Eskua altxatu eta esan, lasai
Duela aste pare bat EKHEko (Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea) akziodunen batzarra egin genuen Euskalduna jauregian. Oro har, dena bikain joan zen. Urte ona edo gogorra izan, bilera honetara jende jator eta fidela dator beti. Aurten Kontseiluko kide guztiak bertaratu ziren, kontuak onartu ziren, ekarpenak jaso genituen eta azalpenak eman genituen. Dena zuzen.
Hala ere, ekitaldia amaitu ondoren, bertaratuetako bat antolakuntzako kide bati zuzendu zitzaion eta Kepa Anabitarte ez genuela gogoan izan gogoratu zigun. EKHEko lehen lehendakaria izan zen Kepa eta joan den apirilean hil zen. Kale horrek min eman zion. Esan, eta alde egin zuen.
Komentarioak goibeldu gintuen, hanka-sartzea izan zelako eta gure komunitateko norbait gaizki sentitu zelako. Guretzat Kepa oso pertsona garrantzitsua izan da, beti esan dugu, baita berari eta bere familiari ere. Gure komunikabideak argitaratzeak jazarpena eta espetxe-mehatxua zekartzan garaian, berak konpromiso hori hartu zuen, eta independentziaz lan egiten utzi zigun. Ahaztu izanak aho-zapore txarra utzi zigun. Balio dezala idatzi honek akatsa zuzentzeko eta bere figura aldarrikatzeko.
Pasarte horretaz oroitu naiz, aste honetan unibertsitatean sartzeko selektibitate proban, euskara azterketan, ikasleek Amagoia Mujika GAUR8ko zuzendariaren artikulu bat aztertu behar izan dutelako. Irakasle batzuek esan digutenez, lehen aldia da gure hedabideetako testu bat horrelako proba baterako erabiltzen dutena, eta ilusio handia egin digu.
Amagoiaren artikuluak, «Ondo haserretzearen artea», haserretzea zein erraza den eta neurrian haserretzea zein zaila den azaltzen du. Erretxinduta egoteko joerak herri hobea eraikitzeko eragiten dizkigun oztopoak azaltzen ditu, euskara jatorrean.
Bilboko batzarrera itzuliz, gure akatsaren berri eman zigutenean, lagun batek zera esan zuen:
- Zorionekoak garela pentsatu behar dugu, jendeak gauzak esaten dizkigulako.
- Egia da, baina eskua altxatu eta hitz egiteko txandan esan izan balu, barkamena eskatu ahal izango genukeen eta, noski, Kepak eman zigun guztia eta galera nola sentitu genuen gogoratu ahal izango genukeen- erantzun nion.
- Hori horrela bada ere, ez dugu ahaztu behar pribilegiatuak garela gure jendeak gure akatsak gizalegez adierazten badizkigu - nabarmendu zuen lagunak.
Ados nago berarekin, kritika horiek gabe ezin baitugu hobetu. Hala ere, uste dut anbizio handiagoa izan beharko genukeela, eta kritikak modu eraikitzaileagoan kudeatzeko gai izan beharko genukeela.
Nire ustez, gure jendartean sarritan izaten dugu gatazkak saihesteko formula arraro bat (jendaurrean zerbait negatiboa esan gabe utzita, adibidez); baina, aldi berean, kritikara jo beharrean, errazegi jotzen dugu gaitzespenera (fede txarrik ez dagoenean, adibidez); eta, horrela, gatazkari iskin egiteko hasi zena, irauten duen eta toxikoa den laido gisa finkatzen da.
Jendeak eskua altxatuko duen herrian bizi nahi dut, non kritikak ondo jasoko diren, azalpenak zuzen emango diren, eztabaida eraikitzailea eta erabakitzailea izango den. Bakezaletasuna ez da nire habitat naturala, arduragabekeriak gogaitzen nau eta gauzak serio hartu behar direla uste dut, baina ez diot uko egiten aniztasuna hobeto, lasaiago eta zintzoago kudeatzeari, erabakigarria iruditzen baitzait emantzipazio sozial eta politikoan aurrera egiteko. Selektibitateko froga balitz, ez dakit gaindituko ote genukeen. •