GAUR8

EAEko DBH4ko 766 ikaslek parte hartuko dute STEM orientabide jardunaldietan

EAEko DBH4ko 766 ikaslek hartuko dute parte STEM orientabide jardunaldietan, industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egin eta esparru horietan dauden lan aukerak ezagutzeko.

Sektore ezberdinetako profesionalekin hitz egin ahal izango dute ikasleek.
Sektore ezberdinetako profesionalekin hitz egin ahal izango dute ikasleek. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 766 ikaslek aukera izango dute azaroan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egiteko. Era horretara, zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan aukera dauden ezagutu ahal izango dute, STEAM Sare programaren bidez.

Euskal gazteen artean matematika, zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko eta arlo horietako irakaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute STEAM Sarea, gogoratu du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak.

Lakuako Gobernuaren STEAM Estrategiaren testuinguruan egingo dira orientabide profesionaleko jardunaldiak, laugarren urtez jarraian. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira topaketen bultzatzaileak.

Laguntzaileak, berriz, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea, EHU, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar dira.

Helburuak dira DBH4ko ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu-eman zuzenen bidez, eta STEM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean.

Guztira zortzi jardunaldi izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan, azaroaren 10etik 27ra, eta 17 ikastetxek eta STEM lanbideetako 143 profesionalek parte hartuko dute. Topaketak hitzordu azkarren bidez gauzatuko dira, ikasleek aukera izan dezaten lanbide desberdinetako bost profesionalekin hitz egiteko.