GAUR8

Gaurko egunez duela sei urte hil zen Rufino Iraola idazle, kazetari eta bertsozalea

2019ko ekainaren 18an zendu zen Rufino Iraola Garmendia idazle, kazetari eta bertsozalea Zaldibian, bere jaioterrian. Maisu ikasketak egin zituen arren, zenbait lantegitan aritu zen, doitzaile nahiz bulegari lanetan. 1980ko hamarkadan euskara irakasle bezala lan egin zuen, bai eta idazle moduan ere.

Rufino Iraola 2006ko Euskararen Egunean.
Rufino Iraola 2006ko Euskararen Egunean. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Gaur sei urte hil zen Rufino Iraola Garmendia idazle, kazetari eta bertsozale zaldibiarra, 73 urte zituela. Gipuzkoako hainbat eskolatan euskarako irakasle eta zuzendari izan zen, bertsoei buruzko iruzkinak egin zituen Euskal Herriko hainbat egunkari eta aldizkarietan, eta bere blog pertsonalean bilduta daude.

Maisu ikasketak egin zituen gaztetan eta, ondoren, zenbait enpresa industrialetan egin zuen lan, batzuetan doitzaile bezala eta beste batzuetan bulegoan. 1983tik aurrera euskara irakasle aritu zen Urretxun, Zarautzen eta Lasarte-Orian. Azken horretan, zuzendari ere bai.

Bertsoei buruzko iruzkinak egiteaz gain eta bertso jarriekin irabazitako zenbait sariekin batera, epaimahaikide lanetan ere aritu zen hainbat txapelketatan, 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketak tartean.

Literaturaren arloan 1994an hasi zen, Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean, ‘Dena dago zatitxo baten baitan’ ipuinarekin. 2001ean ‘Hire magalean’ argitaratu zuen. Gainera, Franz Kafkaren ‘Metamorfosia’ lanaren itzulpena egin zuen Iraolak. Bertsolaritzari buruz, ‘Artxanberriren ziriak’, ‘Patxi Errotaren ugaritasuna’, ‘Jainkoaren ateraldiak’ liburua argitaratu zituen, besteak beste.