Gorka JULIO

Teknopolitika: askapenaren eta kontrolaren artean

Wikileaksek Internet baliatu zuen espioitza masiboa eta boterearen gehiegikeria salatzeko.
Wikileaksek Internet baliatu zuen espioitza masiboa eta boterearen gehiegikeria salatzeko. (Emanuele CREMASCHI | GETTY IMAGES)

Teknopolitika da teknologia digitalak estrategikoki erabiltzea jarduera politikoan. Arlo horretan, teknologia ez da tresna huts bat, baizik eta antolaketa, parte-hartze, gatazka eta boterea eraldatzen dituen ekinbide bat. Ez da soilik lehendik dauden prozesuak digitalizatzea (adibidez, boto elektronikoa edo sare sozialetako kanpainak), baizik eta botere politiko eta sozialaren logikak zalantzan jarri eta berrasmatzean datza.

Teknopolitikaren bi joera nagusi bereizten dira: bata zentralizatua (goitik beherakoa), non erakundeek teknologia erabiltzen duten kontrola indartzeko (zelatatzearen bidez edo e-administrazioaren bitartez, esaterako); eta bestea deszentralizatua (behetik gorakoa), non herritarrek, gizarte mugimenduek eta aktibista-sareek teknologia baliatzen duten ahalduntzeko, deliberatzeko, koordinatzeko eta egungo ordenari aurre egiteko.

Guiomar Rovira ikerlariak ikuspegi hori osatzen du bi teknopolitika mota bereiziz: bata askatzailea, norberaren burujabetzara eta ekintza kolektibora bideratua; eta bestea determinista, interes korporatiboen edo gizarte-kontrolaren zerbitzura dagoena.

Aipatutako osagaiekin, beraz, bi ardatz irudikatu genitzake teknopolitikaren nondik norakoak definitu nahiko bagenitu: zentralizatua - deszentralizatua eta askatzailea - determinista.
Teknopolitikaren ahalmen askatzailea edo menderatzailea nork, nola eta zertarako erabiltzen duenaren araberakoa da. Enpresa teknologikoak merkatuko lehen postuak hartu eta gure egunerokotasunaren erdigune bihurtu diren garaiotan, etorkizuna teknopolitikaren parametroetan ere jokatzen dela argi dago, beraz.

Estrategiak

Adibide asko, onak eta txarrak daude teknopolitikari buruz hitz egiteko: estatuko agentzien zaintza masiboa, sare sozialen erabilera hauteskundeak manipulatzeko edo polarizazio politikoa areagotzeko, marketin politiko digitala, elite edo interes pribatuen mesedetan. Horiek ere teknopolitika dira, baina hemen teknopolitika askatzaileetan jarriko dugu arreta. Hauek estrategia posible batzuk:

Helburu politikoa duten garapen teknologikoak. Pribatutasuna, gardentasuna eta herritarren parte hartzea sustatzen duten tresna digitalak sortzen dira; askotan software librean eta sistema deszentralizatuetan oinarrituz. Tresna hauen helburua oinarrizko eskubideak bermatzea eta plataforma korporatibo handien mendekotasuna saihestea izaten da.

Ohitura instituzionalak aldatzeko protokoloak. Administrazioen eguneroko jardunak eraldatzeko gida eta lan egiteko moldeak proposatzen dira. Besteak beste, gardentasun proaktiboa, fiskalizazioa eta praktika txarren salatzaileak babestea bezalako praktikak txertatzea dute xede. Helburua barrutik bertatik aldaketa kultural instituzionala bultzatzea da.

Presio tresna gisa erabiltzen diren auzi estrategikoak. Ekintza judizialak baliatzen dira aurrekariak sortzeko, hutsune legalak agerian uzteko edo gehiegikeriak geldiarazteko. Kasu zehatzei aurre egiteaz gain, eztabaida publikoak irekitzea eta arau esparrua aldatzea dute helburu.

Legegintzako eragina eta araudi aldaketak. Proposamen juridikoen bidez eta eragile instituzionalekin elkarlanean, eskubide digitalak babesteko lege aldaketak sustatzen dira. Pribatutasuna, adierazpen askatasuna eta informaziorako sarbidea bezalako arloetan dihardute bereziki.

Adibideak

Hauek estrategia batzuk soilik dira, baina ekintza teknopolitikoak izan diren beste asko ere badaude, hemen adibide esanguratsuetako batzuk:

Mexikoko zapatismoa. 1990eko hamarkadan, Internet baliatu zuen Mexikoko EZLN mugimenduak nazioarteko elkartasun sarea sortzeko, ohiko komunikabideak saihestuta eta bere mezua mundura zabaltzeko bide berriak bilatuz.

Hacktibismoa. Anonymous eta Electronic Disturbance Theater bezalako kolektiboek ekintza digital sinbolikoak egin zituzten —hala nola webguneak blokeatu—, boterearen gehiegikeriak salatzeko eta gizarte-arazoak agerian jartzeko.

#YoSoy132, Occupy, Gezi Park, Txaleko Horiak, 15M eta mugimendu feminista globala. Mugimendu horiek guztiek tresna digitalak erabili dituzte deialdiak egiteko, eztabaidatzeko eta mezuak zabaltzeko. Errealitate digitala eta presentziala uztartuta, parte-hartze kolektiboaren forma berriak sortu dituzte.

Indymedia mugimendua. 1999an sortu zen Independent Media Center (Indymedia), Seattleko Munduko Merkataritza Erakundearen aurkako protesten testuinguruan. Komunikabide independenteen sare globala izan zen, parte-hartze irekian oinarritua, eta informazioa ekoizteko eta zabaltzeko botere mediatikoari aurre egiteko tresna gisa erabili zen.

Grebaorokorra.info. 2012ko EHko greba orokorraren harira sortu zen euskarazko plataforma digital hau. Informazio librea hedatzeko, koordinatzeko eta mobilizaziorako tresna gisa funtzionatu zuen, sindikatuen eta herritarren arteko lotura eta parte-hartze digitala sustatuz.

Wikileaks eta Edward Snowden. Wikileaks plataformak eta Edward Snowderek AEBetako gobernuaren eta aliatuen jarduera ezkutuen berri eman zuten, dokumentuak filtratuta. Internet baliatu zuten espioitza masiboaren eta boterearen gehiegikerien berri emateko, gardentasuna eta kontrol demokratikoa aldarrikatuz.

EFF, La Quadrature du Net eta Xnet. Sarearen askatasuna eta pribatutasuna defendatzen dituzte EFFk (Electronic Frontier Foundation), La Quadrature du Net-ek eta Xnet-ek. Herritarren eskubide digitalen alde jarduten dute, legedi murriztaileen aurka eginez eta tresna digitalen erabilera arduratsua sustatuz.

CoopCycle eta Decidim, bi adibide hauek software garapen teknopolitikoaren bi adibide dira. Coopcycle banaketa-lanak kooperatiben bidez antolatzeko plataforma da, eta lanaren eta datuen kontrola banatzaileen esku uzten du, Glovo bezalako enpresen inposaketari aurre eginez. Decidim, berriz, parte-hartze politikorako software librea da, herritarrek erabaki-prozesuetan modu garden eta autonomoan parte har dezaten aukera emanez.

(GETTY IMAGES)

Teknologiaren ulerkeraren garrantzi politikoa

Yasnaya Elena Aguilar Gilek ohartarazten digu gaur egun teknologiaren ulermena kapitalismoaren logikak bahituta duela. Haren esanetan, ez da teknologia oro kapitalista izan beti, baina egun hala da: berrikuntza eta sormen teknologikoa kapitalismoak bereganatu ditu, eta natura, merkantzia bihurtuz, metaketaren zerbitzura jarri da, produktuak salgai bilakatzeko. Horren ondorioz, ezagutza metatuz sortutako tresna teknologiko horiek erabiltzeko ordaindu beharra dugu, software pribatiboarekin gertatzen den bezala.

Horren aurrean, tequiologia kontzeptua proposatzen du. Tequio-an oinarritzen dena, Mexikoko jatorrizko komunitateetan ohikoa den lan kolektibo eta solidarioan —auzolanaren parekoa—. Ikuspegi horrek mendebaldeko ikusmoldea gainditzen du, hots, teknologia kontsumorako merkantzia gisa ulertzen duen jarrera, eta, horren ordez, komunitate-loturak eta autonomia indartzen dituzten teknologietan jartzen du arreta, ongizate komuna onura indibidualaren gainetik lehenetsiz.

Ikuspegi hori lotu daiteke Yuk Hui filosofoaren kosmoteknia kontzeptuarekin ere. Haren arabera, kultura bakoitzak bere teknologia propioak garatzen ditu bere kosmobisio eta balioetan oinarrituta. Hortaz, teknologiak ez dira unibertsalak ezta neutroak ere, baizik eta komunitateek eta haien inguruneek dituzten harreman espezifikoak islatzen dituzte.

Teknologiarekiko bi ikuspegi ezohiko horiek aditzera ematen digute teknologiaren beraren ulerkera ere teknopolitika egiteko garaian kontuan hartu beharko genukeela.

 

NONDIK HASI TEKNOPOLITIKA LANTZEN ANTOLAKUNDE BATEAN?

Teknopolitikari lotutako gaiak edozein erakundeetan txertatzeko bideak diseina daitezke. Diagnostiko batekin hastea litzateke egokiena, baina hori ez da nahikoa izaten.

Lehenik eta behin, aztertu zure antolakundea eta haren ekosistema zeharkatzen dituzten tentsio politiko, sozial eta kulturalak eta horietan guztietan teknologiaren papera. Zein dira parte-hartze demokratikoaren oztopoak? Zein teknologia erabiltzen dira jada? Nola erabiltzen dira? Zein askatasun/kontrol maila ematen digute? Jakintza teknikoa barneratua dugu erakundean? Zeinek ditu gai hauen inguruko ardura? Ardura hori partekatua da?

Bigarrenik, zehaztu helburua: barne-prozesuak hobetu nahi dituzue (parte-hartze bidezko erabakiak, adibidez), kanpoan eragin nahi duzue (kanpainak, mobilizazioa), ala elkarlan edo babes-sareak sortu?

Hirugarrenik, software librea eta teknologia irekiak erabiltzen hasi. Ez da soilik kontu teknikoa, politikoa ere bada: autonomia teknologikoa eskaintzen du, auditatzeko aukera eta plataformekiko mendekotasuna saihestuz. Adibideak: Mastodon, Nextcloud, Jitsi, besteak beste.

Laugarrenik, aurrez aurrekoa eta digitala uztartzeko egiturak sortu. Erabili foro, kanal ireki, batzar birtualak. Sustatu “kode irekiko” kultura antolakuntzan: dokumentu publikoak, erabaki kolektiboak, metodologia partekatuak.

Bosgarrenik, kultura digital kritikoan trebatu. Prestatu jendea segurtasun digitalean, hacker etiketan, autokudeaketa teknologikoan eta sareen erabilera estrategikoan. Teknopolitika ez da inprobisatzen: praktikaz, kontzientziaz eta disziplinaz eraikitzen da.

Azkenik, ebaluazioa egin behar da. Emaitzak ez dira soilik datu teknikoetan neurtzen (erabiltzaile kopurua, bisitak), baizik eta ahalduntzean, eztabaida kolektiboan, justizia sozialean eta botere-harremanen eraldaketan.