NOV. 28 2026 - 00:00h Medikuntza modernoaren paradoxa Bizi ohiturak ere landu behar dira. (GETTY IMAGES) Oier Gorosabel Fisioterapeuta Medikuntzak inoiz baino baliabide tekniko gehiago ditu gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko. Aurrerapenok bizitza askoren salbazioa ekarri dute, baina baita galdera deseroso bat ere: gaixotasunak tratatzeko erabiltzen dugun indarraren aldean, non gelditzen da gaixotzea saihesteko egiten duguna? Joan den hilean komentatu genuen Peckham esperimentuaren kasuak gako garrantzitsua eman zigun: lehen mailako arretak (prebentzioak eta osasun hezkuntzak, bereziki) berebiziko garrantzia du horretarako, baina gizarte modernoak ez du horretara diru askorik bideratzen, ospitale handien, teknologia aurreratuen eta espezialista ospetsuen soldatetan gastatzen duenaren aldean. 1974an, Michel Foucault filosofo frantsesak ere norabide horretan jo zuen: medikuntzaren sozializazioa, ospitaleen bilakaera eta medikuntzak gizartean duen boterea aztertu zituen, eta osasun sistemak zer lehenesten duen erakutsi zuen. Ez zen bakarra izan. Urte berean, Kanadako osasun ministro Marc Lalondek osasuna ulertzeko ikuspegi berritzaile bat proposatu zuen; herritarren osasuna lau eremu nagusiren elkarreragina dela jaulki zuen: giza biologia, ingurunea, bizimodua eta osasun zerbitzuen antolaketa. Izan ere, osasun maila hobetzeko ez da bakarrik medikuntza zerbitzuetan dirua gastatu behar. Gainera, ingurune osasungarriak sortzea, prebentzioa sustatzea eta bizi ohiturekin lotutako arriskuak landu behar dira. Lalonderen txostenak zalantzan jarri zuen osasun arreta tradizionalari emandako gehiegizko nagusitasuna, eta gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko estrategiak indartzea proposatu zuen. Foucaulten gogoetekin batera irakurrita, ondorio argia ateratzen da: ospitaleak ezinbestekoak dira gaixotasun larriak artatzeko, baina prebentzioa ez da bigarren mailan laga behar. Arazoa ez baita ospitaleak edo arreta espezializatua izatea, baizik eta horiek izatea osasun arretaren ardatza. Lehen mailako arretak, aldiz, pertsonaren jarraipena egiteko, arriskuak goiz antzemateko, osasun hezkuntza eskaintzeko eta arreta koordinatzeko aukera ematen du. Hor kokatzen da fisioterapiaren ekarpen baliotsuena ere: ez bakarrik lesioak edo mugikortasun arazoak tratatzea, baita haiek prebenitzea, jarduera fisikoa sustatzea, mina eta ezintasun funtzionala gutxitzea eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen autonomia mantentzea ere. Horretarako, ordea, lehen mailako arretak denbora, langileak eta baliabide egonkorrak behar ditu. Nahiz eta prebentzioaren arrakasta hain ikusgarria ez izan, gertatzen ez den gaixotasuna, oharkabean pasatzen baita. Horregatik, osasun sistemaren emaitzak neurtzean, ez dira soilik kontsultak, probak edo ebakuntzak zenbatu behar; saihestutako gaitzak, herritarren bizi kalitatea eta osasun desberdintasunak murrizteko egindako lana ere kontabilitatean sartu behar dira. Peckhamgo arduradunek, Foucaultek zein Lalondek, bakoitzak bere ikuspegitik, gaurkotasun handia duen gaia bistaratu zuten: zertarako eta noren mesedetan antolatuko dugu medikuntza? Osasun sistema sendo batek ospitale bikainak behar ditu, baina baita lehen mailako arreta indartsua eta irisgarria, prebentzio eraginkorra eta gaixotasunen sustrai sozialei heltzeko politika publikoak ere. •