Etxebizitzaren arazoa

Hau etxebizitzaren inguruan idatzitako beste artikulu bat da. Baina irakurtzeari utzi baino lehen, utzidazue esaten: badira gertuko bi aditu liburu bana idatzi dutenak berriki, eta arazoari SOLUZIOA ematen diotenak. Ze, antza, etxebizitzaren arazoak badu aterabide teknikorik. Liburuen izenburuek diote sortu den egoeraren aurrean ekintzak egin daitezkeela eta premiazkoak direla: “El problema de la vivienda. Cómo desactivar la bomba de relojería que amenaza con colapsar España” eta “Etxearen korapiloa nola askatu. Etxebizitza-politika justurako gakoak”. Eta gainera, bi adituak tesi antzerakoarekin dabiltza gure euskal errealitateari begira, eta diote: alokairuko etxebizitza publiko parke bat sortzea funtsezkoa da etxebizitzaren eskubidea bermatzeko. Javier Buron eta Unai Fernandez de Betoño dira liburuen egileak, hurrenez hurren, ibilbide eta lekuratze desberdinak dituzten arren, lehena administrazioan eta bigarrena akademia eta politikan, etxebizitzaren auziari irakurketa antzerako eta osagarria egiten diote, eta bateratze horrek tesiari indarra ematen diola iruditzen zait.
Soluzioa badago, baina bi liburuetan 100 orrialde baino gehiago gastatzen dituzte egin beharrekoak azaltzeko. Fernandez de Betoñok 30 ekintza zenbatzen ditu, eta gehienak elkarrekin eta aldi bertsuan martxan jarri behar omen dira. Helburua, etxebizitzaren merkatuan eragitea, baina arazoak hamaika ertz ditu, finantzaketa, kudeaketa eta etxebizitza-politika bateratu baten beharra, administrazio lokal eta estatalean eraginarekin. Biek azpimarratzen dute denboraren faktorea: etxebizitza publiko parke bat egiteak hamar urte behar ditu gutxienez, eta horregatik epe labur eta luzeko ekimenak behar ditugu, ezin zaio gaur egungo 25 urteko gazte bati esan hamar urtean etxebizitza merkatua beheratua izango dela. Eta inbertsioa ez da merkea eta luzaroan mantendu behar da, bestela ez dugu bere eragina nabarituko. Ausardia eta konbentzimendu argia behar da politikarien aldetik, esandakoaren arabera.
Diotenagatik, hainbeste sinesmen oker eta faltsu daude etxebizitzari lotuak, eta hainbestetan entzuten ditugu kale eta telebistako adituetan, ezen lehenetariko urratsa ulermen finkoak deseraikitzea baita. Gure kultura jabetzari lotua dagoela sinisten dugu, batzuetan ematen du jaiotzeko joera baten antzera ulertua dela. Historiak dio jabegoan bizitzeko ohitura 60ko hamarkadan frankismoak ezarri zuela, ordura arte alokairuan bizitzea ohikoena zelarik. Gainera, alokairu publikoa sozialari loturik daukagu, estigmatizaturik, dirurik ez dutenen bizi-aukera bat delakoan. Bestalde, merkatuaren prezioetan eragiteko etxebizitza publiko kantitate handi batek “berez” orekatuko duela sinetsita gaude. Baina frogaturik daukagu, gurean, ekuazioak ez duela horrela funtzionatzen. Etxebizitza publiko berria konbinatu behar da alokairukoarekin, etxebizitza pribatuak erosi, egokitu eta hutsak merkaturatuz, lurzoruari etxebizitza-erabilera baimenduz eta lagapen edo etxebizitza-erabilera ustiapena eskainiz. Azkenik, etxe-jabegotza(k) duen gizartean, prezioak jaitsi nahi baditugu, kasu askotan gure interesen aurka egingo dugu. •