Joan-etorriak

Lo-zakua, mendiko oinetakoak, txamarra, galtza motzak, eguzkitarako krema, bisera, makilak... Zerrenda errepasatu duzu berriz, eta ustez prest duzu oporretarako motxila -aurten ere zerbait bueltan erabili gabe ekarriko duzula pentsatu duzu zeurekiko-. Kaxa batean sartu duzu janaria, ondo ordenatuta hura ere, furgonetaren atzeko aldean tetris-a egiteko ahalik eta txukunen. Bihar abiatuko zara, eta dena ondo bidean, hiru aste barrura arte ez duzu berriro etxerik zapalduko. Orain daramazuna baino gauza gutxiagorekin itzuliko zara, baina baita espazio murritzagoarekin ere; honezkero onartu diozu zeure buruari honakoan beti toki gehiago hartzen dutela trasteek harakoan baino.

Lasai zaude joan-etorrirako, azken urteotako oporraldien antzekoa prestatu duzu-eta. Ordea, izan duzu hurrean hain lasai ibili ez denik: beste herrialde batera lanera edo oporretara zihoazen zenbait laguni harako bidaiak eragin die kezka. Antza, behinola euren izenak “zerrenda beltz” batean idatzi zituzten, eta orduz geroztik ez dira ongi etorriak zenbait herrialdetan. Pentsa, herrialde baten menpeko aire eremuan ere pertsona arriskutsua izan daiteke bat, hegazkin batean lasai joan arren. Bada herrialde hartan lur hartu, sartzen utzi ez, eta bueltan bidali dutenik; eta baita bidaia bertan behera utzi duenik ere, oporretan ere arriskatzea gehitxo dela pentsatuta.

Eta gogoratu zara, itsasoz bestalde, Euskal Herrira itzuli nahi eta ezin duten haiekin ere -haietako batekin bereziki, orain hamaika urte beso-zabalik hartu baitzintuen bere etxean-. Duela hamarkada batzuk, gatazka politikoaren gordinenean, halabeharrez joan behar izan zuten hark eta beste hainbatek, maletan zer eta nola sartu pentsatzeko beta handirik gabe joan ere. Orain, egoera politikoa aski aldatuagatik, itzulerako bidaia da haien buruhaustea; agidanez, haietako batzuen izenak ere zerrenda beltzen batean dituzte.

Badira egunero joanean dabiltzanak ere, gerretatik, goseteetatik eta askotariko zapalkuntzetatik ihesi; hara nonbaitera bizitza hobe baten bila abiatu direnak, noizbait inora iritsiko ote diren jakin gabe. Haietako askoren izenak ez daude zerrenda beltzetan, ez baitira inor mendebaldearen begietara. Baina halakoren batean bukatzea izango da askoren patua; edo, berremigrazioaren garaiotan, handik eta hemendik kanporatuak izatea. Behartuta ihes egindakoak euren herrialdetik, eta behartuta itzularaziak euren herrialdera. Eta zer esan euren herrialdetik ihes egin ezin duten haietaz...

Ez da erraza guztiontzat nahi bezala joatea eta etortzea. Are, ez da gauza bera guztiontzat joatea eta etortzea. Ez ditugu guztiok eskubide berak. Batzuei ez diete uzten joaten; besteak behartuak dira alde egitera; hainbatek ezin du itzuli; eta beste zenbait behartuta itzularazten dute. Askotarikoak dira arrazoiak, ondorioak eta egoerak. Ezin bata bestearekin alderatu, are gutxiago parekatu. Baina argi dago kasu guztietan bestetzuek jarritako mugak eta zapalkuntzak direla ezin horien eragile, indarrez inposatutako mugak eta zapalkuntzak.

Eta zuk, zure oporraldiko joan-etorria uste bezain lasai egitea espero duzu, baita arnasberrituta itzultzea ere, indarrez inposatutako muga eta zapalkuntza horien guztien aurka borrokan jarraitzeko arnasberrituta. •