Nerea Godoy
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

Tximeleta adoretsu

Udan ere, hezi gaitezen besarkaden babesean.
Udan ere, hezi gaitezen besarkaden babesean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ikasturtea amaitu eta badatoz udako oporrak, bagoaz oporretara. Udalekuak, hondartza, eguzkia ezkutatu arte kalean jolastea, izozki eta litxarreriak jatea, herriko jaiak… guzti hori lagunekin, lagun berriak egiteko aukera bada ere. Baina, nola egiten dira lagunak? Nola hurbildu ezezagunengana? Konfiantza ezinbesteko osagaia da harremanetan, norbere buruarengandik hasita. Eskola, zoritxarrez, ez da denona eta denontzat, mundua bezala. Horretan ari gara, baina gabiltzan bitartean, lagunik ez duten haur eta nerabeak ere oporretara joan dira.

Segurtasuna. Ikasturtean zehar askotan gaixotu izan da, maiz, ageriko sintomarik gabe. Gorputz heziketako toaila lehor ekarri du, gaur ere ez da eskolan dutxatu. Jolasorduetan komunetan ezkutatuta gelditu da edo irakasleari gelan geratzeko baimena eskatu dio. Eskolatik etxerako bidea korrika egin du eta atariko atea zabaldu orduko, arnasestua eten, hasperen egin eta negar zotinka hasi da. Erasorik gabeko guneak eraikitzeaz ari garenean, ez gara jai-guneez edo kaleez ari, horiez ere ari gara. Gure segurtasuna zalantzan dagoenean, gure konfiantza jokoan dago. Geure buruarekiko zalantza: arraroa naiz, ez naiz jatorra, inork ez du nirekin egon nahi, txiki eta ikusezin sentitzen naiz. Eta, halaber, ezagutzen ez dugun guzti horrekiko mesfidantza: pertsona hau nirekin jatorra izan da, baina ziur traizionatu egingo nauela. Autobusean zihoan taldetxo hori niri begira geratu da, nire kontura barrez ariko dira orain.

Noren teilatuan dago pilota? Eskolan gure bizitzako 14 urte igarotzen ditugu bataz beste. Bertan ikasten dugu, batik bat, gure buruarekin eta ondorioz, gure inguruarekin harremantzen. Eta ekuazio konplexu honetan hainbat rol dago: jazarlea, morroia, ikuslea eta zapaldua. Lau hauen artean, zein aukeratuko zenuke? Eta nork du guzti hau saihestearen ardura? Eskolak? Familiek? Gizartearen isla ikusten dugunean, ez da beti pozgarria. Pilota teilatuz teilatu dabil, baina azkenean zamarik handiena jazarpena jasotzen duen pertsonaren sorbalden gainean jartzen da. Eskolan hasitakoa ez baita han bukatzen, erlazionatzeko modua baldintzatu egiten du, erruz eta bere buruarekiko mespretxuz eta gorrotoz betetako motxila astun bihurturik. Inork adorez jokatu beharrik izan ez dezan, babes, konfiantza eta segurtasunean oinarritutako harremanetan heztea dagokigu. Guri, denoi. Izan guraso, irakasle edo ikasle. Izan ere, guri dagokigun arte ez baitugu hitzetatik ekintzetara egiten. Tratu ona zer den ez badakigu, ezingo dugu hori eskatu, ezta mugak jarri ere.

Babesleku. EZ esaten diegu hitzezko, ez-hitzezko zein indarrezko erasoei, ez nirekiko ez inorekiko ere. Edozein gorputz, azal-kolore, desgaitasun, hizkera, zaletasun izateagatik, ez dago inor jazartzeko arrazoirik. Mugak jartzen ditugu eta besteenak errespetatu eta hauek uneren batean gainditu ezkero, bihotzez barkamena eskatu, ikasi eta hausnartu. Pentsatu al duzu inoiz zeinen ederra den maite duzun pertsona horren besarkada? Zu ere izan zaitezke pertsona hori beste norbaitentzat, norbaiten babesleku. Eta pertsona horrek zugan aurkituko ditu bakea, konfiantza, segurtasuna, maitasuna eta laguntasuna. Zu maitatuz, maitatuko du pixka bat bada ere bere burua. Zu besarkatuz, munduan duen lekua aldarrikatuko duzue elkarrekin, noizbait berarentzat lekurik ez zuela pentsatu bazuen ere. Beldurraren beldarra, adorez betetako tximeleta bihur dadin, udan ere, hezi gaitezen besarkaden babesean. Izan babesleku, babes izatea baino ekintza adoretsuagorik ez dago eta. •