinako eredu irekia negozioa izorratzen ari zaielako. Horregatik dute eredu libreak debekatzeko interesa. Eta hori da burbuilaz hitz egiteko arrazoietako bat: adimen artifizialaren esparruan espektatibak errealitatetik oso urrun daude. Gainera, agintaldi erdiko hauteskundeetan, estatu askotan hautesleek datu zentroak murriztearen alde bozkatu zuten. Beste kolpe latza datu zentroen atzean daudenentzat. Badirudi istilu honetan irabazi duen bakarra Donald Trump dela: hamabost milioi, “Financial Times”-en arabera. Joan den ostiralean, burtsako saioaren erdian, Ameriketako Estatu Batuetako konpainiek kanpoan datu zentroak eraikitzea debekatuko zuela esan zuen Trumpek, eta horrek kotizazioen gainbehera handia eragin zuen. Ordurako jakingo zuen Jensen astelehenean itzuliko zela. Baliteke Trumpek adierazpen hori egitea haginkada are gehiago handitzeko. Plutokraziaren Gobernuaren bitxikeriak. •