
Berriatuko ondare materiala eta immateriala biltzen duen atari digitala aurkeztu dute gaur Bilbon, Euskaltzaindiak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan.
Bertan izan dira proiektuaren buruan dagoen Goikolau elkarteko lehendakari Iñigo Manzisidor, Joseba Goienola alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua.
Herriko ondarearen ezagutzarako gordailu eta leiho digitala izango den atari berria material anitza biltzen du. «Lehengo herritarrek sortutako ondarea eta egungo herritarrak sortzen ari direna ezagutaraziko ditu Berriatuko Herri Ondarea Internet atariak», azaldu du Manzisidorrek.
Erraz eskuratzeko modukoa
Nabarmendu du, hortaz, tresna bizia dela, eta iragana eta oraina elkartzeaz gain komunitatea bera indartzen laguntzea duela helburu.
«Modu oso grafikoan, txartel edo fitxa laburren bidez jasotako informazio guztia modu erakargarrian, ongi antolatuta eta erabiltzaileak erraz eskuratzeko moduan, elkar lotuta eskaintzen du webguneak, eta etorkizunean informazio eta dokumentu gehiagoz osatzea da asmoa», adierazi dute.
Tresna berrian aurkituko den materiala ere zehaztu dute: «historiaurreko kobazuloetako aztarnak, erdi aroko dorreak eta margotutako etxeak, kofradien batzar-mahaiak, garbitokiak, antzinako olen eta erroten aztarnak, herriko lurrak borobilez betetzen dituzten baso-korten aztarnak, andarriak, txakur burua duen haberen bat, gurutzeak, gerrako lubakiak... eta abar luze bat».
Herriaren begirunea
Proiektua garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu du elkarteak Udalarekin. Joseba Goienola alkateak azpimarratu duenez Udalak dituen helburu publikoekin bat datorren egitasmoa da hau.
«Komunitate bizia eta kohesionatuta izatea altxorra da gure moduko herrietan. Garai berrietara egokitzen dakien herria izaten jarraitu nahi dugu eta, aldi berean, aurrekoek egindakoari begirunez begiratzen diona», esan du alkateak, eta Goikolau elkartearen lana azpimarratu du.
Poriektuak, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du. Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak balioa eman dio, era berean, Goikolau elkarteak egindako lanari. Esan duenez, «urteetan egindako lana batu, sailkatu, aurkeztu eta modu bizi eta dinamikoan kontsultatzeko aukera» ematen du atariak, «urteetan egindako lanari balio erantsia ematen diona, herritarren eskura jartzea, zabaltzea eta dibulgatzea».
Atari digitalaren aurkezpenean, Goikolau elkarteak «lan esparru berean eredu» izan dituen Labayru Fundazioaren, BizkaiKOA erakundearen Ondarearen Europako Jardunaldien eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren lana aitortu eta eskertu du. Balentin Laka eskultoreak egindako ‘Goikolau ikurrak’ eman dizkie Berriatuko erakundeetako ordezkariei.