Hemendik aurrera gari

Su itzali berriaren usaina sartzen da leihotik, hau idazten ari naizen bitartean. Desordutan nabil, nahiz eta urteko gaurik motzenean ordu guztiak izan ederrak. Mistizismotik hurbilen kokatzen nauen urte garaia da udako solstizioarena, erritu horietan eta erritu horiez bustitzeko behar handiena sentitzen dudan aroa.

«Agur, egun zoragarria». Horrela agurtzen dugu ekainaren 24a, Tolosan, bezperako gauean eta eguna amaitzen denean. Eta, hitz horiek diotenari kasu eginez, halaxe bizi izan dut beti egun hori.

Txikitan, bordon dantzariei eta eskopetariei jarraika, folklorez lepo; eskerrik asko, aita eta ama. Gaztetxotan, txilibitua joz edo eskopetariz desfilatzen. Geroxeago, bordon dantzariz lehenengoz eta bigarrengoz eta ezdakitzenbagarrengoz, barrua lehertzear. Ama izan ondoren, dantzan berriro, nire gorputz eta izate eraldatu hori lehengo lekura bueltatu zelako hunkituta.

Hori dute errituek, usadioek: intentsitate izugarria hedatzen dute beraien inguru hurbilean, ohitura horiek gorpuzten dituztenengan. Baina, pixka bat harago daudenek akaso ez dute usaindu ere egiten tradizio horren su itzali berriaren kerik. Ez dakite surik badenik ere.

Baina, sua, bada. Hau idazten ari naizen bitartean leihotik sartzen da Tolosako baserrietako su itzali berrien ke usaina, desordutan. Usain horrek narama nire oroitzapen gozoenetako batzuetara, San Joan goizeko egunsentian, dantzako lagunekin ihintzaz bustitako lizarra mozten, Urkizun edo Montezkuen edo Belauntzan, asmatu nahian mendiari dariona behe lainoa edo bezperako suaren ke arrastoa, bietako zer ote den. Su itzali berri horien ke usain horrek narama urtero berritzen den ororen soka magikora; ur-berritzen diren ohitura horien guztien zentzura. Tradizioak gorpuzteko, bizitzeko eta sentitzeko grina horretara.

Su itzali berrien ke usainak narama fosilak ahaztera eta ohiturak pertsonaz, belaunaldiz eta garai bakoitzari dagozkion ezaugarriz betetzeko gogora. Su berriak pizteko aukerak sortzera. Aurten, lehenengoz, jantzi berarekin dantzatu dugu guztiok Tolosako Bordon dantza, genero-markarik gabe. Su txiki hori bada nahikoa aitzakia, ekainaren 24 goizaldean desordutan hasitako testu hau ekainaren 28ko aldarrikapenetara ekartzeko. Agur, egun zoragarria. •