Erika Lagoma
Bertsolaria

Hezkuntza sailburuari

Argia”-ren 2922. alearekin batera banatu den “Larrun” pentsamendu aldizkarian ageri da Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari egindako arnasa luzeko elkarrizketa. Matazak hari mutur bat baino gehiago du. Erantzunetan, tonuak eman dit arreta; ez dago zalantzarako tarterik.

Zalantzarik gabeko iraultza kosta egiten zait niri ere, are gehiago hezkuntza bezalako esparru batean, etengabe mugimenduan dagoen pertsonon garapen konplexua, poliedrikoa zaindu behar dugunean.

Gai andana ukitzen da, interesgarriak zinez, baina etxe aunitzetako txakurra gose izaten denez, atari bakarrean egingo dut zaunka.

Jakina da Euskal Autonomia Erkidegoan, eskolaren esparruan, mugikorren erabileraren erregulazioa ikastetxeen esku utzi dela, Hezkuntza Sailak ez duela dekretu orokor bat diseinatu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzeko. Bestalde, Altxa Burua mugimenduan 200 bat talde daude saretuta: 84 Gipuzkoan, 44 Bizkaian eta 54 Araban. Mugimendua sendotzen eta zabaltzen ari da egunez egun, herririk herri.

 

• M.G. kazetaria: … Mugikorrak ikasleengan duen inpaktuaz kexu dira gurasoak, zuk esana da: «Ez dago erabilera horrek duen eraginari buruzko ebidentzia argirik».

• B.P. : Nik esan dut baina da adituek esaten dutena.

• M.G.: Baina aditu askok ere badio mugikorrak arretan, menpekotasunean… eragina duela…

• B.P. : Ez dago ebidentzia zientifikorik adierazten duenik hori dela arrazoia, aldagai asko dago tartean.

Guraso aunitzek egin dute zalantza. Triilioika dolar mugitzen dituen olatu erraldoiak irentsi ez zitzan, pentsatzeko tartea hartu dute, irakurtzeko, solastatzeko, elkarrekin ikasteko eta bidea egiteko. Kontziente dira mugikorrak haien azalean sortzen duenaz, eta badituzte begiak eta belarriak gailuek haur eta gazteengan duten eraginaz jabetzeko. Egunerokoaren ebidentziak dira hauek. Arretaren ekonomia erabiltzaileak ahalik eta denbora gehien pantailari konektatuta mantentzean oinarritzen da, datu pertsonalak bildu eta merkaturatzeko, eta horretarako, Teknologia-enpresek teknika psikologiko aurreratuak erabiltzen dituzte.

Pediatra eta medikuen elkargoek zalantzarik uzten ez duten gomendioak plazaratu dituzte. UNESCOren 2023ko “Teknologia Hezkuntzan” txostenak ere ondorioztatzen du eskoletan mugikor adimendunen erabilerak ondorio negatibo argiak izan ditzakeela errendimendu akademikoan, arretan eta kontzentrazioan, ikaskuntzan eta informazio prozesamenduan, oroimenean eta pertsona arteko komunikazio gaitasunetan. Teknologia enpresek ere aitortzen dituzte eragin negatiboak haien barne informeetan, adibidetzat 2021eko “Facebook files” txostena.

Alor honetan aditua den pertsona bati dei egitea nahikoa izan dut erreferentzia zerrenda luze bat eskuratzeko. Zalantza egiteko beste ebidentzia zientifiko. Hezkuntza Sailburuaren aholkulariek izango dute nik baino ahal handiagoa.

Amalakanti eta best., (2024); Amez eta best., (2021); Chaerani eta best., (2024); Chiang eta best., (2019); Devina eta best., (2024) ; Feng, L., Lindner, A., Ji, X. R. and Joshi, R. M. (2019); Han, (2022); Khasanah eta Daulay, (2022); Lee, A. L. A., Wah, L. L., Low, H. M. and Chen, O. S. (2022); Lim, (2018); Marty-Dugas eta best., (2017); McCarroll, H. and Fletcher, T. (2017); Merkaš eta best., (2024): Mueller, P. A. and Oppenheimer, D. M. (2014); Petrucco, (2021); Rønningsbakk, L. (2022); Sánchez Ceballos eta Cardona Castillo, (2022); Schwaiger eta Tahir, (2022); Seno, (2020); Shams, L. and Seitz, A.R. (2008); Simsek, (2023) •