Orgasmoa
Orgasmoa kafe likorea, amarettoa eta Baileysarekin prestatzen den koktela da, edo Peche-muxika + Kas-limoia, edo, egia esan, bakoitzak nahi duen bezala prestatzen du bere orgasmo-koktela, baina, pentsatuko duzuen moduan, ez naiz etorri hona edariaz hitz egitera…
Orgasmoa edarietan gustagarria izango da askorentzat, baina sexuan helburu gorena da gehienontzat eta agian horrexegatik saiakeran ibilitakoez kontatzen dira hainbeste gezur.
Ez da egia guztiok eta nahi dugunean lortzen dugunik.
Ez da egia, harago, oso kaltegarria izan zen Freudek zabaldutako teoria, besteak beste barneraketa bidez orgasmoa lortzean bilakatzen zela haurra emakume (galde Marie Bonaparteri…).
Ez da egia soilik barneraketarekin bai ala bai lor litekeenik emakume bikotearen orgasmoa (datuek diote %20 ere ez dela; irakur “El Secreto de las mujeres. Claves científicas de la sexualidad femenina”, Elisa Brune, Yves Ferroul). Beste kontu bat da mugimenduan klitoria igurzten bada…
Egia da badela orgasmorik ezagutu gabe hilobiraturik. Gajoa. Gizajoa.
Egia da, alabaina, esanak esan, ipuinak ipuin, zora(e)garria dela: zoramenera zaramatzana, gorputza, oinetatik bururaino, bizkar bihurritutako izerdi gozotan, tximista ziztadek zeharkatuz, dar-dar kontrolaezinean... eta segidan egarria sortzen duena berriro zoratzeko.
Egia da sexuan orgasmoa zerua ukitzea dela. Nork bere zerua.
Egia da bikotearen azal leunean galtzea, bizkar blaitua zubia bailitzan tenkatzea eta gerriaren dantza hipnotikoan horditurik arnasa taupadaren aieneka gero eta biziago begietara begira sentitzea zeruan eldarnio erogarrian hegan egitea dela.
Bada, horiek biak elkar batzea, hori bai, hori gaindiezina da.
Egiarik egiena da bakoitzak bere erara sentitzen dituela orgasmoak, orgasmoetarik bakoitza, eta izan bitez anitzak eta ugariak, ederrak guztiak, baina izan bitez. •