Miren Azkarate
Kazetaria

Lasaigarria, izatez

Bihotza uzkurtuta eta kezka handiarekin idazten ari naiz lerro hauek. Batzuek izango duzue nire Kubarekiko loturaren eta herri horrekiko sentitzen dudan maitasunaren berri. Horrekin batera, denek jakingo duzue Melissa izeneko urakan bat pasatu berri dela inguru haietatik. Tira, egia esan, lerro hauek idazten ari naizen bitartean oraindik ez du lurra jo, baina hurbilduz doa.

Hortik nire egonezina eta agonia, ordu hauetan hedabideek diotena katastrofe izugarri baten kronika baita; 280km/orduko haizeteak, 750 litro metro karratuko euriteak, eta itsasoaren maila Kubako ekialdean lau metrotara igo daitekeela esaten ari dira. Santiago, Granma, Guantanamo…

Esaten ari diren guztia egikaritzen bada, izugarria izango da. Hotzikarak ditut.

Euriteak egun batzuk lehenago hasi ziren; honezkero uholdeak izaten ari dira inguruan, eta orain arte kaltetutakoaren gainetik pasatuko da urakana. 2025 honetan, dagoeneko 5 kategoria duen hirugarrena da, hau ez delarik gertatu 2005az geroztik. Kontuan izan gizakiak izendatutako kategoriarik altuena dela, badirudi ez dela altuagorik izan, duela 174 urte erregistratzen hasi zirenetik. Eta Melissak badu beste errekor beldurgarri bat: inoizko haize bolada handiena dokumentatu da urakanaren barruan, 387km/ordukoa, alajaina!

Ekaitz tropikal txiki bat izatetik, 18 ordutan urakan bortitzena bihurtu da, eta dagoeneko Haiti eta Dominikar Errepublikatik pasatuta, okerrenaren zain daude Kuban eta batez ere Jamaikan.

Bizitzak nolabait erdigunean jartzen dituen herrialdea izanik, ebakuazioak masiboak izan dira. Baina nire beldurra eta kezka ondorengo egunetan zer gertatuko den da. Behin urakana pasatuta eta kalte material izugarria egin ondoren, janaria, ur edangarria, argindarra, etxebizitza… izango al dituzte kubatarrek?

Melissa lasaigarri moduan erabiltzen den landarea da, baina izen bera duen urakanak erabat kontrako efektua eragingo du. •