Gaur zortziko Eguna
Komunitate bakoitzak nahi duen egunean ospatzen du bere autonomia. Estatu espainoleko autonomia erkidegoez ari naiz. Otsailaren 28an Andaluziaren Eguna da, 1980ko egun horretan egin baitzuten Erkidegoaren autonomia erreferenduma.
Galiziako Egun Nazionala, Día da Patria Galega, uztailaren 25ean ospatzen da, Jakue Nagusia apostoluaren egunean. 1919an du jatorria, As Irmandades da Fala erakundearen asanbleak, Santiago de Compostelan bilduta, Galiziako Egun Nazionala egun horretan ospatzea erabaki zuenean. Frankismoak debekatu egin zuen, baina Santiago Apostoluaren eguneko festak espainiartasunari lotuta segitu zuen.
Extremaduraren Eguna irailaren 8an izaten da. Urtean zehar data esanguratsu pila zeukan Extremadurak bere komunitatearen izana ospatzeko. Zenbait alderdi politikok, jendarte mugimenduk eta kolektibok martxoaren 25a proposatu zuten, 1936ko nekazarien matxinadaren omenez, eta baten batek urte bereko abuztuaren 14a, armada faxistak Badajozen egin zuen sakaila oroitzeko, baina trantsizioaren adiskidetze espirituarekin bat egitearren, nonbait, baztertu egin zituzten data horiek. Autonomia Estatutuaren onarpena sikiera? Ez, adiskidetze espirituarekin bat etortzeko modurik onena Inperioko Extremaduraren sinboloa aukeratzea zuten: Guadalupeko Ama Birjinaren Eguna, Hispanitatearen Erreginaren eguna; Eliza katolikoak eta PPk nahi zutena, hain zuzen. Extremadurako Alderdi Sozialista bera ez zegoen ados, baina hala erabaki zuen alderdiko presidente Juan Carlos Rodriguez Ibarrak. Haren nagusikeria izan zen, berak halaxe esana, «fue una cacicada mía». Ibarrak 2023an kontatu ez balu, ez genukeen jakingo; beraz, bere balentriaren berri jakin zedin nahi zuen.
Nafarroan, bat ez, bi Nafarroaren egun ospatzen dituzte; hori bai, seguruenik horietako bat ospatzen dutenek ez dute bestea ospatzen. Nafarroaren Eguna ere ez da Foru Hobekuntzaren urteurrenean ospatzen, ezta Guadalupeko Ama Birjinaren egunean ere, Frantzisko Xabierkoaren egunean baizik. 1624tik abenduaren 3an santuaren omenez ospatzen zen jaiari Erkidegoaren autonomiaren ospakizuna gehitu zioten 1985ean. Beste Nafarroaren Eguna apirilaren azken igandean ospatzen da, abenduaren 3koak aintzat hartzen ez duen Nafarroan.
Abenduaren 3a Euskararen Eguna ere bada, eta ez du Foru Hobekuntzarekin zerikusirik, baina bai Frantzisko Xabierkoarekin. Jesulagun misiolariak euskaraz egin omen zituen bere azken hitzak 1552ko abenduaren 3an. Artean ez zen santua, baina pertsonaia ezaguna da aspalditik, ez euskalduna izateagatik, santua izateagatik baizik, santu espainiarra, Eliza katolikoaren begietan portugesa zen arren. Joan den abenduan Joseba Sarrionandiak 7Kn gogorarazi zuenez (edo, niri behinik behin, jakinarazi), aurten 76 urte beteko ditu Euskararen Egunak, 1949an lehen aldiz ospatu eta 1995ean Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Lakuako Gobernuak ofizial egin zutena. 2016an Nafarroako Gobernuak ere data hori ospatzea erabaki zuen, eta zerua ez zen erori.
Zer dela-eta Espainiako Erresumako erkidegoen gaineko kalamatrika hau? Gaur zortzi Euskadiko Eguna edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Eguna da. 2013tik ez da ospatzen, baina 2011 ezkero euskadiarrek urtero-urtero emozioz betetzen zituzten erkidegoko kaleak, PSEk, PPk eta UPyDk (upeizerk?) hala erabakita. Urriaren 25ean, Frantzisko Xabierkoaren beatifikazioaren egunean, baina ez horregatik, Autonomia Estatutua onartu zen eguna delako baizik. •