Liztorrarena

Nerabezaro hasierako uztailak are hormigoizkoago izaten dira fabrika-auzoetan. Asfaltoa garretan egoten da, porlana gori. Jolasean hasi orduko izerdi tantek begiak erretzen dituzte.
Halaxe gertatzen zen gurean behintzat. Azkar egiten genuen alde, auzune exotikoen bila. Guretik hiru-lau kilometrora bazen (eta bada), adibidez, arnasa hartu eta mihian porlan-hautsik sentitzen ez zen bat. Txaletak eta berdeguneak; bide-gorriak eta seriean egindako okindegiak. Eta piszina. Piszina, batez ere. Haraxe joaten ginen, bainujantzia soinean eta motxilak bizkarretik zintzilik, bizikletak hartuta.
Kloro eta eguzkitako krema usainen nahasketarekin akordatzen naiz. Adreilu koloreko baldosekin eta eskailera baten gaineko postutik betaurreko beltzak jantzita uretara begira zegoen bainujantzi gorridun soroslearekin. Piszina askorik ezagutu gabeko porlankumeak ginen gu: motxilak eta kamisetak harrika bota eta zuzenean egingo genuen uretara jauzi, “bonban”. Baina igerilari traketsak izanik, hiru-lau minutuan nekatuko zitzaizkigun besoak, eta, aspertuta, uretatik atera, toalla lurrean pausatu, eta hantxe etzango ginen, elkarrekin tertulian. Halaxe geundela entzun nuen nire inguruan, motor zahar baten gisan puzkerka, hegan. Liztorra. Nik berari heltzerako berak heldu zidan hankatik. Ziztada sentitu nuen, eta aiene bat atera zitzaidan eztarri-zulotik. Barre egin zuten lagunek. Ez zela intsektu bat besterik. Ez negarrik egiteko. Eta, azkura gorabehera, aurki ahaztu nintzen liztorrarekin.
Iluntzean etxera itzuli nintzen arte. Ziztada jada ez baitzen ziztada soila. Azkura zena erremin bilakatua zitzaidan. Hanka aztertzen hasi eta eztenaren arrastoa sumatzen zen, baina bere ingurua sumendi baten gisa zegoen, puztuta, laba zeriola, gorri-gorri. Gauak minak goxatuko zizkidala uste nuen, baina goizean are puztuago eta gorrituago neukan orkatila-buelta. Gurasoengana joan eta azkar bota zidaten sententzia: alergia. Zerbaiten aurrean gorputzak izaten duen erreakzio gehiegizkoa.
Denborak eta ukenduek goxatu zizkidaten ordukoak, baina jada liztorrak ez dira liztor soilak niretzat. Entzute hutsarekin orduko erremina sentitzen dut gorputzean. Eta alergia hari gehiago ere erantsi zaizkio bidean. Gramineoek eragindako azkura jasanezina. Polen eta hauts pinportek dakartzaten doministiku, ikusmen lausotu eta sudur-zulo kolapsatuak. Nire kontua izango zela uste nuen, baina alergiak ugaritzen ari dira gure gorputz kolektiboetan, neurriz kanpoko erreakzioak nonahi: gaueko liskar soilen ondoren gorputz arrazializatuen ehizan abiatzen dira aldrak; errotuladore batekin egindako idazki baten ondoren kargatzen duen polizia.
Uztailak hormigoizkoak dira oraindik fabrika-auzoetan. •