Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Iraultza eskuindar bati so

Egunero idatz liteke egunkari oso bat Donald Trumpek egiten duenaz eta bere ondorio politikoez eta, politikaren jonkiontzat, bere horretan interesgarria izango litzateke. Halere, komunikabide onenak ere, baliabide handiak dituztenak, ez dira lortzen ari. Interes eta mehatxuez aparte, litekeena da horrelako ahalegin bat egiteko indar eta publiko nahikorik ere ez egotea.

Erredakzioetan informazioaren tentsio hori kudeatzea zaila da, auzi garrantzitsuak eta anekdotikoa dena bereiztea ez baita erraza. AFPk Trump Administrazioari zuzendutako atal berezia ireki du bezeroontzat. Ipar Amerikako gaurkotasunari buruzko "Politico" edo "The Nation" bezalako komunikabideen newsletterrak irakurtzea asaldagarria da. Gurean, distantzia, eskala eta eragina kalkulatuz, joerei begiratu behar diegula uste dut, ikuspegi orokorra lehenetsiz, txikikeriak baztertuz eta soilik testuinguru zabalago horretan kokatzeko gai garena aztertuz.

Nolanahi ere, datuek kontakizuna hiltzeko gaitasuna dutela gezurra bada ere, kontakizun on bat eraikitzeko iturri onenetako bat datuak direla egia da. Testuinguru horretan, "Trump Action Tracker" orrialdeak atentzioa eman dit. 2025eko urtarriletik, Donald Trump presidentearen bigarren agintaldia hasi zenetik, «AEBetako demokraziarentzat mehatxu izan daitezkeen» Administrazioaren «ekintzak, adierazpenak eta planak dokumentatzen» ari dira.

Christina Pagel matematikari britainiarra da ekimen honen bultzatzailea. Osasun-arreta hobetzeko datuak aztertzen aditua da Pagel. Adibidez, bihotzeko sortzetiko arazoak dituzten jaioberrien heriotza goiztiarren prebentzioan aritu da. Pandemiaren garaian, Britainia Handian, komunitate zientifikoaren ahots baimendua eta kritikoa bihurtu zen.

“Trump Action Tracker” oso orri sinplea da. Bertan AEBetako presidentearen politikak fiskalizatzen dira, demokraziaren aurkako erasoak kategoria eta definizio argien arabera dokumentatuz. Kategoria eta definizio horiek, sailkatu ondoren, grafikoki Venn diagrama batean irudikatzen dituzte.

Orain arte, demokraziaren aurkako mila ekintza baino gehiago dokumentatu dituzte. Bost kategoriatan zerrendatzen dituzte erasoak: erakunde demokratikoak eta zuzenbide-estatua ahultzea, Gobernu federala eta haren bermeak desegitea, disidentzia zapaltzea, zientziari eraso egitea eta ezegonkortze globala sustatzea.

Pagelek eta bere laguntzaileek eraso horien abiadura handitzen ari dela antzeman dute. Trumptarrek zuzenbide-estatuaren aurkako lehen 250 ekintzak egiteko hiru hilabete behar izan bazituzten, 250 berrienak hilabete bakarrean egin dituzte.

Iterazioaren eta abiadura gehitzearen konbinazio hori oso modan dago enpresa-munduan. Egitura handien mesedetan doa, lehiarako zitala da eta pentsamendu estrategikoaren ordez emaitzen kalkuluen segida bat hobesten du. Horrek ez du egin behar ez denik esan nahi, baizik eta ez dela erraza, eta tentuz erabili eta ebaluatu behar dela.

Estrategia horren beste puntu bat agenda itotzea da. Hedabide handienek ere arazoak dituzte bizpahiru gai handi baino gehiago jarraitzeko. Horregatik egin behar da pauso bat atzera, inertziari jarraitu gabe. Pentsamendu estrategikoa lehenetsiko duen kontakizun kongruente bat eraiki behar da, datuek indartuko eta orekatuko dutena, garrantzitsua dena enfokatzen lagunduko duena. Bestela, iraultza eskuindarraren propaganda zabalduko dugu, baita aurka egiten ari garela uste dugunean ere. •