Itsas-eskolak, etorkizuneko marinelak prestatzen
Erreleboa falta dela, itsasora joan nahi duen gazterik ez dagoela, arrantza galzorian dela... Askotan entzun ditugu antzeko mezuak Euskal Herriko portuetan. Kezka horren jabe, Pasaiako Blas de Lezo eta Ondarroako Antiguako Ama itsas-eskoletara gerturatu gara, egiten duten lana ezagutzeko.
Azkenaldian behin eta berriro entzun izan dira arrantza mundutik sektorearen etorkizunaz oso kezkatuta hitz egin duten ahotsak. Errelebo falta, gazteek itsasoko lanarekiko erakusten duten interes falta, Euskal Herriko arrantzaren ezaugarri bereziei jarraipena emateko arazoak... Horregatik, gure kostaldeko itsas-eskoletako jarduna gertutik ezagutu nahi izan dugu, gazteekin egiten den lanaz jabetu eta egoeraren erradiografia osatzeko oinarri garrantzitsua direlakoan.
Zehazki, Pasaiako Blas de Lezo eta Ondarroako Antiguako Ama ikastetxeetan izan gara. Lanbide Heziketara bideratutako eskolak dira, Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloak eskaintzen dituztenak. Bi adar nagusitan banatzen da eskaintza: arrantza eta nabigaziora bideratutako zikloak, eta makinen mantenimendura bideratutakoak. Horrez gain, Pasaian Urpekaritza zikloa eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ere eskaintzen dituzte, eta Ondarroan ere aukera horiek laster gehitzekotan dira. Gainera, itsasoan lan egiteko beharrezkoak diren beste hainbat ikastaro ere antolatzen dituzte bi zentroek.
«Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloek bi urteko iraupena dute, biek berdina. Baina zubia (arrantza/nabigazioa) eta makinak bi gradu desberdin dira, bakoitzak bere ikasgaiak ditu eta ez dira biak batera egiten. Eta urpekaritzan egia da nabigazioko kontu batzuk ematen direla, baina urpeko lanetan oso zentratuta dago. Ardatz bakoitza berean oso enfokatuta dago. Esan liteke Erdi Mailako zikloetan oinarriak lantzen direla, eta konpetentzia maila altuago bat eskuratu nahi duenak Goi Mailako zikloa egin dezakeela. Eta hastapeneko zikloetan esango genuke lehen hurbilpen bat egiten dela, bai arrantza munduarekin edo bai laketontzien mantenimenduan», azaldu digu Ane Aizpuruak, Blas de Lezo ikastetxeko zuzendari operatiboak.
«Erdi Mailako Litorala deitzen zaio zubikoari, eta Goi Mailakoari Altuerakoa, segun eta itsasoan noraino joan zaitezkeen, segun eta zenbat miliatara joan. Makinetakoan ere Erdi Mailakoa eta Goi Mailakoa daude. Kontua da makinetako adarreko moduluan ez direla itsasoan bakarrik zentratzen. Hemendik ateratzen diren ikasleen profilak balio du beste arlo askotarako ere, mantenimendurako. Azken batean, ontzi batean denetik dago, eta gure ikasleek denetik ikasten dute. Ez dira espezialistak elektrizitatean, hidraulikan edo hotzean, baina denetik ikasten dute eta itsasoaz aparte beste enpresetarako ere oso baliagarria izaten zaie», berretsi digu Amaia Basterretxeak, Antiguako Ama ikastetxeko zuzendariak.
«Zubiko zikloan ikasle guztiak gela berean egoten dira. Arrantzari buruzko ikasgai espezifiko bat daukate, baina beste gai denak berberak dira. Azkenean, arrantza-ontzi bat eraman edo merkantzia-ontzi bat eraman, nabigaziorako berdina da. Gero, bakoitzak ontzi barruan lan desberdinak egingo ditu, izan arrantza edo izan merkantziak kargatu eta deskargatu, baina nabigazioa berdina da. Eta gero, norbaitek merkantzia-ontzietan kapitain izan nahi badu, unibertsitatera joan behar du, hemen bukatu eta beste lau urte», gehitu du eskaintza akademikoari buruz Alex Barrenetxeak, Blas de Lezo ikastetxeko irakasleak.
IKASLEEN PROFIL ANITZA
Barrenetxea arrantza arloko irakaslea da Pasaian, eta dituzten ikasleen profila zein izaten den galdetu diogu, ideia bat egiteko. «Gure ikasleak normalean kostaldeko inguruetatik etortzen dira, baina badira beste leku batzuetakoak ere. Kantabriatik edo Galiziatik ere etortzen zaizkigu, eta batez ere Balear Uharteetatik. Normalean argi samar izaten dute zer nahi duten. Ni, adibidez, arrantza arloko irakaslea naiz, eta arrantzara nork bideratu nahi duen identifikatzen saiatzen naiz. Ez da ikerketa serio bat, baina nire esperientziatik esango nuke ikasleen laurden bat izango dela bere ibilbide profesionala arrantza munduan egin nahi duena. Eta esango nuke ikasketa hauek irauten duten bi urteek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago animatzen dela arrantza probatzera. Ideiak ez dituzte erabat argi izaten, baina gu saiatzen gara arrantzaren aldera bultzatzen».
Ondarroan irakaslea den Iosu Aranberriri galdetuta, hiru ikasle mota izaten dituztela aipatu digu. «Nik hiru profil ikusten ditut. Oraindik zer nahi duten oso argi ez duten gazteak, batez ere Erdi Mailako zikloan; bestelako gazte batzuk oso argi dutenak zer nahi duten, normalean Goi Mailakoa egiten dutenak; eta itsasoan lanean dabilen jende helduagoa baina titulurik ez daukana eta titulua atera nahi duena, edo daukatena hobetu».
Hala ere, Amaiak gogoratzen duenez, zaila egiten da gehiegi orokortzea, sailkapenak sailkapen, pertsona bakoitzak motibazio desberdinak izaten dituelako. «Alde horretatik eskola bereziak dira. Jende mota oso desberdina etortzen da, helburu oso desberdinak dituztenak. Denetik egoten da», aipatu du. Eta asko ez diren arren, dituzten lau ikasle nesken adibidea jarri du.
«Nesken presentzia handitzea bada gure ildo estrategiko bat, baina ez da erraza. Lanbide Heziketan orokorrean ikusten da oraindik arlo askotan nesken presentzia oso urria dela, beste batzuetan mutilena den bezalaxe, baina horretan gabiltza. Eta esandakoa, horren ikasle mota desberdinak izanda kasu bakoitza oso berezia izaten da. Bartzelonako neska bat daukagu, adibidez, itsas-biologoa. Praktikak egiten atunontzietan aritu da, gustatu egin zaio, patroia izan nahi du eta Ondarroara etorri da. Beste bat Leioatik etortzen da. Gurasoak aljeriarrak ditu eta, antza denez, hango ontzietan emakumeak eramateko patroi emakumeak behar izaten dituzte. Eta hirugarrena lekeitiarra da, arrantzale familia batetik datorrena. Beraz, kasuistika oso anitza da», zerrendatu du.
Kanpotik Euskal Herriko eskoletara ikasleak etortzea ere deigarria egiten da. Kuriosoa da, adibidez, Balear Uharteetatik etorritako ikasleen kasua. «Itsas-eskola itxi egin zuten Mallorcan, eta bertan ez zeukaten titulua ateratzeko aukerarik. Hasieran bat etorri zen, gero hiru, eta gero hamar», kontatu digu Iosu Aranberrik Ondarroara etorritakoez. «Titulazio hauek ateratzeko Lanbide Heziketako ikastetxe batera joan behar zara. Eta Espainian ez daude horrenbeste. Askotan ikastetxe bila ibiltzen dira. Eta Balear Uharteen kasuan, bai Pasaiara eta bai Ondarroara ikasle dezente etortzen dira. Gure eskolek fama ona daukate, baina Euskal Herriak erakartzen ditu batez ere. Uharte batean bizi dira, eta gazteak direnean handik irten eta beste leku batzuk ezagutzeko gogoa izaten dute. Oso ongi pasatzen dute hemen», gehitu du Alexek.
ITSASOA GOGORRA DA, EZIN UKA
Gazteek itsasoko lanari bizkar emateko arrazoi nagusi bezala sektoreko lan baldintza gogorrak aipatu ohi dira. Kanpotik begiratuta hala dirudi, baina benetan ea hala den galdetu diegu ikastetxeetako kideei. Alex eta Iosu arrantzan aritutakoak dira, adibidez, eta Ane merkantzia-ontzietan lan egindakoa. Ez dute alderdi hori ezkutatu.
«Lan gogorra da, ez bakarrik fisikoki, etxetik kanpo denbora asko egon behar duzulako batez ere. Eta horretara ohitu egin behar zara. Ez da lehorrean ohituta gauden lanen modukoa, non zortzi ordu sartzen dituzun eta gero etxera zoazen. Orain, adibidez, antxoatan dabiltza baxurako ontziak, eta ez dakizu hemen gertu ibiliko zaren, Laredo inguruan ibiliko zaren, Asturias alderaino joango zaren... eta agian asteburua Gijonen pasa beharko duzu, adibide bat jartzearren. Alde horretatik, lotura handia da. Arraste-ontzien kasuan, astean egun bakarra gelditzen dira. Igandean portuan sartu eta astelehenean berriz martxa, egun bat baino gutxiago etxean. Zer esanik ez Eskozia aldera igotzen direnak, horiek hiru hilabeteko kanpainak egiten dituzte. Alde horretatik, lan baldintzak ez dira aldatu. Arrantza munduan baldintzarik onenak eskaintzen dituztenak atunontziak dira: lau hilabete kanpoan eta lau hilabete etxean, baina beste arrantza-ontzietan ez daukazu hori», dio Aranberrik.
«Zergatik da gogorra? Lehen kontua absentzia da, familia edo lagunak faltan botatzea. Lehen egunetan nabaritzen da gehien, gerora sentimendu hori ere leuntzen joaten da. Eta gero kanpaina nola joaten den: ontzian une onak eta une txarrak egoten dira, baina hori lan guztietan gertatzen da», berretsi du Alexek, bizimodua asko aldatu dela gogoratuz. «Gazteek gehiago ikasten dute, arlo desberdin gehiagoren artean aukera dezakete. Garai batean ez, garai batean oinarrizko ikasketak amaitutakoan kuadrilla ia osoak itsasora joaten ziren. Zer esanik ez gure aitonen garaian, 13-14 urterekin jada itsasoan lanean aritzen ziren. Aldiz, orain, bai gure gurasoek guri bai guk gure seme-alabei gomendatzen diegu ahalik eta bizitza erosoena edukitzeko. Zortzi ordu lan egin, denbora librea eduki, mendira joan, oporretara... Eta itsasoko lana badakigu askoz lotuagoa dela».
Azken ideia horri heldu dio Amaia Basterretxeak ere. «Gaur egun gero eta kontzientzia gehiago dago familia kontziliazioari dagokionez. Garai bateko familia eredua eta gaur egungoa ez dira berdinak. Familia edukiz gero, gaur egun denok gozatu nahi dugu umeez. Edo bestela ere, bizitza soziala asko aldatu da. Eta itsasoko lan baldintzek ez dute asko laguntzen horretan».
Egoera horren aurrean, ahal den heinean lan baldintzak hobetzeko saiakera egin beharko litzatekeela uste dute. «Itsasoko lana gogorra da, gazte gutxik nahi dute lan hori. Orduan, pizgarri batzuk jarri beharko dituzu, soldatak ere agian igo beharko dira», proposatu du Alexek. «Zerbait egin behar da, zeren gero denok nahi dugu Getariara joan eta arrain freskoa jan. Baina nondik ekarri behar duzu arrain hori? Erraza da lehorretik esatea. Horregatik, baldintzak zaindu behar dira. Agian diru apur bat gutxiago irabazi eta bizi baldintzak hobetu? Zaila da, faktore asko daude tartean», iritzi dio Amaiak.
Eta, horrekin alderatuta agian bigarren mailako oztopoa den arren, ikasle hauek beste zailtasun bat ere topatzen dute: ontzi batean profesionalki lan egiteko urtebeteko esperientzia akreditatu behar dute. «Zikloa amaitutakoan titulu akademikoa daukazu, baina itsasoan lan egiteko titulu profesionala behar duzu. Hori arrantza departamentuak edo ‘Marina mercante’-k ematen dizu. Horretarako, 12 hilabete egon behar duzu ontziratuta ikasle moduan edo marinel moduan. Praktikak ziklo barruan sartzen dira, hiru hilabete, baina gero beste bederatzi egon beharko zenituzke».
Ontziratze prozesu hori ikasleak berak kudeatu behar du printzipioz, eta beste arlo batzuetan ere ohikoa den paradoxa ematen da: lehen aldiz ontziratzea zaila da armadoreek ez dituztelako esperientziarik gabeko gazteak nahi, baina lehen ontziratze hori ez bada errazten ezinezkoa da esperientzia hartzea.
PROBATZEAK MEREZI DU
Baina dena ez da negatiboa, ez horixe. Itsasoko lanak baditu oso berezia egiten duten ezaugarriak, eta horiek ere kontuan hartzeko eskatzen dute Pasaiatik nahiz Ondarroatik.
«Beti esaten da lan gogorra dela, eta bai, egia da. Baina alderdi oso positiboa ere badauka. Lanbide oso berezia da, oso polita, guztiz desberdina. Eta nire ustez gauza positibo asko ematen ditu, bai profesionalki eta bai pertsonalki. Nire ustez esperientzia oso polita da. Egia da ni merkantzia-ontzietan ibili naizela, arrantzan ez, baina oso mundu berezia da. Beti gomendatzen diet ikasleei probatzeko», nabarmendu digu Ane Aizpuruak.
Iosu Aranberrik ere, arrantzaren ikuspegitik, berezitasun horiek azpimarratzen ditu. «Arrastean desberdina da. Esan liteke ia fabrika bateko lanaren antza duela: ordu jakin batean ‘echada’-k, ‘largada’-k, gero jaso, toki konkretu batzuetan egiten duzu arrantza... Baina baxuran askatasun gehixeago daukazu. Hemendik atera eta Galizian amaitu dezakezu atunetan. Gustatu egin behar zaizu, baina ez da fabrika bateko lana bezalakoa. Egunero arazo desberdinak, egunero egoera desberdinak... Eta gero bizi egiten zara ontzi batean, ez da lana bakarrik. Nire kasuan 24 bat pertsona ginen. Lehen beste giro bat egoten zen. Gaur egun hori ere aldatu egin da, bakoitzak bere ordenagailua dauka, musika, Netflix... Baina bazkaldu denak batera, gosaldu denak batera... Giro bat sortzen da, gehienetan onerako, batzuetan txarrerako ere bai».
Eta profesionalki ere aukera on bat dela gehitu du: «Bizitza atera dezakezu hemen, zuk aukeratu dezakezu lana. Atunontziak kenduta, denek horra joan nahi dutelako, hemen zuk aukeratuko duzu non lan egin. Eta soldatak ere onak dira».
Gainera, Aizpuruak argi utzi nahi du itsasoko lanak ez duela zertan betiko izan. «Jendea animatuko nuke informatzera, probatzera. Eta jakin dezatela behin itsasoan urte batzuk eginda eta esperientzia hori hartuta, beste irtenbide profesional batzuk ere badaudela, ez duzula betiko itsasoan egon behar. Urte batzuk itsasoan pasatuta esperientzia handia hartzen duzu eta lurrean ere lan eskaintzak handitu egiten dira. Esan daiteke itsasoan esperientzia duen jendea oso estimatua izaten dela beste lan askotan. Aukera interesgarriak egon daitezke», dio.
Beren burua jartzen dute adibide moduan, itsasoko lana ezagutu ostean, orain irakaskuntzan dabiltzalako. «Nire aitona, nire aita... denak itsasoan ibilitakoak dira. Eta nik ere betidanik nahi izan dut itsasora joan. Txiki-txikitatik, ‘capitan de la marina mercante’ izan nahi nuela esaten nuen, nahiz eta gero arrantza mundura desbideratu nintzen», oroitu du Alexek. «Aitak beti esaten zidan, ‘itsasoa oso gogorra da’. Baina nik horixe nahi nuen, horixe ikasi nuen eta horretan eman nituen urte batzuk. Eta orain hemen nago, irakasle bezala gozatzen. Nik ikasitakoarekin eta nik bizitakoarekin ikasleei laguntzen saiatzen naiz. Eta nire mezua beti hori izaten da: probatu. Nik esateak ez du balio, norberak probatu behar du».
Eta Amaiak ere horixe ikusi du bere inguruan, lan berezia dela. «Ikusten dudana da lehorreratu direnek batez ere familiagatik egin dutela, ez lana gustatzen ez zitzaielako. Are gehiago, jendeari entzuten diozu esaten faltan botatzen duela itsasoko giro hori».
Horregatik, hauxe bere azken mezua: «Probatu eta ez itxi ateak, gero ikusiko duzu nondik jo. Bizitzan aukera desberdinak daude eta ez dakizu nondik nora joan litekeen».