Ikuskaritza kulturala
«Not everything that is countable counts, and not everything that counts is countable» (Albert Einstein).
Berriki argitaratu dute Chris Shore eta Susan Wright-ek “Audit Culture. How Numbers are Reshaping the World (2024)” liburua. Bertan, Audit Culture edo ikuskaritza kulturari erreparatzen diote. Ikuskaritza kultura finantzen eremutik datorren ideia eta tresna multzoa da. Enpresa baten, instituzio publiko baten edo lurralde baten osasuna ezagutu nahi badugu, lehenik, aztertu egin behar dugu. Finantza eremuan, azterketak zenbakiak ditu ardatz; diru sarrerak, gastuak, zorpetze gaitasuna, ondarea… Gehiketak eta kenketak. Bestela esanda, enpresa, instituzio edo lurralde baten osasun finantzarioa zenbakien bidez neurtzen dugu.
Zenbakien bidez neurtzeak baditu bere bertuteak. Ikuskaritza kulturak prozedurak estandarizatzeko aukera ematen du eta estandarizazioak konparazioa ahalbidetzen du. Baina bere irismena asko hedatu da azken hamarkadetan. Bistan da, enpresa baten osasun finantzarioa neurtzea bezain inportantea da karbono-dioxido isuriak, ur kontsumoa edo hondakinen kudeaketa neurtzea. Azken hauek zenbakietara ekartzea finantzarioak ez diren inpaktuak (soziala, ingurumenekoa) balioan hartzeko modu bat da. Finantzen pare jartzen ditu eta kontu-hartzea ahalbidetzen duen gardentasun ariketa da. Betekizun legala izateaz gain.
Baina albo kalteak ere baditu. Liburuan, egileek ikuskaritza efektuei erreparatzen diete. Bost desberdintzen dituzte: “domaining”, “classificatory”, “individualizing and totalizing”, “governance” eta “perverse”. Adibidez, aztertzen dute nola neurketa tresnen hedapenaren bidez (finantzetatik hezkuntzara, ongizatera, jasangarritasunera…) ikuskaritza kulturaren irismena ere zabaltzen ari den, eta honek dituen efektu perbertsoak nabarmentzen dituzte. Arazoa ez da neurtzea, edo neurketa egiteko zenbakietan oinarritzea. Arazoa da zenbakiak balioan hartzen dituen kulturak baliogabe uzten duela zenbakiz neurgarria ez dena.
Bi adibide, goi mailako hezkuntzaren kasuari lotuak.
Duela gutxi partekatu zuen sareetan Raul Tabares Tecnaliako ikerlariak Margaret Heffermanek “Transforming Society” aldizkarian argitaraturiko artikulu bat. Bertan adimen artifizialaren hedapena aztertzen du diziplina artistiko eta humanistikoen domeinuan (gai honetan interesik izanez gero, gomendagarria Ainara LeGardonen lana jarraitzea). Adimen artifizialaren ikerketak askotariko iturriak baliatzen ditu, tartean arte lanak. Artistak kexu dira. Haien lanen jabetza aldarrikatzen dute, copyright-a. Baina kexuak baztertzeko joera azpimarratzen du Heffermanek: berrikuntza gaitasunari mugak jartzea da eta oinarrian artistak bere obrarekin duen atxikimendu emozionala baino ez dago. Eta ondorioztatzen du: “This is what happens when you cut arts and humanities out of the education system”. Finean, posible da obra artistikoa atxikimendu emozionalik gabe?
Scott Carlson-ek ikuskatzearen kulturaren hedapenak jakintza domeinuen baitan dituen eraginak aztertu zituen, “The edge” aldizkarian argitaraturiko artikulu batean. Adibidetzat hartzen du diziplina zientifiko-teknologikoen digitalizazioa eta honek diziplinen transmisioan duen eragina. Ofiziotik urruntzeak, artisautzan edo ingeniaritzaren artean, diziplinaren irismena mugatzen du. Besteak beste, pertsona eta makinaren arteko harremanean ardazteko joera nagusitzen baita, ez pertsonen arteko harremanean. Joera honekin lotzen du, diziplina zientifiko-teknologikoen domeinuan, jakintza artistiko eta humanistikoen lanketa baztertzea, goi mailako hezkuntzan. Eta ohartarazi: “When we discover we have a shortage of people who have the knowledge to fix our schools, our government, and our society, we’ll have a truly daunting skills gap”. •