NAIZ

Duela 15 urte hil zen Joxemari Mendizabal aizkolaria

Duela 15 urte hil zen Joxemari Mendizabal aizkolaria, 20 urtez plazak utzi eta bere itzulera Tolosan egin ostean. Hirugarren enborra mozten ari zela ondoezik sentitu zen, eta lana utzi behar izan zuen. Geroxeago bihotzekoak jota hil zen.

Joxemari Mendizabal bere azken apustuaren hasieran.
Joxemari Mendizabal bere azken apustuaren hasieran. (Raul BOGAJO | FOKU)

Joxemari Mendizabal, Mendizabal II. bezala ezagutua, bere anaia Martinen atzetik zetorrelako, joko handia eman zuen plazagizona izan zen. Gazte hasi zen herri kiroletan, eta bereziki abila zen harriak jasotzen. Harrijasotzaile moduan aritu zen plazarik plaza. Bere lorpenen artean, 225 kiloko harria altxatzea eta 200 kiloko harri kubikoari sei minutuan sei altxaldi egitea egon ziren, uneko errekorra hautsiz.

Erakustaldi batean harria oin gainera erori eta apurtu egin zuen. Horrek urtebetez geldirik egotera behartu zuen. Plazara itzultzeko aukera izan zuenean, berriz, ezin izan zuen harriekin egin, eta aizkorari heldu zion.

Adunan jaioa, Leitzara joan zen bizitzera ezkondu ostean, eta bertan entrenamendu gogorrei esker, goi mailako aizkolari izatera heldu zen 30 urterekin. Lehen apustua Ataungo Aierberen aurka jokatu zuen, eta kanako lau enbor zutik moztu behar izan zituen. Irabazi ostean, beste apustu asko jokatu zituen. Nafarroako txapelduna izan zen hiru aldiz eta Euskal Herriko txapeldun behin.

42 urte zituela, plazak uztea erabaki zuen, baina erretiroa ez zen betirako izan eta 20 urte aizkoran lehiaketarik egin gabe egon ostean, 2009an entrenamenduei heldu zien berriro. 2010ko martxoaren 28an zuen itzuleraren lehen lehiaketa, Tolosako zezen plazan. Egin beharreko ariketa: kanako lau enbor zutik moztu behar zituen, eta laguntzaile izan zuen Aierbe. Jose Mari Olasagastiren aurka jokatu zuen oraingoan, baina ezin izan zuen amaitu. Izan ere, hirugarren enborra mozten ari zela, ondoezik sentitu zen. Gero onera itzuli zela zirudien arren, bazkaltzera zihoala bihotzekoa eman zion eta hil egin zen.

Azken agurra Leitzan bertan egin zioten, eta herri kirolen munduko jende asko gerturatu zen bertara. Aizkorak altxatuz eta aurresku batekin egin zioten omenaldia.