«Ez nuen laminen kondaira tradizionala zalantzan jarri nahi, nire irakurketa oholtzaratu dut»
Madrilek "Nork in dak" antzezlana hartu zuen apirilean, Saioa Larak idatzi eta zuzendua. Obra laminen kondairaren ingurukoa da, baina apurka-apurka zuzendariak paralelismo bat ezartzen du prostituzioarekin.

Euskal mitologia bazterretan bizi diren izakiz beteta dago: kobazuloetan, ibaietan, laino artean. Horien artean, laminak: ahate-oinak, ile luzea eta koipe-gosea dutenak. Lur sagaratua zapaldu ezin duten emakumeak, seme-alabarik izan ezin dutenak, maitatu ezin dutenak. Izaki baztertuak, maitatuak eta aldi berean beldurgarriak, kolpatu edo zaurituak izan ondoren, beti gauza bera galdetzen zitzaienak: nork in dak?
Jose Miguel Barandiaranek erreskatatutako esaldi horretatik abiatzen da Saioa Larak idatzi eta zuzendutako lehen obra. Hain zuzen ere, “Nork in dak?” du izena, eta apirilean aurkeztu zen Madrilgo “El Umbral de Primavera” aretoan, “Abril Imaginario” zikloaren barruan. Izenburuko galdera, Barandiaranek bildutako ahozko mitoetatik sortua, lamina bat ahizpenagana zaurituta itzultzen denean abiatzen da. Bere ahizpek galdetzen diote nork egin dion min. Erantzunak -«Ni, nihauk»- ez du seinalatzen min egin dion gizona, eta amildegi bat irekitzen du orduan.
HELDUAROAN PIZTUTAKO ZALANTZAK
Txikitan kontatu zizkioten elezaharretatik abiatzen da obra. Larak GAUR8ko elkarrizketa honetan gogoratzen du nola, ikastetxean, laminaz mozorrotzen ziren inauterietan, inoiz zalantzan jarri gabe benetan nortzuk ziren ibaietan bizi ziren emakume horiek. Euskal mitologiarekiko jakin-minak helduaroan jarraitu zuen, eta beti nahi izan du euskal mitoa ardatz duen lan bat egin. Baina iazko maiatzean hasi zuen ikerketa batetik abiatuta, laminen istorio horietan familiartasun kezkagarri bat deskubritzen hasi zen: prostituzioarena.
«Ez dut mito tradizionala zalantzan jarri nahi -azaldu du-, nire irakurketa besterik ez dut ekarri. Printzesen ipuinekin bezala, horiek aztertzen gelditzen zarenean, beldurra ematen duten gauzak ikusten dituzu. Eta laminekin gauza bera gertatu zitzaidan: zergatik onartzen dugu besterik gabe istorio hori? Zergatik kontatu ziguten horrela?»
Ikerketan zehar, kontraesanak azaleratzen hasi ziren. Batzuk lagunekin izandako solasaldietan sortu ziren; beste batzuk, sare sozialetan. Arreta gehien piztu zion elementuetako bat laminen ahate-oinarena izan zen. Hasieran, xehetasun fantastiko bat zela uste zuen, marka mitologiko bat. Baina laster hasi zitzaion buelta ematen: «OnlyFans plataforman, adibidez, emakume askok diote diru-sarrera handiak lortzen dituztela oinen argazkiak salduz, gizonen desiraren objektu bihurtuz», zehaztu du. Lararentzat, laminen animalia-ezaugarri hura fetitxismo moderno horren aurrekari sinbolikoa izan daiteke: desberdin, desiragarri eta, aldi berean, marjinal bihurtzen zituen zerbait.
«Denak kirrinka egiten zidan», gogoratzen du. Baita laminek beren mesedeen truke eskatzen duten janariak ere: koipea, ogia, esnea. «Bazirudien gauza guztiek gauza bera adierazten zutela. Orduan, hariari tiraka hasi nintzen.»
GALDERA IREKIEN ANTZERKIA
Hala ere, parabola itxi bat marraztu beharrean, lanak galderak sortzen ditu. Larak ez du ez erantzunik ez moralismorik eskaintzen. Badaki prostituzioari buruzko eztabaida polarizatuta dagoela, eta horregatik defendatzen du antzerkia arrakalak irekitzeko, zalantzak sortzeko espazio gisa. «Niretzat antzerkia hori da: geure buruari galderak egitea. Gaur lanean ari garen sortzaileok, batez ere emakumeok, galdera asko ditugu», azpimarratu du.
“Nork in dak?” transmisioari buruzko lana ere bada: zer kontatzen zaigun, nola eta zergatik. Larak, kondaira horiekin hazi denak, laminaz jantzitako testuak, irudiak eta haurtzaroko argazkiak ekarri ditu eszenara.
Era berean, izaki horien unibertsoa erakusten duen funtzioaren aurretiko erakusketa bat prestatu du, ziur aski laminei buruz ezer entzun ez duen madrildar publiko batentzat. Hala ere, «ez dut arazorik izan publikoak ulertzeko», dio. «Feedbacka oso zirraragarria izan da.»
Horrela, obra kondaira kontatuz hasten da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den bezala. Gero, poliki-poliki, haustura bat sartzen du. Ahotsak ugaldu, politizatu, gorpuztu egiten dira. Sei aktorez osatutako taldea arnasten, taupadaka eta oihuka ari den organo korala bihurtzen da.
Ez zen erraza izan obra hastea. Larak ez zuen dirulaguntzarik, ezta erakundeen babesik ere. Gainera, «euskal taldea izatea nahi nuen, oso modu intimoan bizi den elezaharra delako», dio. Azkenean, gertuko jendearekin lan egitea erabaki zuen, oholtzan islatzen zenarekin bat egiten zuten lankideekin.
«Gai politiko bat jorratzen duzunean, leku seguru batean egon behar duzu. Lan hau istorio pertsonaletatik, bizipenetatik ere sortu zen. Eta horri eutsi behar zaio», gehitu du.
OBRA ZABALIK DAGO ORAINDIK
Dramaturgia berea da, eta testu luze bat sinatzen duen lehen aldia da. Hasieran txundituta utzi zuen hitz-jarioak. Idaztera eseri eta dena konektatzen zen. Baina obra mitologiatik urrundu eta gaurkotasunera hurbildu ahala, hizkuntza aldatu egiten zen, eta hor etorri ziren blokeoak.
«Haustura egiten dugunean eta gaur egungo prostituzioa neska gazteekin ekartzen dugunean, hizkuntza aldatzen da. Hor askoz konplikazio gehiago izan nituen testuaz seguru sentitzeko. Oraindik ideia berriak ditut, hariari tiraka jarraitzen dut. Obra eraldatu egin daiteke», ziurtatzen du.
Izan ere, “Nork in dak?” lanak ez du bere bidea amaitu. Irailaren 12 eta 19an Madrilgo “El umbral de primaverara” itzuliko da, eta obra Euskal Herrira eramatea aztertzen ari da Lara. Euskarazko bertsio oso bat ere aurreikusten du , betiere bere historia erabaki duen forma berezi horretan kontatzen jarraituko duela ziurtatuz.
Hori baita, funtsean, antzezlana hasieratik bukaerara zeharkatzen duen galdera: eta kontatu ziguten kondaira egia ez balitz? Eta tradiziotzat hartzen duguna ikusi nahi ez duguna ezkutatzen duen bertsio eroso, etxekotu bat besterik ez balitz?
Oinordetzan jasotakoaren eta bizitakoaren arteko tolestura deseroso horretan landatzen du “Nork in dak?”-ek bere hazia. Ez erantzunak emateko, baizik eta berriro begiratzeko. Beste leku batetik galdetzen hasteko.