
Oso gaztea zelarik poesia eta kontakizun batzuk argitaratu zituen arren, hainbat urtez telebista, antzerki eta zine munduan aritu zen Andrea Camilleri, batez ere zuzendari lanetan. Adinean aurreratu samarra zegoela ekin zion berriro idazteari eta ospe eta arrakasta handia lortu zuen, bereziki Montalbano komisarioari buruzko serieko eleberriekin.
1948an, Erromara joan zen, Arte Dramatiko Eskola Nazionalean zuzendaritza ikastaroa egitera. 1953tik aurrera antzerki zuzendaritzari ekin zion eta 1958tik 1988ra RAIn egin zuen lan batez ere, telebista eta irratirako gidoigintzan eta zuzendaritzan. Halaber, eskolak ematen ibili zen Arte Dramatiko Akademia Nazionalean bertan eta Zinematografia Zentro Esperimentalean.
Lan esperientzia horrek eragin nabaria izan zuen bere literaturan, haren eleberrietako narrazio-egoeren eta elkarrizketen antzerki-kutsu handiak eta literatura-materialak lantzeko trebeziak erakusten dutenez.
Maila handiko artisautzarako dohain horiek dira, italiera eta siziliera nahasiz darabilen hizkerarekin batera, haren literaturgintzaren arrakastaren oinarria; gainera, haren lanak ez dira inola ere konpromisorik gabeak, ironiaz argitzen baititu Siziliaren iragan urrun eta hurbileko historiako hainbat gertakari.
2019ko uztailaren 17an hil zen Andrea Camilleri, Erroman, bihotzekoak jota.