Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Bertsoari eta bertsolariari plazak kapritxoz eta intentzioz, Hernanin

Bertso-trama Ezkiagako eskaileretan; Bertso Kebaba Andrekalen; bertso musikatuak Goiz Eguzki parkean; Bertso Bruntxa Kuian. Bertsoa traje desberdinez ari da agertzen Hernanin. Paulo Txikiya bertso-eskolaren taupada dago horren atzean.

Eli Pagola eta Andoni Rekondo, Paulo Txikiya bertso eskolako kideak.
Eli Pagola eta Andoni Rekondo, Paulo Txikiya bertso eskolako kideak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hernaniko Paulo Txikiya bertso-eskolak dinamika berezia jarri du martxan azken urtean. Bertsoari plaza berriak atondu dizkio, ohiko jaialdietatik eta formatuetatik aparte. Bertso-trama Ezkiaga pasealekuko eskaileretan; bertso saioa kebabean; bertso musikatuak Goiz Eguzki parkean; Bertso Bruntxa Kuian... Neurrira prestatutako plazak, horien neurriko bertsolariak eta ordubetetik beherako saioak. Lehena 2024ko abuztuaren hondarrean izan zen Ezkiagako eskaileretan.

«Lehen saioari Udako Saioa deitu genion eta gauza dezente elkartu ziren. Txapelketa prestatzen ari ginen, saioak antolatzeko gogoa genuen, data horietan ez zegoen Hernanin bestelako bertso saiorik...», hasi du azalpena Andoni Rekondok.

«Hernanin jende asko gabiltza bertso-eskolan, badauka egitura bat eta herrian ere badu presentzia bermatua. Bertan jende asko geundela ikusten genuen, kantatzeko gogoz eta plazak etorri zain egon beharrean, plazak guk sortzea erabaki genuen», jarraitu du Eli Pagolak.

Ohiko formatuko saioak eta jaialdiak izaten dira urtean zehar Hernanin eta bertan puntako bertsolariak aditzeko aukera izaten da. Baina bertsoak baditu bestelako trajeak eta plaza handietan tokirik topatzen ez duten bertsolariak aritzeko eta haiek entzuteko saio propioak bultzatu dituzte Paulo Txikiya bertso-eskolatik. «Horrelako saioak antolatzeko giro bat bazegoen herrian. Bertso-eskolan jende dezente batzen gara eta badago gauzak antolatzeko gogoa. Gihar hori badugula baliatu genuen lehen saioak antolatzeko eta, gerora, kapritxoz ari gara saio berezixeagoak prestatzen. Helburua ez da saio bat antolatzea bakarrik; saio jakina, bertsolari zehatzekin eta formatu propioan antolatzea baizik», esan du Rekondok.

Kapritxo horietako bat, saioak antolatzeko irizpideetako bat, normalean hainbeste plaza ez dituzten bertsolariekin akordatzea izan da. Ez da bakarrik bertsolari horiei kantuan aritzeko aukera eskaintzea, herritarrei bertsolari horiek entzuteko aukera ematea ere bada.

Bertso plaza bihurtutako herriko guneak ere kapritxoz aukeratuak izan dira. Adibidez, Ezkiagako eskailerak. «Entzuleak bertso saiora etorri zain egon baino, entzuleak dauden tokira eraman genuen saioa. Eskaileretan egin genuen saioa, Ezkiagan trago bat hartzen ari zena ‘inbaditu’ gabe, gogoa zuena gerturatu zitekeen eta gogorik ez zuenak berean jarrai zezakeen. Baina guk sumatzen genuen bertso-eskolaren barruan sekulako mugimendua genuela, sekulako indarra, eta akaso hori ez zela herrian ikusten. Horregatik erabaki genuen herrira ateratzea bertsoa», azaldu du Rekondok.

Andrekalen dagoen kebabean egin zuten beste saio bat. Ikusmina sortu zuen proposamenak, kebaba eta bertsoa konbinazio bitxia direlako. «Gazte pila batek kebabean afaltzen du, edo bertan hartzen du afaria eta beste toki batera joaten da. Lokala egokia da bertso afari bat egiteko eta horrekin hurbilpen bat egin daiteke. Gerturatu ginen, euskaraz erantzun ziguten, erraztasun guztiak eskaini zizkiguten... zergatik ez Bertso Kebab bat Hernanin? Ez da lehena izan, Durangon ere egin izan dira. Baina bada herriko gazteengana hurreratzeko modu bat eta oso ondo atera zen saioa. Bete egin zen. Bertsoa ez da artea edo kantatzea bakarrik, bertsoa bada herria egiteko tresna bat», gaineratu du Pagolak.

«Bertso Kebab horren bitartez hausnarketa bat ere sortu nahi genuen: nola irakurtzen ditugu toki batzuk? Kebaba bada pasoko toki bat, janari azkarra kontsumitzeko toki bat. Baina, zergatik ez dugu bertsoa kebabera eramango? Zergatik ez dugu egingo beste jatetxe batzuetan egiten duguna?», gaineratu du Rekondok.

OSAGARRIAK, EZ ORDEZKOAK

«Nik uste dut funtsezkoa dela Hernanin badaudela bestelako saio batzuk, gu ez garela ezer ordezkatzen ari, osagarriak direla proposamenak. Hernanin, bertso-eskolaren egituragatik eta herrian dagoen dinamikagatik, posible ikusten genuen beste saio mota bat antolatzea. Horregatik, adibidez, saio gehienak ordubetetik beherakoak izan dira, nahiago genuelako jendea gogoz geratzea eta ez bertsoez aseegi», egin du gogoeta Pagolak.

Oihana Iguaran bertsotan eta Ainhoa Urien gaiak jartzen aritu ziren Kuiako Bertso Bruntxean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Hasierako bultzada fintzen joan dira pixkanaka Paulo Txikiyako kideak. Bertso plaza txiki eta malgu horiek publikoa bazutela ikusita, neurriko plazak eta neurriko bertsolariak lotu dituzte. «Saioaren ezaugarrien arabera aukeratu ditugu bertsolariak, gustuz. Adibidez, kebabeko saiora Asier Azpiroz eta Oihana Arana ekarri genituen. Aurretik elkarrekin kantatu gabeko bertsolariak ziren, a priori oso desberdinak. Oso interesgarria iruditzen zitzaigun ea nola hartuko zuten elkar libreko saio batean eta hain testuinguru berezian. Saio bakoitzari buelta asko eman dizkiogu eta kapritxoz antolatu ditugu, ez genuelako nahi saioa bitxikeria hutsean geratzea. Guretzat eta bertsozalearentzat ekarpena egitea izan da asmoa», esan du Rekondok.

Malgutasun handiko saioak dira Hernanikoak. «Lekuan leku ikusi behar da, ez dakit esaten saio mota hau beste toki batzuetan posible ote den. Guri malgutasun horrek funtzionatu digu eta jendea gerturatu da. Oso formatu desberdinak izan dira, baina denak marko baten barruan», iritzi dio Pagolak. «Nire ustez saio hauek ondo funtzionatu dute herrian badagoelako oinarri bat. Nik uste dut urtean zeharreko bertso saio ‘klasikoak’ beharrezkoak direla; ordu eta erdiko saioak, ohiko bertsozalea erakartzen dutenak... Hernanin saio horiek egoten direnez, aukera dugu bestelako saioekin jolasteko, testuinguru berezietan kokatzeko, normalean jaialdi batera gerturatzen ez dena tentatzeko... baina saio hauek aukera ematen digute jende gaztearengana gerturatzeko eta hori gustatzen zaigu», jarraitu du Rekondok.

Hilabetean behingo konpromisoa hartu dute Paulo Txikiyakoek. Baina konpromiso horrek baino, hilean behin zeozer antolatu beharrak baino, saioen autentikotasunak mugitzen ditu gehiago. Kontua ez da hilabetean behin zerbait antolatzea. Mimoz pentsatzen dute zer egin nahi duten, non, norekin, nola... Gainera, maiztasun hori ere ez da zorrotz-zorrotza. Hitzordu handiagoak daudenean, abenduko bertso-lata adibidez, ez dute bestelako saiorik antolatzen. Lehen esan bezala, osagarriak dira saioak eta ez ordezkoak. Hortaz, azaroan ez da saiorik izango, abenduan bertso-lata dator eta.

TALDEAN ETA EGIN NAHITIK

Taldean eta egin nahitik sortutako saioak dira zirkuitu berezi honetan prestatu dituztenak. Paulo Txikiya bertso-eskola sasoiko dago, taupada bizia dauka. «Pozgarria da ikustea bertso-eskolan saioak antolatzeko gogoa dagoela eta Hernanin gogo horri erantzuteko egitura bat dugula. Nahiko erraza da bertso saio bat zer den ulertaraztea eta horretarako toki aproposak topatzea», esan du Pagolak.

Bertsoa molde bizia da eta anitza, bertsolariak eta bertsozaleak adina. «Guk bertso-eskolan talde mordoa daukagu eta bakoitzak bere modura ulertzen du bertsolaritza. Saio hauen bidez aniztasun hori eta egokitzeko gaitasun hori islatu nahi dugu», iritzi dio Rekondok.

Orain arteko saioak arrakastatsuak izan dira. Ordubetetik beherako saioak izaten dira eta testuinguru berezia izaten dute. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Oraintxe txapelketaren zurrunbiloan harrapatuta daude bertsolari eta bertsozale asko, Bizkaikoa eta Nafarroakoa azken-aurreko pausoan daude. Baina bertsoak hartzen du arnasa txapelketa den burbuila handi horretatik aparte.

«Jende asko dabil bertso-eskoletan. Gero zenbat saio dauden jende horrentzat txapelketatik kanpo? Zaila da neurtzen. Aurrekontuak direnak dira, Musika Eskolakoek ere esango dute agian ez dutela nahi adina kontzertu antolatzeko dirurik. Egia da ez daudela nahi adina erraztasun, baina, hain zuzen, hortik sortzen dira horrelako ekimenak. Goazen gu bertso plazak sortzera. Egia da gure ekimenak hutsuneak ere badituela, badagoela zer hobetu. Garbi dagoena da bertsoaren inguruan lanean jende asko dabilela. Gero ikusi beharko litzateke herririk herri erraza ote den bertso saioak antolatzea, aurrekonturik ote dagoen horretarako....».

Txapelketako talaiatik askotan botatzen du mezua bertsolariak: «Elkar ikusten segituko dugu plazaz plaza». Baina, plaza horiek nolakoak dira? Eta norentzat? «Ez gara hipokritak izango. Antolatzen dabilenak badaki bertsozale gehienek Egaña, Maialen, Amets... entzun nahi dituela. Eta horrek ez du zertan txarra izan. Era berean, bertsolari denentzat ez dago tokirik plazan. Saio hauek antolatzen hasi ginenean, helburua eta intentzioa beste bat direnez, perspektiba zabaltzea erabaki genuen: goazen bertso-eskolan gabiltzanak abesteko saioak antolatzera. Bertso-eskolan errealitate desberdinak dauzkagu. Esaterako, nik eta Elik dezente abesten dugu bertso-eskolako beste kide batzuekin konparatuta. Beste batzuek ez dituzte hainbeste aukera eta horrek frustrazioa sor dezake. Ez da justua segur aski eta, aldi berean, horri buelta emateko eta plazak sortzeko aukera baldin badugu, ba goazen aurrera. Kexatu beharrean, atera gaitezen kalera eta egin dezagun bertsotan», iritzi dio Rekondok.

«Askotan hutsune bat bezala ikusten da, baina bertsolaritzaren dohain handienetakoa da diziplina honetako artista onenak oso eskuragarriak direla. Zure herrian bertan, edo gertu, ia urtero entzun ditzakezu punta-puntako sortzaileak. Hori luxu bat da, beste arte diziplina batzuetan zailagoa da hori. Luxu horretatik abiatuta, beste plaza batzuk sortzeko ariketa egin daiteke», gaineratu du Pagolak.

Plaza, bertsotan egitea, garrantzitsua da bertsolaria motibatuta egoteko. Izan ere, «bertsoa bat-bateko jarduna da, publikoarekin konektatuta ematen da eta garrantzitsua da sentitzea egiten duzun hori norabait iristen dela», jarraitu du Pagolak.

Aurrera begira, 2026an jarraituko du Paulo Txikiya bertso-eskolak saioak kapritxoz antolatzen. Orain artekoa ondo atera denez, aparretan daude bertso-eskolakoak eta okurrentziak botatzeko beldurrik gabe. Okurrentzia horietako batzuk bertso-saio bihurtuko dira, seguru, datozen hilabeteetan.

Abenduan, bertso-lata. Eta gero gerokoak.